Casa de Campoko paisaia. Madril - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Casa de Campoko paisaia. Madril

Haes, Carlos de

Brusela, 27/01/1826 - Madril, 17/06/1898

Olioa mihisean

18,2 x 26,2 cm

c. 1860

69/124

Manuel Taramona jaunaren alargun, Mercedes Basabe andrearen legatua, 1953an

1857. urtean Espainiara itzuli zenetik arkatzez marrazkiak egin eta egin ibili zen naturan bertan, eta neurri txikiko zirriborro batzuk egin zituen olio pinturan; haietako batzuk baliatuko zituen gerora bere estudioan margolan handiagoak lantzeko, zirriborrotzat erabili zituen. Eta horixe bera izan liteke eszena bukoliko honen kasua, Casa de Campoko paisaia izenburuarekin 1953an Museora iritsia Taramona-Basabetarren dohaintza eskuzabalari esker. Haesen lan goiztiarra da margolan hau, uda beteko egun argi bateko argia aurkezten da lehen planoko soro iharraren tonalitateak iradokitzen duenez, artzaina eta bere txakurra ibarbide txikian lasai askoan bazkan ari den azienda zaintzen ari direla. Lehen planoko zuhaixkek eragiten dituzten itzalek salatzen dute eguzkia behera bidean hasia dela, eguzkiak urre kolorez bustitzen baitu paisaia, eta aurreko tonalitate horiek eta sepia koloreek emendatu egiten baitute sentsazio hori. Aldi berean, kontraste handia egiten du hondoko zuhaitz hostotsuen trinkotasunak eragiten duen iluntasunarekin.

Agian margolan hau baliatu zuen Haesek egile horrek berak 1860. urtean sinatu eta datatu zuen Paisaia artzainekin eta ahuntzekin olio pintura handiagoa (79 x 116 cm) oihalean lantzeko. Data hori aintzat hartu eta zirriborroaren estiloa egilearen aurreneko etapako obrekin bat datorrela kontuan izanik, guk uste dugu urte horretan bertan datatu beharra dagoela. Oso antzekoa da konposizioa bi oihaletan, leku bat eta bera dela esan liteke, zuhaitzak ere berberak, eta argia ere berdin. Oihal txikian artzain baten eta bere txakurraren zaintzapean dauden behiek osatzen dute azienda, oihal handian bi lagun eta han-hemen sakabanatutako ahuntzek osatzen duten artean, horretan datza alde bakarra. Oihal handiaren perspektiba ikuspuntu urrunago batetik hartua da, eta horregatik ageri dira ahuntz taldea eta artzainak txikiago.

Bi margolanak lantzeko bideei dagokienez, oso bestelakoa da honakoa. Zehaztasun handiz eta halako izaera miniaturista batez landuta dago zirriborroa, bere tamainari dagokion bezala, eta aldi berean, askatasun handiz, pintzelkada arinekin, egile honen geroagoko formatu txikiko beste margolanetan ez bezala, esate baterako, erakusketa honetan bertan dauden egile honen beraren bi olio pinturetan ez bezala, azken hauetan orez beteriko pintzelekin landua baita margolana. Lan honetan, baina, zuhaitzen berde ilunetara eta konposizioaren gune argietara mugatzen dira enpasteak, eta urdin ia homogeneo batez margotuta dago zerua; behin idortuta, zeru horretan aplikatu zituen Haesek hodeiak eratzeko pintzelkada zuriak. Aitzitik, geroagoko lanetan, beste teknika bat aplikatuko zuen zeruak erakusteko, azken horietan nahasi egiten baitira urdinaren mailak hodeiekin.

Haesek 1860. urte aldera zirriborro zoragarri hau margotu zuenerako ospe handia zuen Espainian (Paisaiaren alorreko katedraduna zen), eta hasia zen aurrerago maisuki menderatuko zituen grabatuak egiten. Segur asko obra honen ifrentzuan ageri den aspaldiko inskripziotik (Casa de Campo, Madrid) hartzen du izenburua margolan honek, baina inskripzio hori geroago idatzia da, kaligrafia ez baita Haesena eta erantsitako bigarren oihalaren gainean idatzita irakurri baitezakegu. Eta ez dago Casa de Campoko elementu ezagunik, baina ez dago baztertzerik horixe bera izatea lekua, Madrilen bizi zenean sarritan jotzen batzuen inguru horretara bere margolanak lantzeko gaiak aurkitzeko asmoz. (Ana Sánchez-Lassa)

Bibliografia hautatuta

  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 57, n° cat. 124. (Con el título 'Un paisaje de la Casa de Campo', y atribuido a Carlos de haes)
  • Cat. Gayarre y su tiempo. Pamplona, Laida, 1990. p. 114.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 210-212, n° cat. 30.
  • Joaquín Costa : el fabricante de ideas [Cat. exp.]. Zaragoza, Gobierno de Aragón, 2011. pp. 146-147.