Bilduma online eta irudien salmenta
Artiach
Ferrer i Espel, Emilio
Bartzelona, 1899-Bartzelona, 1970
Koloretako litografia paperean
90,3 x 69,7 cm
Emilio Ferrer (behealdeko ezkerraldea)
1935
XX. Mendearen bigarren laurden
82/1941
1981ean eskuratua
Bilbon, 1907. urtean sortutako G. de Artiach familia enpresak gailetak egiten zituen hasiera-hasieratik. Lehen lantegia Garcia Salazar kalean zegoen, baina 1908. urtean, Cantarranas eta Urazurrutia kaleetan zeuden beste lokal handiago batzuetara eraman zituzten instalazioak. 1920. urtean, sute baten ondorioz, lantegiaren kokalekua birplanteatu behar izan zuen Artiach familiak, eta handik urtebetera, Deustuko erriberetara eraman zuen. Enpresak hantxe burutu zuen bere ekoizpen lana 1983ko abuztuko uholdeak gertatu ziren arte, eta gertakizun haren ondoren enpresarekiko lotura hautsi zuen familia jabeak.
Marka honek sortu zenetik arrakasta handia izan zuen merkatuan. Horretan lagundu zuten banaketa sistema eraginkorra izateak, fabrikatu ondoren produktua 24 ordutan iristen baitzen salmenta guneetara, eta egiten zituzten ondo prestaturiko publizitate kanpainek. Hamar urteko ibilbidea egin baino lehenagotik Espainia osoan ezaguna zen Artiach eta banaketa guneak zituen Madril edo Valladolid bezalako hirietan, besteak beste. Hala ere, hogeigarren urteetatik aurrera izan zuen hedapen handiena, une hartan hasi baitziren ugaritzen nazio mailan egiten zituzten prentsa iragarkiak.
Zazpi hamarkadatan zehar, era guztietako formatuetan eta euskarrietan erakutsi zen enpresa honekin loturiko publizitatea. Aipatzekoa da prentsan nahiz aldizkari ilustratuetan iragarki ugari eta era guztietakoak agertu zirela hogeigarren eta berrogeita hamargarren urteen artean. Haietako askok orrialde osoa hartzen zuten argitalpen garrantzitsuetan, Mundo Gráfico edo Blanco y Negro argitalpenetan, esate baterako, eta horrek izugarri lagundu zuten Artiach markarekin loturiko produktu aukera handiaren irudia eta ezaugarriak ezagutzera ematen. Bestalde, Veritas eta O. E. S. T. E. bezalako bi publizitate agentzia handiren sorrerarekin zuzenean loturik egon zen enpresa hau. Haietan, Aristo Téllez (1888-1951), Federico Ribas (1890-1952) edo Emilio Ferrer bezalako sortzaileak izan ziren marka honen eta beste askoren iragarkien egileak.
Era askotakoak dira Artiachek egindako publizitate kartelak, bai formaren planteamenduari bai lortu nahi zituzten helburuei begira. Haietako batzuk, Emilio Ferrer-en hau esate baterako, etxearen izena ezagutzera emateko asmatu ziren, eta beste batzuk, berriz, produktu jakin baten kontsumoa bultzatzeko asmoz sortu ziren. (Mikel Bilbao, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 154, 156, n° cat. 63.
- "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 43.
- Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 374-375, n° cat. 136.
- Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 37.