Agravitas - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Norman Foster eta Luis María Uriarteren proiektu bat, museoaren eraldatze arkitektonikorako

Eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria Patronatuak 2018ko abenduaren 11n onartutako 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zen.

2019ko otsailaren 11n Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zen hori lortzeko lehen urratsa. Azkenik, uztailaren 23an, lehiaketaren ebazpena iragarri zen: Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako “Agravitas” proiektua izan zen irabazlea.

Epaimahaiak honela laburtu zituen proiektuaren indarguneak bere ebazpenean:

Teknologikoa du itxura; humanistikoa, ikuspegia; eta ekologikoa, iraunkortasuna. Eta, arkitektura kalitatea, sentiberatasun urbanoa eta gizarte erantzukizuna uztartuta, Bilboko bihotz historikoan mugarri argitsu arin bat altxatzea proposatzen du.

Proiektuaren ardatza da 1945eko eraikinak garai bateko protagonismoa berreskuratzea; horretarako, jatorrizko sarrera berrezarriko dute. Gaur egungo instalazioak oinarri harturik, dimentsio berdingabeko espazio bat proiektatu dute, errespetuz kokatuko dena 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean; museoak 2000 metro karratuko galeria berriak izango ditu solairu bakar diafano eta malgu batean.

Esku-hartze berri horren ondorioz, Arriaga plaza izango da Museoaren bizkarrezurra. Museoari goitik emango dio argiak, galeria berria zeharkatzen duen okulutik sartuko baita, eta beheko solairuko kota guztiak bateratuko dira; hala, erraza izango da museoan barrena gauzak topatzea eta orientatzea.

Proposatu dugun esku-hartze horren ezaugarri nabarmenena ildodun pieza bat da, zeinaren bidez eraikinaren liraintasuna azpimarratuko baita, euste-puntu gutxi batzuekin, eta gaur egungo eraikinen arrastotik urrun.

La intervención propuesta se caracteriza por una nueva pieza estriada para potenciar su esbeltez con un reducido número de apoyos que se ubican alejados de la huella de los edificios existentes.

Helburuak

Proiektuaren helburu nagusiei dagokienez, batetik, museoari espazio gehiago eman nahi zaio jarduera garatzeko, bai publikoa bai barnekoa, eta, bestetik, irisgarritasuna hobetu nahi da, dauden arkitekturen eta bertako ingurune naturalaren balioa errespetatuz eta indartuz. Museoaren hedapen fisikoa adierazgarria da: 6.743 m2 berri eraikiko dira (% 60 baino gehiago) eta lehendik zeuden 8.000 m2-ak birmoldatuko dira. Aldi berean, instalazioen jasangarritasuna sustatuko da eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, eta museoari protagonismo berria emango zaio hiriaren arkitekturan.

Bildumarako eta aldi baterako erakusketetarako espazioa handitzea izango da proiektuaren lorpenik handienetako bat. Bildumak 1.635 m2 gehiago izango ditu (egungo espazioak baino % 45 gehiago). Aldi baterako erakusketek, bestalde, BBK-Museoa espazio berria izango dute, handitze-lanetako solairurik altuenean kokatuta. Terraza berriaren ondoko espazio hori 2.200 m2-koa izango da, eta gaur egungo erakusketa-azalera bikoiztuko du.

Beste helburu garrantzitsu bat jarduera publikoetarako espazioari dagokio, % 81 handituko baita. Arriagaren Monumentuko plaza estaliak 1.000 m2 baino gehiago izango ditu, eta hori izango da bisitariak hartzeko eta artatzeko irabazitako gune nagusia. Museoko edozein sarreraren bidez sarbide librekoa den ardatz publiko handi horrek aukera emango du eraikin zaharreko atea irekitzeko, eta fatxada neoklasikoari jatorrizko funtzionaltasuna itzultzeko. Era berean, Arriaga espaziotik zuzenean sartu ahal izango da Arteder dokumentazio- eta ikerketa-zentro berrira. Zentro horrek 500 m2 baino gehiago izango ditu eraikin zaharraren sotoan.

Irabazitako gainerako azalera bulego, zirkulazio, zerbitzu eta instalazioetan banatuko da.

Aurkezpenean, Norman Foster-ek honako hau nabarmendu zuen:

Biziki pozten gaitu iraganeko kultura-ondarea etorkizuneko museoarekin lotuko duen proiektu baten sorrera ospatzeak. Arriaga atariko topagune berritik galeria berri eta zabaletara joango da bisitaria, eta, azkenean, museoaren kokapena ezohikoa ospatzen duen kanpoko terraza ezagutuko du. Luis María Uriarterekin eta museoko taldearekin dugun lankidetza estuaren emaitza errealitate bihurtzear dago. Eskerrak eman nahi dizkiet Bizkaiko ahaldun nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Bilboko Udaleko alkateari eta BBK Banku Fundazioko presidenteari, arteak hiriaren bizitzan duen zeregin eraldatzailean sinesteagatik.

Proiektuaren mugarriak

Eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria Patronatuak 2018ko abenduaren 11n onartutako 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zen. 2019ko otsailaren 11n Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zen hori lortzeko lehen urratsa. Lehiaketaren finantziazioa BBKrena izan zen, Museoaren ohorezko patroia eta aliatu leiala izan baita arestiko historiako une erabakigarrienetan.

Lehen fasean onartutako 57 taldeetatik, epaimahaiak sei finalistak hautatu zituen 2019ko apirilaren 8an; eta, azkenik, uztailaren 23an eman zen ezagutzera Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako Agravitas izeneko proiektuaren alde emandako epaia.

Proiektu irabazlea eta finalistak ikusgai egon ziren Museoko BBK aretoan uztailaren 29tik urriaren 6ra bitartean.

Urte bereko abenduan, Fosterrek proiektuaren idazketaren aurrerapena eta ideia gidaria aurkeztu zituen prentsaurrekoan: 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea, jatorrizko sarrera berriz ezarriz, eta dimentsio bakarreko espazio bat proiektatzea, 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean errespetuz finkatua. Esku-hartzeak, gainera, Arriagaren Monumentuaren plaza bihurtzen du museoaren ardatz egituratzailearen bihotz berri.

2022ko martxoaren 31n, museoak obra egiteko lizitazioa argitaratu zuen Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman –egungo egoeraren ondorioz, berregin egin behar izan zen–. Aurtengo irailaren 9an, Empresa constructora Urbelan S.A.+Altuna y Uria S.A.+ Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion.

Zuinketa egiaztatzeko akta hilaren 8an egin zen, eta beharrezko izapidea obrak egiten hasteko.

2022eko azaroan lehengo harria jartzeko ekitaldia ospatu egin zen.

2024ko urtarrilean V formako lehengo zutabea jarri egin zen.

2024ko urtarrilean V formako lehengo zutabea jarri egin zen. Lehen euskarria V forman jartzea proiektuaren funtsezko mugarria da, handitze-lanen egitura gauzatzeko fasearen hasiera markatzen baitu, eta agerian jartzen baitu bolumen berriaren konfigurazioa sestra-mailaren gainean. Fase honetan, Agravitas bolumena osatzen duen aireko egitura osoa eraikiko da, BBK Museoaren erakusketako eta hezkuntza-jardueren espazio berria barnean izango duena. (Berria irakurri)

Foster + Partners Ltd. + LM Uriarte Arkitektura S.L.P. UTE-a

Norman Foster Foster + Partners estudioaren fundatzailea eta presidente exekutiboa da. Arkitektura, hirigintza eta diseinuko nazioarteko estudioa da, iraunkortasunean errotutakoa. Estudioarenproiektuen artean, nabarmentzekoak dira Berlingo Reichstag eraikina, British Museoko Patio Handia, Bostongo Arte Ederren Museoa, Hong Kong eta Pekingo aireportuak, eta enpresa hauen egoitzak: Hearst (New York), Apple (Cupertino), Bloomberg (Londres), Comcast (Filadelfia) eta Hongkong and Shanghai Bank (Hong Kong). Gaur egun, hainbat ikerketa-proiekturen barruan, Europako Agentzia Espazialarekin eta NASArekin batera, aukerak aztertzen ari dira, Ilargian eta Marten bizitzeko egiturak sortzeko.

Norman Foster Foundation fundazioaren presidentea da; Madrilen du egoitza, eta nazioarteko hedapena du. Fundazioaren xedea diziplina arteko pentsaera eta ikerketa sustatzea da, arkitektoen, diseinatzaileen eta hirigileen belaunaldi berriei etorkizunari aurrea hartzen laguntzeko. 1999an, arkitekturako XXI. Pritzker saria lortu zuen.

1997an, Merituaren Ordena eman zitzaion, eta, 1999an, Elizabeth II.a erreginak biziarteko noblezia-titulua eman zion: Lord (Baroia) Foster of Thames Bank.

Luis María Uriarte. Arkitektoa / Proiektuaren arduraduna. Euskal arkitektoa, sona handikoa, 30 urteko eskarmentua duena. Bere lanak hainbat tokitan erakutsi dira, hala nola Chicagon, Shangain eta Sao Paulon, eta hainbat arkitektura-aldizkaritan argitaratu dituzte (El Croquis, L’Architecture d’Ajourd’hui,…). Arkitekto-lanaz gainera, irakasle gisa dihardu Nafarroako Unibertsitatean eta Amsterdameko Bouwkunst eskolan.

BBK Museoari buruz

BBK Museoa BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren arteko lankidetza-proiektu berria da, eta, 25 urtez elkarrekin aritu ondoren, batez ere museoko BBK Aretoan garatu den jardueraren oinordekoa da. BBKren eta museoaren baterako jardunbidea Norman Foster eta Luis Maria Uriarteren BBK Museoa gune berrian garatuko da, “Agravitas” proiektuaren baitan.

BBK Museoa guneak egungo BBK Aretoaren bikoitza izango den 2.000 metro karratu baino gehiagoko azalera izango du, eta zabalkundearen eremu publikoaren zati nagusia hartuko du; eremu hori egungo arkitekturaren gainean proiektatuko da, eta hirian protagonismo berria emango dio museoari.

Urtean bi erakusketa handi aurkezteko asmoa du, arte-sorkuntzaren bidez eta hezkuntza- eta zabalkunde-jardueren programa handiarekin batera, gure egungo gizarteak dituen erronka handiei buruzko gogoeta sustatuko dutenak.

Museoaren jarduera lanak irauten duten bitarean

Proiektua idatzi duen taldeak baieztatu duenez, museoak partzialki irekita jarraitu ahal izango du obrak egiteko egutegian zehar. Handitze horri esker, museoaren eraikin zaharraren zati handi bat –obrek gutxien eragiten diotena– irekita mantendu ahal izango da. Jatorrizko sarreratik sartu ahal izango da bertara, eta behin-behineko arrapala bat jarriko da irisgarritasuna errazteko.

Horrela, jarduera publiko guztia eraikin zaharrera mugituko da; zabalik egongo da lanak egiten diren bitarte ia guztian, erakusketa-proposamenak eta horiekin lotutako jarduerak egin ahal izateko. Bilduma BBKateak formatu dinamikoan erakutsiko da, eta areto bakoitzean bi artistaren arteko topaketa harrigarriak sustatuko dira. Aldian-aldian, muntaketa berriak egongo dira ikusgai, eta helburua bikoitza da: batetik, funts artistikoen aberastasuna erakustea, eta, bestetik, haiek begiestea sustatzea. Horrez gainera, bestelako hitzorduak ere egongo dira, besteak beste, Obra Gonbidatua programa, zaharberritzeak eta beste aurkezpen batzuk, bai eta hainbat kanalen bidezko (aurrez aurrekoa eta digitala) hezkuntza- eta hedatze-jarduerak ere.

Museora eraikin zaharreko Museo plazako atetik sartu ahal izango da, eta sarrera doakoa izango da.

Proiektuari buruzko albisteak
  • 2024|04|24 _ Agravitas handitzearen beste fase bat. Sareta nagusiak Irakurri  
  • 2024|01|19 _ V formako lehen zutabea jartzea Irakurri  
  • 2022|11|17 _ Lehenengo harria jartzeko ekitaldi instituzionala. Irakurri  
  • 2022|06|13 _ Bilboko Arte Ederren Museoaren akordioa, museoa handitu eta eraberritzeko lanen kontratazio-espedienteko atzeraeragineko jarduketei buruz, aurrekontua eta lehiaketa-epea egokitzeko. Irakurri  
  • 2022|03|30 _ Bilboko Arte Ederren Museoak argitara eman du Norman Foster eta Luis María Uriarteren “Agravitas” proiektua handitzeko obraren lizitazioa. Irakurri  
  • 2021|09|09 _ Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko obren kontrataziorako (I. Fasea, Egokitzapen Partziala) epea irekita dago. Lanak eraikin zaharrean hasiko dira, azaroan. Irakurri  
  • 2021|06|24 _ BK Museoa. BBK eta Arte Ederren Bilboko Museoaren arteko hitzarmen berria. Irakurri 
  • 2020|12|21 _ Museoaren Patronatuak Norman Fosterrek eta Luis Mª Uriartek diseinatutako zabaltze-programari babesa eman dio gaur, ohiko bilkuran –aurrez aurrekoa eta telematikoa–, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan zirela. Irakurri
  • 2019|12|16 _ Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkeztu du. Irakurri 
  • 2019|07|23 _ oko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektua. Irakurri