Néstor Basterretxea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2024-02-28 • 2024-05-26

Néstor Basterretxea

Diseinua eta arkitektura

6-10. aretoak

Datorren maiatzaren 6an 100 urtebeteko dira Néstor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) jaio zela, XX. mendearen bigarren erdiko euskal artearen eraberritzaile handienetakoa.

Eskultore gisa da ezaguna batez ere, sei hamarkadatik gorako ibilbide oparoa osatu baitzuen, baina ekoizpen artistikoaren beste hainbat alderdi ere landu zituen. Hainbeste, non haren lanen corpusa “Basterretxea kaleidoskopioa” bataiatu baitzuen Juan Daniel Fullaondo kritikariak, nolabait aditzera emateko artistak abangoardiarekin loturiko askotariko estetikak eta jarduera artistikoak uztartzeko zuen ahalmena.

Artistak diseinu industrialaren eta arkitekturaren diziplinetan sortutako proiektuen eta gauzatutako lanen lehen erakusketa monografikoa inauguratuz ospatuko du Arte Ederren Bilboko Museoak efemeridea. Aurrerago, ekainaren 27tik irailaren 29ra, Euskal kosmogonia saileko 18 pieza jarriko ditu ikusgai Gasteizko Montehermoso Kulturunean. XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturako multzo ospetsuenetakoa da sail hori, eta 2008an eskuratu zuen Museoak, Basterretxearen dohaintzari esker.

Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura

Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula komisarioen eskutik, arkitektura-proiektuen collageak, diseinu industrialeko piezak, altzariak, Irunen Oteiza eta Valletekin batera proiektatutako lantegi-etxearen memoria dokumentala, paperean egindako izaera utopikoko bolumetria arkitektonikoak, arkitektura eta hirigintzako maketak, argazkilaritzako dokumentazioa, eta abar bildu dira erakusketa honetarako: ehun eta berrogeita hamar piezatik gora, erradikalak batzuk, aitzindariak asko eta ez denak burutuak. Bost arlo handitan antolatu dira, arlo bakoitzean xeheki deskribatzeko euskal sortzaileak bere kezka artistiko, tekniko eta sozialei jarraituz diseinuaren eta arkitekturaren arloei egin zizkien ekarpen nagusiak.

Erakusketaren zorroztasun hori orobat bilatu da Museoak elebitan (euskara-gaztelania) argitara emandako katalogoan, zeinak biltzen baititu bost artikulu espezializatu eta garai hartako dokumentazio grafiko aberatsa.

1950eko hamarkadaren amaieran, euskal diseinu industrialaren aitzindari izan zen Basterretxea. Orduan garatu zituen H Muebles madrildar enpresarentzako altzariak eta logotipoa nahiz barne dekorazioko proiektuak. Esparru horretan egindako lanaren erakusgarri da, halaber, zinemarako egin zuen lehen obra, Operación H (1963) film esperimentala, Oteizaren ideia batean oinarriturik Juan Huarte industrialari eta mezenasarentzat egina. Hurrengo hamarkadan, Biok etxea sortu zuen Irunen beste zenbait bazkiderekin batera, eta ezin konta ahala prototipo asmatu zituen altzari modernoak lantzen zituen etxe harentzat, nahiz eta haietako batzuk ez ziren merkaturatu. Pieza ikurrak dira 1961eko xakea, 1967ko Bermeo idazmahaia, eta Kurpilla saileko aulkiak edo Sua argimutilak, 1968koak.

1. aretoa. Huarte eta H Muebles

Basterretxea diseinu industrialaren arloan hasi zen, eraikuntzaren enpresaburu eta abangoardia artistikoaren mezenasa zen Juan Huarteri esker. 1958an H Muebles altzari modernoen enpresa sortu aurretik, Huartek Oteizari eta Basterretxeari eskatu zien bere familiarentzat eta bere enpresen egoitza madrildar gisa 1956an eraikia zuen eraikina apain zezaten. Hor jaio zen Diván H, Basterretxeak diseinatzaile gisa egindako ibilbide osoan behin eta berriz aztertuko zuen piezetako bat, bai eta esperimentazio plastikotik hurbilago dauden beste pieza batzuk ere, hala nola arasa bat eta oheburu bat, Equipo 57an egon zen aldi laburrean aplikatu zuen geometriarekin zuen interesaren fruitu biak ala biak.

H Mueblesentzat egindako ekoizpen osoa enpresaren sorrerako urteetakoa da. Nazioarteko estilorik arrazionalistena eta teknologikoena hartu zuen bere gain, baina bere ezaugarri formalak ere antzematen dira, besteak beste, ardatzak lekuz aldatzea eta oreka behartzea, betiere, parametro erabilgarriak onartuta.

Néstor Basterretxea

Mahai osagarria, H Muebles, c. 1958

Arte Ederren Bilboko Museoa

Néstor Basterretxea

Diván H, Biok, 1965

Irungo Udal Artxiboa

2. aretoa. Irungo etxea eta Espiral altzari-denda

Madrilen bizi zirela, Néstor Basterretxeak eta Jorge Oteizak, 1955etik, amets egiten zuten Euskal Herrira bizitzera etortzearekin. Hasiera batean, Francisco Javier Sáenz de Oizak ekimen horrekin bat egitea pentsatu zuen, baina berehala egin zuen atzera, aurrez krokis bat egin nahi baitzuen bere hiru etxebizitzak eraikitzeko. Itzulera erabaki ondoren, orube bat erosi zuten Irunen, Bidasoa ibaiaren ondoan, mugatik gertu. Basterretxea eta Oteiza harremanetan jarri ziren Luis Vallet arkitektoarekin, eta hiruren artean diseinatu eta eraiki zuten 1958an amaitutako estudio-etxea.

1961ean, Basterretxeak, beste bi bazkiderekin batera, Espiral izeneko negozioa sortu zuen Donostian, altzari modernoen denda bat, eta hor jarraitu zuen diseinatzaile-lanetan. Areto honetan ikus daiteke nola sendotu zen Basterretxearen alderdirik organikoena, H Mueblesen industria- eta eraikuntza-ildoaren kaltetan. Era berean, interiorismoarekin zuen interesa sumatzen da, bere argazki-konposizio zainduetan, estilista eta diseinatzaile gisa egindako lana nabarmentzen baita. Japoniar begirada berritzailea eta garai hartako diseinu nordikoaren eraginak direla-eta, Basterretxea aitzindaria izan zen Espainian. Espiralek ekoitzitako bilduma bakan hau egiteko bi urte baizik ez zuten behar izan, eta bere bazkideetako batek Beran (Nafarroa) zuen fabrikan eraiki zuten.

Néstor Basterretxearen estudioa Irungo etxean, 1960

Irungo Udal Artxiboa

Espiraleko altzarien publizitate-argazkiak, 1960ko hamarkada

Irungo Udal Artxiboa

3. aretoa. Bioken hastapenak eta bere lehen bildumak

Biok enpresa sortu berriak ekoitzi zituen, 1962tik aurrera, Néstor Basterretxeak diseinatutako altzariak. 1964an, Biokek sei diseinu berriko bilduma zuen formalizatuta. Basterretxeak diseinatutako hogeita hamar altzari baino gehiagoko ekoizpen zabala hurrengo urtekoa da. 1970eko hamarkadan, enpresa handi bat zen, eta estatuko eta nazioarteko azoketan garai hartan diseinuan zegoen onena irudikatzen zuen.

Basterretxeak, enpresaren zuzendari artistikoak, ekoizpen guztia gainbegiratzen eta diseinatzen zuen. Lan hori egiteaz gain, enpresaren irudia eta publizitatea kontrolatzen zituen, Biokek hamarkada horretan argitaratu zituen argitalpen eta liburuxka askotan ikus daitekeenez. Areto honetan beste norabide aldaketa bat ikus daiteke, urte horietan diseinuaren gailurrean zegoen Italian designarekin lehiatzera bideratu baitzen.

Néstor Basterretxea eszena bat prestatzen, Biokerako publizitate-argazkien saio batean, c. 1964

Irungo Udal Artxiboa

4. aretoa. Biok enpresa sendotzea eta Basterretxearen azken aldia altzarien diseinatzaile gisa

1967tik aurrera, Bioken industria-hedapena sendotu zen. Aldakortasunaren, modularraren eta konposagarriaren aldeko apustua egiteko garaia zen, beti eskaintza komertziala aurrezteko eta hobetzeko. Hala ere, gero eta zailagoa zen hazkunde hori alde artistikoarekin uztartzea, eta desadostasunak agertu ziren, hain zuzen ere, Basterretxea beste esparru batzuetan erreferentea zenean: zinemagilea, eskultorea, margolaria, diseinatzailea, dekoratzailea, argazkilaria eta publizista.

Basterretxeak landu zituen azken altzari-diseinuak hirurogeiko hamarkadatik hirurogeita hamarreko hamarkadara bitartekoak dira. Biok S.A.rekin zuen lotura laxatzen hasi zen, akziodun izaten jarraitu arren. Agian horregatik, azken ahalegin batean murgildu zen orduan, eta maketa-bilduma bat atera zen hortik, bere estiloari bira berri bat emanda. Etorkizunari aurrea hartzeko zuen gaitasunaren adierazgarri.

Néstor Basterretxea

Kurpilla butaka, Biok, 1968

Against bilduma, Bartzelona

5. aretaoa. Bolumetriak eta arkitekturak

Néstor Basterretxeak arkitekturan egin zituen lehen urratsetan, mugimendu modernoaren eragina nabarmentzen da, bereziki, Le Corbusierrena.

Ander Basterretxea, anaia txikia, Arkitekturan eta Hirigintzan lizentziatua zen 1958an. 1960an Amerikatik itzuli ondoren, Irungo estudio-etxeko etxabean kokatu zen, eta, hala, harreman emankorra hasi zen bien artean: Néstor diseinatzaile eta Ander arkitekto. Lankidetza horretan, eraikin eta etxebizitza ugari egin zituzten, eta 1965ean Donostiako nazioarteko lehiaketara aurkeztu ziren Kursaala diseinatzeko.

Basterretxearen bilakaera estilistikoak, aldi horretan, organizismora eta espresionismo eskultoriko eta utopikora jo zuen. Diseinugile industrialaren aldia utzi ondoren, "bolumetria arkitektonikoak" deitzen zituenak lantzeari ekin zion, arkitektura eta artistaren askatasuna uztartzeko esparrura. Bere ustez, arkitekturak, lanbidearen praktikatik harago, ikuspegi eskultoriko eta plastiko bat behar zuen, bolumenaren garapenari eta arteen lankidetza integratu eta totalizatzaileari erreparatuta. Horren adibide paradigmatikoa izan zen Deustuko Unibertsitateko Liburutegirako aurreproiektua (1985); bertan bildu zen alde monumental eta organikoarekiko zuen nahia. Arteen fusioaren beste adibide bat, oraingoan arkitektura, eskultura eta altzarien artekoa, Lasarteko eliza baterako multzoan dago (Araba, 1976). Era berean, aipatzeko modukoa da euskal baserri herrikoia eguneratu eta modernizatzeko zuen interesa.

Néstor Basterretxea

Etxebizitza, bizitzeko eskultura gisa, 1998

Basterretxea Irurzun familia

Néstor Basterretxea

Bolumetria. Eliza baterako proiektua, 2002

Basterretxea Irurzun familia

Sobre el artista

Néstor Basterretxea

Bermeon (Bizkaia) jaio zen, 1924ko maiatzaren 6an. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, 1936an, Frantziara erbesteratu zen. Haren familia Buenos Airesen kokatu zen 1942an. Han, ikasketa teknikoak egin zituen Huergo Institutuan, publizitate-alorrean lan egin zuen, lehen margolaritza-sariak irabazi zituen eta Jorge Oteizaren lagun egin zen. 1952an Espainiara itzuli zen. Arantzazuko basilikako (Oñati, Gipuzkoa) kriptako horma-irudiak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Lan horri 1953an ekin zion, eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoaren lagun egin zen. Nolanahi ere, lanak bertan behera geratu ziren, Elizako buruzagien aginduz.

Juan Huarterekin harremanetan jarri zen 1957an, eta haren Madrilgo pisua dekoratu, eta altzariak jarri zizkion. Bakarkako erakusketa egin zuen Madrilgo Negra Aretoan, eta, ia aldi berean, Equipo 57 taldearen sorkuntzan parte hartu zuen. Handik gutxira utzi zuen taldea. Industria-diseinuan hasi zen, Huarte taldeko H Muebles enpresan, eta Espainiako pabiloiaren talde artistikoko kidea izan zen Bruselako Erakusketa Unibertsalean, 1958an.

Irunera (Gipuzkoa) lekualdatu zen 1958an, Jorge Oteizarekin eta Luis Vallet arkitektoarekin batera diseinatutako kutsu arrazionalistako etxe-tailer batera. Arbel eta marmol multzo baten erakusketa egin zuen Madrilgo Neblí Aretoan 1960an. Hala, margolaritzatik eskulturara igaro zen, planoaren esplorazioaren bitartez. Irunen jarduera kultural bizia izan zuen, baita enpresa-arlokoa ere. Beste bi bazkiderekin batera, Espiral denda inauguratu zuen Donostian 1961eko udaberrian, altzari modernoak saltzeko eta interiorismo-proiektuak egiteko asmoz

1962tik aurrera zuzendari artistikoa izan zen Bioken, altzari modernoak egiten zituen Irungo fabrika gaztean. Biokek Basterretxearen diseinuak ekoitzi zituen, eta 1966an bertako bazkide egin zen. Aktiboki parte hartu zuen konpainiaren publizitatean eta altzari-azoketarako standak diseinatzen. 1968an aurkeztutako Bioken bilduman, haren aulkirik ikonikoena, Kurpilla, eta Bermeo idazmahaia nabarmendu ziren. Altzari-multzo irudimentsua diseinatu zuen 1970 aldera. Azkenean ez ziren ekoitzi eta, pixkanaka, Basterretxea Bioketik aldentzen joan zen.

Hirurogeiko hamarkadan zineman hasi zen, eta film labur batzuk zuzendu zituen, esaterako, Operación H (1963). Ama Lur (1966-1968) film luzea ere zuzendu zuen, Fernando Larruquertekin batera. Hamarkada emankor hartan, arkitektura-arloko kolaborazioak ere egin zituen anaiarekin, Ander Basterretxea arkitektoarekin, eta «bolumetria» arkitektonikoak garatu zituen.

Gaur taldeko kidea zen 1966an. Euskal Eskola baten aldeko abangoardiako mugimendua zen Gaur. Euskal Herriko eskultura publiko enblematikoenetako batzuk diseinatu zituen: Iztueta dantzariari omenaldia (1967), Araba / Pío Barojari omenaldia (1973), Bakearen usoa (1988) eta Urbidea monumentala (1993), Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran presan. Izaro eskultura egin zuen 1983an, Gasteizko Eusko Legebiltzarraren ikurra, eta proiektu berria marraztu zuen Arantzazuko kriptarako, hogeita hamar urte lehenago pentsatutakoaren guztiz bestelakoa.

Madrilgo Arte Garaikideko Espainiako Museoak hari buruzko erakusketa antologikoa antolatu zuen 1987an. Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean, 1998an, egindako Industria-diseinua Espainian erakusketan, haren hainbat diseinu jarri ziren ikusgai.

Donostiako San Telmo Museoan jarri zituen ikusgai bere bolumetria arkitektonikoen proiektuak 2004an. Hil baino urtebete lehenago, 2013an, Peio Aguirre komisario zela, Basterretxearen obrari buruz ordura arte egindako atzerabegirakorik osoena egin zuen Arte Ederren Museoak: Forma eta unibertsoa.

Hondarribian (Gipuzkoa) hil zen, 2014ko uztailaren 12an.

Erakusketaren Katalogoa

Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura = Diseño y arquitectura

Egilea: Peio Aguirre, Pedro Feduchi, Pedro Reula, Rocío Robles Tardío, Gilermo Zuaznabar

Neurriak: 17 x 24 zm. Rustikoa, solapekin

Orrialde kopurua: 272

Ilustrazio kopurua: 255, koloretan eta zuri beltzean

Hizkuntza: euskara eta gaztelera (bieleduna)

IBAN: 978-84-18171-17-8

Museoko dendan ikusi

Lotutako jardunaldiak

Jardunaldia "Néstor Basterretxeari buruz"

Saio monografiko batean, erakusketaren komisarioek –Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reulak– eta Rocío Robles artearen historialariak ezagutzera emango dituzte Basterretxearen diseinu- eta arkitektura-lanei buruz egin dituzten ikerketen emaitzak, argitalpen batean ere bildu direnak.

Otsailak 27, asteartea, 09:30etik 17:00etara
Doako jarduera
Informazio +

Hitzaldia "Néstor Basterretxea. Bizitzeko diseinatzea"

Gilermo Zuaznabar, museoko Diseinu eta Arkitekturako kontserbatzailea
Maiatzak 7, asteartea, 19:00etan
Doako jarduera

“Néstor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura” erakusketarekiko hurbilketa bat

Publiko orokorrarentzat:
Martxoak 13an. 12:00etan eta 18:00etan
Izen-emateak museoaren lehiatilan, bisitaren egunean bertan

Museoaren Lagunentzat saio bereziak:
Otsailak 29 eta martxoak 2an. 12:00etan eta 18:00etan
Izen-emateak hemen otsailak 12tik aurrera

Babeslea:

Kolaboratzaile: