Paisaia buruan pegarra duen emakumearekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Paisaia buruan pegarra duen emakumearekin

Guiard Larrauri, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Olioa mihisean

16 x 25,4 cm

guiard ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1900

82/34

Alberto Aznar jaunaren dohaintza 1924an

1900. urte inguruan, egonaldi eten batzuk egin zituen Guiardek Sopelan, Plentzian eta Gorlizen, guztiak Bizkaian. Herri horietan ezagutu zuen itsaso zabala, eta margolan batzuk landu zituen. Margolan horietan, aurrez aurre begiratuta, behean hareazko zerrenda bat, erdian itsasoaren zerrenda bat, eta goian zeruaren zerrenda bat, ez besterik (agian desagertzear dagoen hodeiren bat), kolorea guztiz nabarmentzen den irudian, non, azaleko objektuak, hots, objektu guztiak, bazter uzteko modukoak diren eta, beraz, bazter utzi diren. Itsas giroko irudi horiek zenbaitetan urratu egiten ditu eguzkiaren argiak, edo airean esekita dauden ur ttantta txikiek, harearen eta itsasoaren arteko ertzak edo elkarguneak lausotuz, begien bistakoa enpastatuz eta ezberdina batuz.

Antzeko zerbait gertatzen da Gorlizko barruko lurretako paisaia honetan. Margolanaren erdian, behatzaileari begira dago emakume bat, belardien artean dabil, pegar bat darama buru gainean, eskuineko eskuarekin heltzen dio. Haren gibelaldean harana ikusten dugu, bertatik luzatzen da Plentziako itsasadarra, zatika ikusten dena, muinoen mazelen eta belardien artean. Ilunabarreko argia dagoela ematen du, eguzkia behe dagoeneko argia, baina eszena osoa hartzen du , bizi bihurtzen du eszena. Margolanari darion argitasuna handia da oso, argi kontra begira ez baita emakumea ezagutzen. Ez da haren fisonomia antzematen, haren figuraren profila baizik ez da nolabait ere hautematen. Begirada inpresionista da inolaz ere. Artistak une jakin bateko argitasuna jasotzen jakin du, beste begientzat ezin ikusizkoa, ia akziorik gabeko segundoa, izenik gabeko pertsona baten mugimendu iheskorra, aireko beroaren isla..., begien bidez burmuinetan eragiten duten inpresioa osatzen dute, eta inpresio horri eutsi egin nahi zaionean berriz ere gogora ekartzeko... jada ez dago.

Beharrizanarekin eta erosotasunarekin zerikusia dute taula honen neurri txikiek. Beste inpresionistekin batera, agerian pintatzen zuen Guiardek, inguruko errealitatetik hartzen zituen eszena horiek. Baina bere gisako beste margolariek astoa, pintura kaxa, marko batez inguraturiko oihala, aulkia, eguzkitakoa eta beharreko tresneria guztia aldean eramaten zuten bitartean, Guiardek jakako poltsikoan sartzeko moduko taulatxoak eta taulatxoak bezain txikia zen pintura eta pintzel sorta biltzeko kutxatila eramaten zituen sarritan. Soroan eserita, ezkerreko eskuarekin taulari eutsiz eta eskuinekoarekin pintzelari, ez zuen gehiago behar. Orain dela ehundik gora urteko udako arratsalde bero baten une jakin bat harrapatzen duen margolana, gure bizitzako momentu batean bizi izan bagenu bezala berriz ere sentitzen duguna: arratsalde bat, zelaian etzanda, haize beroak aurpegian jotzen digula eta inguruan naturaren soinu moteldua aditzen dugula.

Beste nonbait azaldu dugun bezala, oihala ez baizik eta zura zen euskarririk egokiena Guiardek aplikatzen zituen pintura geruzentzat. Nolanahi ere den, margolan txiki honetan halako materia dentsitate erlatiboa (olio hondarrak pintzel txikiarekin egindako ukitu guztietan) aplikatu zuen artistak, eta horrenbestez lortu zuen espazio biziaren sentsazioa nabarmentzea.

Oso-oso azkar egiten zituen Guiardek gisa honetako margolanak, eta abiadura berean saltzen zituen. Ehunka egingo zituen, eta koloretako lapitzekin ere marrazki asko egingo zituen kaiereko orrietan, gero poltsikoetan metatzeko. Lagunen eta ezagunen bidez eman zion irteera arte emari handi horri, eta egun, zaila da egindako bideari jarraitzea. Hain zuzen ere taula txiki honen aurreneko jabea, Alberto Aznar, Guiarden oso laguna zen (eta margolariaren lagun Ramon de la Sota enpresaburuaren bazkidea), eta Guiardek molde honetako pieza asko oparitu zizkion. Aznarrek, gerora, Bilboko Arte Ederren Museoari oparitu zion margolan hau, baina haren oinordekoek badituzte antzeko margolan batzuk. Pintorea erabat ezgai zenez zegozkion kontu ekonomikoak gobernatzeko, ez dago baztertzerik bere lagun aberats eta eraginkorren kasuan horrelako opariak eginez ordaindu izana egiten zizkioten mesedeak eta ematen zizkioten beste laguntza batzuk. [Javier González de Durana, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 61. (Con el título Paisaje).
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 112.
  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina , 1984. n° cat. 106.
  • Arana Martija, José Antonio. Eresoinka : embajada cultural vasca, 1937-1939. Vitoria-Gasteiz, Gobierno Vasco = Eusko Jaurlaritza, 1986.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 466-468, n° cat. 102. (Con el título Paisaje con mujer con cántaro en la cabeza)