Historia
Aurkezpena
Arte Ederren Bilboko Museoak ibilbide bat eskaintzen du, arte erromanikoarekin hasi eta lehenbiziko abangoardien eta horien gaur egungo adarretaraino, mendebaldeko artista, estilo eta arte-eskola nagusiak azaltzeko, zenbait obra adierazgarriren bidez.
Bildumak artearen historiako maisu nabarmenak hartzen ditu barnean, hala nola Lucas Cranach Zaharra, Martin de Vos, Grekoa, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murillo, Orazio Gentileschi, Francisco de Goya, Joaquín Sorolla, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Ignacio Zuloaga, Francis Bacon, Eduardo Chillida, Antoni Tàpies, Miquel Barceló eta Richard Serra, beste askoren artean. Gure inguruko artista ugari dago, eta, beraz, euskal artearen bildumarik onena da, artista-zerrendarik osoenarekin. Klasikoen artean, nabarmentzekoak dira Adolfo Guiard, Darío de Regoyos, Francisco Iturrino, Aurelio Arteta, Jorge Oteiza eta goian aipatutako Zuloaga eta Chillida, besteak beste.
Gaur egun, 19.000 obra baino gehiago ditu. Horien zati handi bat, 15.000 inguru, paper gaineko funts oparoari dagozkio –marrazkiak, grabatuak, kartelak eta argazkiak–, 2.000 baino gehiago margolanak dira, eta 500 inguru eskulturak. Dekorazio-arteak ere badu lekurik bilduman: ia 800 artelan daude, eta, horien artean, nabarmentzekoak dira ekialdeko artearen Palacio bilduma, eta Maniseseko zeramika-lanen multzo bat, XIV. eta XV. mendeetakoa. Zaharragoak diren pieza arkeologiko batzuk –esaterako, iruditxo etruskoen bilduma eta Palmiratik datorren harrizko bustoa– eta 2000. urtetik atzera datatutako eta berriki eskuratutako zenbait obra alde batera utzita, XIII. mendetik XX.era bitarteko oinarrizko kronologia biltzen du.
Kultura-testuingurua eta «Euskal Artisten Elkartea»
Bisitariak harriduraz ikusiko du ondare artistiko honen aberastasuna, baina aberastasun horren arrazoia argi uler daiteke museoa sortu zeneko testuingurua, sorreran laguntza eman zutenen nortasuna, eta bildumaren hasierako muinaren bilakaera ikusita. Izan ere, museoak, sortu zenean, erantzuna eman nahi zien Bilbon azaltzen ari zen burgesiak zituen asmoei, XX. mendearen hasieran, burgesiak kultura-arloko loraldiaz osatu nahi baitzuen burdingintza eta ontzigintza kementsuek sortutako goraldi ekonomikoa. Hortaz, Europan XIX. mendean museo-erakundeen artean izan zen hazkundearen adibide berantiarra da gurea. Beharbada horregatik, are adierazgarriagoa da ekimen zibiko batek, instituzioen –Udalaren eta Foru Aldundiaren– eta artista-talde geldiezin baten bultzadaz, asmoa gauzatu, eta 1908an Arte Ederren Bilboko Museoa sortu ahal izatea –ateak 1914an ireki arren–. Uste sendoa zuten denek museoaren helburu pedagogikoan, eta, miragarriagoa dena, ondo zekiten ekarpena egiten ari zitzaiela garaikidetasunari. Taldeko ahalegin hori da, hain zuzen, museoaren bereizgarrietako bat, bere historian barrena jarraitu eta gaur egunera arte iraun duena.
Era horretan, museoa Bilboko hiritarren kontzientzian sartu zen unean, beste erakunde eta ekimen batzuk azaldu ziren, kemen modernizatzaile horren ondorioz. Kulturaren testuinguruan, eta gertaera nabarmen batzuk aipatzearren, 1900. eta 1910. urteen artean, arte modernoko sei erakusketa izan ziren Bilbon. Handik urtebetera, 1911n, Euskal Artisten Elkartea sortu zen, eta 1937ra arte benetako kultura-eragile gisa aritu zen erakusketak antolatzen, bertako eta kanpoko artisten arteko harremana ahalbidetzen, eta era guztietako jarduerak sustatzen. Irakinaldi artistiko horrek modernitatean behin betiko sartzea zuen xede, eta helburu hori ezin zen bete Europan zeuden eraberritze-guneak bertatik bertara ezagutu gabe. Urte batzuk lehenago, Darío de Regoyos margolaria Belgikako abangoardiako artistekin batera izan zen Bruselan, eta euskal artean funtsezkoa izan den beste pertsonaia batek –Francisco Durrio eskultoreak– cicerone lana egiten zuen Parisen, euskal margolariek han eratutako talde ugarientzat. Besteak beste, han zeuden Ignacio Zuloaga –Parisko giro artistikoan “ezinbestekoetako” bat, eta museoarekiko harreman estukoa– eta Francisco Iturrino –Pablo Picasso, Henri Matisse eta André Derainen laguna–.
Durrio Montmartreko Bateau-Lavoir ospetsuan bizi izan zen 1901etik 1904ra arte, baina mende erdi baino gehiago eman zuen Frantziako hiriburuan, eta, denbora horretan, orduko abangoardia artistikoko protagonista asko ezagutu zituen: zeramika landu zuen Picassoren ondoan, eta adiskidetasun estua izan zuen Paul Gauguinekin. Lotura handia izan zuen beti Bilborekin, hau da, semetzat hartu zuen hiriarekin, eta, gainera, lan luzea egin zuen arte-salerosle gisa, gehienbat bere mezenas izan zen Horacio Echevarrietarentzat. Hark, lehen aipatu dugun eta museoaren sorrera ekarri zuen espiritu filantropikoari jarraikiz, Martin de Vosen margolan nagusietako bat eman zuen dohaintzan 1919an, Europaren bahiketa.
Pintura eta eskulturaren lehen nazioarteko erakusketa
Modernitate-nahi horiek 1918an gauzatu ziren, Euskal Artisten Elkarteak dei egin baitzien Robert eta Sonia Delaunayri beren lehen erakusketa bertan aurkez zezaten; eta areago mamitu ziren 1919an, Pintura eta Eskulturako Nazioarteko Lehen Erakusketa Bilbon izan zenean. Aldundiak eta Ramón de la Sota buru zuen eta hainbat artistak, arkitektok, bildumagilek eta kritikarik –hala nola eragin handiko Juan de la Encinak– eratzen zuten batzorde batek antolatu zuten, eta erabakigarria izan zen hiriaren bilakaera artistikoari begira; izan ere, laguntza handia eman zuen artista gazteen prestakuntzan, berandu samar izan arren, nazioarteko lehen mailako sortzaileen obrak bildu baitzituen: Picasso, Cézanne, Gauguin, Van Gogh, Maurice Denis, Mary Cassatt…
Bestetik, Bizkaiko Aldundiak erakusketa horretan eskuratu zuen gero Arte Modernoko Museoa sorraraziko zuten lanen muina, besteak beste, Cassatten Woman Sitting with a Child in Arms (Emakumea eserita, haurra besoetan duela) eta Gauguinen Laveuses à Arles (Latsariak Arlesen). Orduan eta luzaroan, bi margolari postinpresionista horiek gure herrialdeko bilduma publiko batean izan zituzten lehenengo artelanak izan ziren. De la Sotak Zuloagaren Mathieu de Noailles kondesaren erretratua artelana eta erakusketan izan ziren beste lan batzuk eskuratu eta dohaintzan eman zituen; esate baterako, hainbat prozeduraren bidez geroago erakusketan sartuko ziren Cézanneren bi litografia.
Dohaintzak, oinordetzak eta gordailuak
Artelanak dohaintzan eman, oinordetzan utzi edo gordailutu zituzten partikularren lankidetza funtsezkoa izan zen museoa sortzeko eta garatzeko. Garai hartan ohikoa izan zen kultura-mezenasgoari zegokion praktika hori, bakarkako bildumagileari arduraldia eta zuhurtasuna eskatzen zizkiona, eta, hein batean, historian barrena iraun eta gaurdaino iritsi dena.
Partikular horien artean, Laureano de Jado eta Antonio Plasencia nabarmentzen dira: lehenak hamazazpi lan eman zituen dohaintzan aurrena, eta bilduma osoa 1927an; eta bigarrenak dozena bat lan laga zituen garai horretan, eta hogeita hamazazpi gehiago bere bizitza osoan zehar.
Garai hartan nagusi zen gustua eta bildumagile bakoitzak zituen joera bereziak, besteak beste, erabakigarriak izan ziren bildumaren ardatz nagusiak geroago handitu zitezen eta gure inguruan ezohikoak ziren bildumak sar zitezen. Horiek, kalitateagatik eta bikaintasunagatik, museoak duen berezitasunaren ezaugarri dira. Lehen kasuan, Jadoren legatua paradigmatikoa da, Flandesko artelanen multzo garrantzitsu bat baitu. Bigarren kasuan, José Palacioren bilduma dago, Ekialdeko arteko hirurehun pieza inguru dituena. Lehen zatia 1953an sartu zen museoan, haren oinordeko M
Arte Ederren Museoa 1908ko urriaren 5ean sortu zen, baina 1914ko otsailaren 8ra arte ez zituen ateak ireki. Tarte horretan, Patronatuaren Batzarra sortu, araudia idatzi, eta bilduma eratu zen, zenbait gordailurekin: Aldundiarena –ugariena–, Udalarena, Estatuarena, Arte eta Lanbide Eskolarena eta Erruki Etxearena, beste erakunde batzuen artean, partikularren gordailuekin eta dohaintzekin batera.
Arte eta Lanbide Eskola
Bildumak antzinako artea zuen gehienbat, eta Ricardo Bastida udal-arkitektoak hura gordetzeko egokitu zituen hiru aretotan jarri zuten, Atxuriko Ospitale Zibila izandako eraikin neoklasiko ederrean. Ospitalea Basurtura eraman, eta eraikina Arte eta Lanbide Eskola bihurtu zen. Zuzendari connaisseur ideiarekin bat etorrita, eta museoaren sorreran inplikatuta zeuden artisten parte-hartzeaz, Manuel Losada margolaria izendatu zuten Arte Ederren Bilboko Museoko lehen zuzendari. Hurrengo urteetan, bilduma handituz joan zen, hainbat lan eskuratu baitzituen –batzuk Grekoaren Deikundea bezain garrantzitsuak–, eta partikularrek eta artistek gordailuak eta dohaintzak egin baitzituzten. Horrez gain, herri-harpidetzaren bidez, Zuloaga eta Benito Barrueta margolarien artelanak sartu ziren, besteak beste.
Hala ere, handik denbora gutxira ikusi zutenez, bilduma erakusteko eta biltegiratzeko espazioa ez zen nahikoa –bildumak berrehun eta berrogeita hamar obra inguru zituen–, eta museoaren kokapena ere ez zen oso egokia bisitariak erakartzeko. Gero eta larriagoak ziren arazo horien aurrean, Batzordeak, alde batetik, lokal berria eskatu zuen, besterik ez bazen artelanak gorde ahal izateko; eta, bestetik, Arte Ederren Jauregia eraikitzeko proposamena aintzat hartzeko proposamen bat egin zuen. Hainbat aukera aztertu zituzten, baina, azkenean, denek huts egin zuten. Aldi berean, Bilboko giro artistikoak museo berria –arte modernoari buruzkoa– sortzeko behar zen haztegia eratu zuen.
Arte Modernoko Museoa
Era horretan, 1922an, Lorenzo Hurtado de Sarachok mozio bat aurkeztu zion Aldundiari, Arte Modernoko Museo bat sortzeko, Bilboko Udalaren lankidetzaz. Lehen aipatutako 1919ko nazioarteko erakusketan eskuratutako obren corpus handia –hogei bat lan, eta, gainera, bizirik zeuden artisten lanak, Arte Ederren Museoko bildumatik bereiziak, eta dohaintza eta erosketa berriak– erabakigarria izan zen proiektuaren bikaintasuna sustatzeko. Arin-arin gauzatu zen, 1924an Arte Modernoko Museoa sortu baitzen, Aldundiaren jauregiari atxikita, instituzioak probintziako liburutegi, artxibo eta inprimategi gisa erabili zituen bulegoetan. Urtarrilean, Aurelio Arteta margolaria zuzendari izendatu zuten –eta postu horretan iraun zuen, etenaldiekin, Espainiako Gerra Zibila hasi zen arte–; eta urriaren 25ean, garai hartarako guztiz berritzailea zen museoak ateak zabaldu zituen, ehun eta hogeita hamazazpi artelaneko bildumarekin. Urte horrexetan, Arte Ederren Museoak bi maisulan eskuratu zituen: Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak eta José de Riberaren Emakume santuak San Sebastian sendatzen.
Hortaz, sorreran, bi museoek fede berbera izan zuten kultura eta hezkuntzako egitura gisa Museoak zuen ahalmenean, antzeko obra-kopurua zuten, bai eta antzeko urritasuna ere, lekuari eta instalazioei dagokienez. Urritasun hori nabariago egin zen, gainera, bi museoen ondare artistikoa aberasten zen heinean.
Gerra Zibila
1936ko uztailean Gerra Zibila piztuenean, zorrotz eten zen bi museoen garapena. Gerra hasi berria zela, aireko bonbardaketen beldur, Arte Ederren Museoko bilduma Uribitarteko Gordetegi Frankoan biltegiratu zuten. Bestalde, hogeita hamar lan inguru, gehienak euskal artistenak, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzak Carlton Hotelean behin-behinean zituen bulegoak apaintzeko laga zituzten.
1937an, Arte Modernoko Museoko obra gehienak Frantziara eraman zituzten itsasoz. Urte horretako ekainean, soldadu frankistek Bilbo hartu, eta instituzioen boterea berenganatu zuten. Handik gutxira, kudeaketak egiten hasi ziren bi museoetako obrak berreskuratzeko eta atzerrian zeudenak ekartzeko, eta 1939. urtearen amaieran lortu zuten.
Bilboko Arte Ederreko Museo berria
Hala ere, 1938rako, bildumak hartzeko egokia izan zitekeen lekuaren arazoa premiazkoa zen, gerraren ondorioz lokalak erabiltzeko moduan ez egoteak larriagotuta. Hala, hil horren amaieran, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoek hiriko Zabalgune modernoan eraikin berria eraikitzeko proiektua sinatu zuten batera, bi museoen bildumen egoitza bakarra izan zedin. 1939ko otsailean, Aldundiak eta Udalak proiektua onetsi zuten, eta 1945eko ekainaren 17an Arte Ederren Bilboko Museo berria inauguratu zuten. Bitartean, zailtasun ekonomikoak gorabehera, lan ezagunak eskuratu ziren, besteak beste, Jan Gossarten Familia Santua eta Francisco de Zurbaránen Ama Birjina, Jesus Haurrarekin eta San Joan Bataiatzailea, haurra.
Eraikina –1962an monumentu historiko-artistiko izendatua–errepertorio neoklasikoaren arabera eraiki zuten, eredu museografiko tradizionaletan oinarrituta, gehienbat Juan de Villanuevak Prado Museoa egiteko 1785ean sortutakoan. Ele letraren itxurako oinplanoa du, artelanak erakusteko aretoak dituzten bi solairu, eta sotoa, barneko zerbitzuetako sailekin. Sarrerako atartea nortasun handiena duen geletako bat da. Marmolezko bi koloretan zolatuta, baretasunez eta fintasunez betetzen du multzo osoa, balaustrada berezia duen eskailera izugarri batek zeharkatuta, eta argizulo zenital batetik eta eskailera-buruan kokatutako leiho zabal eta handi batetik sartutako argi naturalak argituta. Hegoaldean, zutabeen gainean bermatutako galeria burudunak areago indartzen du eraikin publikoaren sinbolismo klasista. Formaz eta edukiz, agerian jarri nahi zuen artearen historian oinarritutako diskurtsoaren jarraipen kronologikoa, eta, horren ondorioz, azkenean, bi instituzioen bildumek bat egin zuten, orduan izatez eta 1969an administratiboki. Jatorrizko museoaren zuzendaria izandako Manuel Losada izendatu zuten Arte Ederren Bilboko Museo berriko zuzendari, eta postu horretan iraun zuen 1949ra arte. Haren ondoren, 1973ra arte egon zen Crisanto de Lasterra –bildumaren lehen inbentarioak egiteaz arduratu zen–, eta, horren ostetik 1982ra arte, Javier de Bengoechea –hasierako lan zientifiko horri jarraipena eman, eta aretoko lehenengo gidak prestatu zituen–.
70eko hamarkada. Lehen zabalkuntza
Bi hamarkadaz lanean aritu ondoren, hasierako espazioa ez zela nahikoa ikusi zuten berriro ere, eta, ordurako Bilboko alkatea zen Hurtado de Sarachok berriz proposaturik, hirurogeiko hamarkadaren hasieran, museoa zabaltzeko lanei ekitea erabaki zuten. Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoak Europako zenbait museotan izan ziren, guztiz berritzailea zen obra proposatu aurretik. 1970ean burutu zuten, mugimendu modernoaren eta Miesvander Roheren arkitekturaren eragin handiarekin. Kasu honetan ere ele itxurako oinplanoa sortu zuten, oraingoan jatorrizkoak zuenaren alderantzizko garapenarekin, eta beiraztatutako atarte handi batekin, Casilda Iturrizar parkeko ingurune naturalarekin harremanetan jartzeko. Lehenengo solairuan, arte garaikideari buruzko areto handi bat jarri zuten, argi zenitalarekin eta alboko argiarekin, bisualki eraikin zaharrarekin eta hiriko paisaiarekin lotura egiten duen gortina-murruaren bidez sartua. Bigarren solairuan, berriz, barneko sailak jarri zituzten. Hizkuntza arkitektonikoak, erreferente historizistetatik ihesi, bolumen garbiak eta azalera gardenak garatu zituen, eta eraikin dotore eta arina garatu zuen. 2010ean, Mugimendu Modernoaren Dokumentazio eta Kontserbaziorako Fundazioak hautatu zuen mugimendu artistiko horren ondare arkitektonikoaren erregistroan sartzeko.
Laurogeiko hamarkadan, museografiako irizpide berrien ondorioz, hainbat erreforma egin ziren, eta horiek eragina izan zuten jatorrizko fisionomian; adibidez, arkupea pixkanaka itxi zen, ekitaldi-areto bat egin zuten eta eraikinaren sotoa behar bezala egokitu zuten, zerbitzu batzuk barnean hartzeko: liburutegia, hezkuntza saila, denda eta kafetegia. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Jorge de Barandiarán zuzendari zela, arkupea betiko itxi zen, aldi baterako erakusketen BBK aretoa bertan jartzeko, eta Eusko Jaurlaritza museoaren gobernu-organoetan sartu zen, instituzio sortzaileekin, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Aldi berean, zenbait maisuren artelanak eskuratu zituzten, esate baterako, antzinako arteko Antonio Mororen Felipe II.aren erretratua edo Anton van Dycken Atsekabea Kristo hilagatik eta arte garaikideko Antoni Tàpiesen Gran oval (Obalo handia).
90eko hamarkada. Fundazioa, Patronatua eta bigarren zabalkuntza
1996an, Miguel Zugazak hartu zuen zuzendaritza, eta, bi urteko kudeaketaren ondoren, 1998an, Administrazio Kontseiluak plan bat onetsi zuen, museoa biziberritzeko eta Europako kultura-azpiegituren esparruan toki nabarmenean kokatzeko. Plana funtsezko hiru jarduera-lerrotan garatu zen: kudeaketa programa, programa artistikoa eta azpiegituren arloko programa. Lehen lerroaren xedea parte-hartze pribatura zabaltzea izan zen, eta, horretarako, fundazio bat eta gobernu-organo berria eratzea erabaki zuten. Patronatuaren bidez mamitu zen. Bigarren lerroak erakusketen eta jardueren programa bizia jarri zuen abian, eta, aldi berean, bilduma iraunkorra bultzatzean jarri zuen arreta. Urte horietan, oso artelan garrantzitsuak sartu ziren dohaintzen bidez, hala nola Juan de Arellanoren Lore-otzaratxoa, Bartolomé Esteban Murilloren San Pedro malkotan eta Luis Pareten Bilboko Arenalaren bista. Azkenik, deialdi bat egin zen museoa erreformatzeko eta zabaltzeko plana esleitzeko, hartara, museoaren instalazioak eta zerbitzuak berritu ahal izateko.
Urte berean, epaimahai bat eratu zen, besteak beste, Álvaro Líbano, Rafael Moneo eta Norman Foster arkitektoekin. Proposamenak aztertu ondoren, Luis María Uriarte buru zuen arkitekto-taldeak aurkeztutako proiektua gauzatzea erabaki zen. Beharrizanen programak museoaren bi eraikinen arteko komunikazio horizontala eta bertikala hobetzea proposatu zuen, elkarbide eta galeria berri baten bidez. Horrez gain, espazio batzuk aske utzi behar ziren, bisitarientzako zerbitzuak bildu eta optimizatzeko (harrera-lekua, kafetegia, jatetxea, denda, liburu-denda, liburutegia, sail didaktikoa eta auditoriuma), eta erakusketaren espazioa zabaltzeko. Era berean, irisgarritasun-plana prestatu, eta museoaren sarrera aldatu zuten, hirigunea Abandoibarrarekin lotzen duen ardatzean sartzeko. Azkenik, museoaren bulegoen erabilera berriz aztertu zuten, eta eraikin zaharraren klimatizazioari ekin zioten.
2000. urteak – Gaurkotasuna
Lanak amaitu ondoren, museoak 2001eko azaroaren 10ean inauguratu zituen berriro ere instalazioak. Mende berriari aurre egiteko, eraikinak aurrez zeuden eta bi diskurtso museografiko desberdinetakoak ziren bi arkitekturaren fisionomia gaurkotu zuen: batetik, bilduma kontserbatzeko eta ezagutzeko lanetan ahalegin guztia egiten zuten museo historiko tradizionalena, eta, bestetik, jardueretara eta ikusleengana zuzenduta zeuden XX. mendearen bigarren zatiko ekipamendu modernoena. Bestalde, lehen museoa mende hasieran sortu zuen Bilbok Guggenheim Bilbao museoaren sorrerarekin egin zion agur mendeari, 1997an; kasu horretan, ekonomia eta hiria suspertzeko apustu gisa, instituzioek beren gain hartutako ikono arkitektoniko baten bidez izan zen.
Harrezkero museoak sendotu egin zuen gure inguruko museoen artean zeukan rol nagusia, eta ikerketara, bilduma aberastera eta bisitariari laguntza ematera zuzendu zituen ahaleginak, bere programa nagusia egonkortzeko. Javier Viarren zuzendaritzapean, 2001etik 2017ra bitartean, bilduman sartu ziren artelanen artean, hauek aipatu behar ditugu: Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia, Eduardo Chillidaren Dardara-burdinak II, R. B. Kitajren The Hispanist (Nissa Torrents) (Hispanista (Nissa Torrents)) eta Miquel Barcelóren Des potirons (Kalabazak). 2008ko urrian, Arte Ederren Bilboko Museo beteranoak mendeurrena ospatu zuen, lehen talde-bultzada hartaz jakitun eta barnean biltzen dituen artelanez harro.
Miguel Zugazak 2017an heldu zion berriz zuzendari lanari, eta Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako museoren handitzea eta zaharberritzea bultzatu du, eraldaketa-programa handi baten erakusgarri modura. Agravitas da proiektuaren izenburua, eta, lehen harria jartzeko ekitaldian –2022ko azaroaren 17an–, honela definitu zuen Fosterrek: “Oinordetzan jasotakoaren, hau da, erakunde handi honen iraganaren, eta etorkizuneko museoaren arteko lokarria”.