Berriak
19-01-24
V formako lehen zutabea jartzea
AGRAVITAS
Gaur goizean, V formako lehen zutabea jarri da Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko egituran, eta hori oso mugarri garrantzitsua da Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek diseinatutako Agravitas proiektua gauzatzeko prozesuan.
Duen garrantzia kontuan hartuta, Fundazioaren Patronatuak Iñigo Urkullu lehendakaria gonbidatu du obra ikustera, beste agintari batzuekin, museoko patroiekin eta museoa handitzeko proiektuaren buru den talde tekniko nagusiarekin batera. Bisita baliagarria izan da eraikuntza berriaren alderdi tekniko eta operatiboen konplexutasun eta eskakizun handiaren berri izateko. Izan ere, nazioarteko lehiaketako epaimahaiaren erabakiak zioenez, “1945, 1970 eta 2001eko eraikuntzen gainean altxatuko da, instituzioaren bizitzan kapitulu berri bat idazteko asmoz”.
Hori dela-eta, aurrez topaketa bat antolatu da lantalde teknikoaren eta prentsaren artean. Proiektuaren zuzendaritza fakultatiboak —Luis María Uriarte, Taba Rasti eta Pablo Urango— eta egitura-proiektuaren ingeniari arduradunak —Álvaro Serrano— datu teknikoak azaldu dituzte, obra eraikitzeko lanen xehetasunak eta dimentsioa jakiteko.
Lehenik eta behin, proiektua gauzatzeko lehen faseen bilakaera laburbildu da. Obra 2023ko otsailaren hasieran jarri zenetik abian, egin diren aurreneko lanak izan dira eraikin berriari eusteko zimenduak jartzea, 10. ardatza (Arriaga) eta 20. ardatza (Parkea) izenekoetan. Zimendu horren gainean bermatuko da handitze-lanen ondoriozko bolumena, eta kargak sei euskarri-puntutan jarriko dira soilik (hiru ardatz bakoitzean).
Gainera, lanak egin dira 1970eko eraikinak eta bolumen berriak batera edukiko dituzten komunikazio bertikaleko nukleo berria gauzatzeko. Nukleo horrek 16,2 m-ko hormigoi armatuzko egiturazko pantaila bat du —gaur egun eraikitzen ari dira—, eta horrek egonkortasuna emango dio eraikinari.
Egitura berriaren zimendu-lanekin batera, lehendik zeuden azpiegiturak birgaitzeko eta suaren aurkako bilakatzeko prozesu bizia egin da, batez ere, eraikin zaharraren sotoan (1945) eta eraikin garaikide osoan (1970). Hala, dagoen ondarea balioetsi, eta babes zibilaren eta suteen aurkako egungo araudiaren eskakizunetara egokitu da. Puntu honetan, gogorarazi da, handitze-lanetako 6.000 m2 eraikitzeaz gain, egungo eraikuntzaren 8.000 m2 baino gehiago eraberrituko direla.
Lehen euskarria V forman jartzea proiektuaren funtsezko mugarria da, handitze-lanen egitura gauzatzeko fasearen hasiera markatzen baitu, eta agerian jartzen baitu bolumen berriaren konfigurazioa sestra-mailaren gainean. Fase honetan, Agravitas bolumena osatzen duen aireko egitura osoa eraikiko da, BBK Museoaren erakusketako eta hezkuntza-jardueren espazio berria barnean izango duena.
Orain arte, egiturazko obra ia ez zen hautematen, baina hemendik aurrera begi-bistakoak izango dira handitze-lanen ondorioz bolumenaren konfigurazioan egindako aurrerapenak.
V formako zutabeek —71 cm-ko diametroa eta 11,5 m-ko luzera du bakoitzak— grabitaterik ezaren sentsazioa ematen diote eutsitako bolumen handiari, eta, gainera, harremanean agertzen dira zuhaitzen egitura naturalarekin, haiekin lerrokatzen baitira bi euste-ardatzetan.
Egitura berria sortzearekin batera, museora sartzeko espazioa egituratuko duten esku-hartzeek ere aurrera egiten jarraitzen dute. Horrek iparraldetik hegoalderako ardatza marraztuko du, Euskadi plaza eta Chillida plaza lotuz, eta, horrela, kohesioa indartuko du museoaren eta hiriaren artean. Ildo horretan, egungo eraikinak gaindituko dituen “zubi-eraikin” gisa ulertzen da Agravitas, eta espazio handia sortuko du ardatz horren erdian (Arriaga Monumentuaren plazan).
Handitze-lana hiriaren erdigunean egiten ari da. Bestalde, museoaren arkitektura eta inguruko zuhaitzak errespetatu behar ditu. Baldintza horiek eraikuntza-erronka ezohikoa dira. Hala, egitura osatzen duen pieza bakoitza garraiatzeko, altueran jartzeko eta mihiztatzeko lana zehatz-mehatz aztertu behar da, eraikinen goiko kotak eta museoaren alboetan dauden platanondo handien adaburuak gainditzeko. Gainera, koreografia konstruktibo hori sekuentziatu egin da, aukera eman dezan museoaren hainbat parte zabalik edukitzeko obrak irauten duen bitartean, jarduerarekin jarraitzeko.
Proiektuaren baldintzetako bat ingurumen-jasangarritasuna da. Hori dela-eta, karbono-aztarna txikiko eta ingurumen-aztarna txikiko altzairua erabili da egitura berria eraikitzeko. Adibide gisa, metalezko egituraren altzairuak CO2 baliokideen (CO2e) emisio-maila mugatua izango du ekoizpenean (A1-A3 faseetan), ohiko balioen oso azpitik. Era berean, ekoizpen-prozesuetan lehentasuna eman zaio birziklapenen ondoriozko eta jatorri berriztagarriko energietatik datozen materialak erabiltzeari.
Egituren altzairuari jarritako eskakizunen ondorioz, berotegi-efektuko gasen emisioak 3CO2e-ko 3.200 tona murriztuko dira obra egitean.
Lehen adierazi bezala, hemendik aurrera, aireko obra hasteak aukera emango du handitze-lanen aurrerapena ikusteko. Handitze-lanen bolumenaren fatxada eta estalkiaren egitura urte honen bukaerarako amaitzea aurreikusi da. Jarduera horren ondoren, gainerako faseak egingo dira, bolumen berria amaitzeko (inguratzailea, instalazioak…), eta eraberritutako eraikinak ondoz ondo entregatuko dira. Ikuspegi orokorrak eusten dio aurrekontuaren helburuari 44,5 milioi euroan, eta museoa 2025eko udaberrian berriz irekitzeko helburuari.
- Birgaitutako azalera: 8.000 m2 (egungo azalera: 10.000 m2)
- Gauzatutako azalera berria: 6.000 m2
- Egitura berriaren dimentsioak: 62 x 42 m
- Metalezko egituraren pisua: 1.380 tona S355 eta S460 kalitateetan
- Altzairuzko 15.000 piezaz osatutako egitura berria
- V formako zutabeen dimentsioak: 11,5 m luzera / 71 cm diametroa
- V formako euskarrien lerrokaduren arteko distantzia (euskarrien arteko espazio librea): 55 m
- Arriaga plazan sortutako espazio berriaren altuera: 13 m
Arkitektura
Proiektuaren erredaktoreak eta obraren zuzendaritza fakultatiboa:
Foster and Partners + Luis María Uriarte Arquitectura
Obra gauzatzeko zuzendaritza:
TekArk Studio S.L.P.
Ingeniaritza
Egituren ingeniaritza:
MC2 Estudio de Ingeniería de Estructuras
Instalazioen ingeniaritza:
Valladares Ingeniería de Instalaciones
Laguntza teknikoa
KREAN, S. Coop.
Eraikitzailea
Arte Ederrak Handitzeko ABEE
Urbelan + Altuna y Uria + Campezo Obras y Servicios + Teusa Técnicas de Restauración
Metalezko egitura
INBERSA, S.L.