Argizaiola Zuta - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Argizaiola Zuta

Basterretxea, Nestor

Bermeo (Bizkaia), 1924/03/06-Hondarribia (Guipuzkoa), 2014/07/12

Haritza

194,5 x 40 x 37,5 cm

1973

13/149

Artistaren dohaintza 2013an

Hilerrietan egiten zen antzinako euskal ohitura bati jarraiki, hildakoen biziraupena iradokitzeko, giza itxurako irudiak erabiltzen ziren eta horietan argizariak pizten zituzten. Hori dela eta, argizaiolaren bertsio bertikala irudi bat da, Barandiaranek argizariaren eta giza gorputzaren artean ezartzen duen sinbologiaren ildoan. Argizaria hildakoaren ikurra da. Hitzaren etimologiari begira, argi eta ola (ohola) hitzak ditugu. Gaztelaniara itzuliz gero, "tabla de la cera" esango genuke. Taula (taulatxo) itxurako zurezko euskarri bat da, euskarri horretan kiribilduta argizaria edo ezkoa jartzen da, eta hildakoen oroitzapenez pizten da. Argizaiola tamaina txikiko objektu bat da (ia inoiz ez du berrogeita hamar zentimetroko luzera gainditzen), eta behealdetik heldu ahal zaio.

Formari dagokionez, lan hau pieza lerdena da, oso arina, aurretiko ikuspegia duena. Euskarri-oinazpiko-oinalde bati eutsita dago, bere autonomia nabarmentze aldera. Bestetik, piezak eskulanaren itxura handiagoa du. Hala, badirudi ohiko argizaiola baten diseinuzko eredu bat edo eguneratutako eredu bat dela. Ematen du landa-giroko euskal artearen edo herriko artearen eragina jaso duela, esate baterako, landa-giroko altzarien dekorazioko xehetasunetan (gehienbat, kutxetan), hilarri zaharren mota jakin batzuetan eta, orobat, bestelako eskulanetan. Horiek guztiak lehenagotik azaltzen dira Basterretxearen obran, hala nola, Ama Lur lanean (1968), Basterretxearen interesa piztu duten motiboak baitira. Gainera, argizaiolaren beraren erreferente objektualak areago indartzen du aurrean duguna lanabes bat, tresna bat delako ustea, eta, eskultura izateko berriz diseinatu denean, tresna horri beste egiteko bat eman zaiola (lehen zeregin jakin bat zuen, eta orain, berriz, zeregin horren ikurra da).

Gauza edo objektuaren izaera areago sendotzeko, artistak argizaiolek izaten duten ezko-biribilkia jarri du piezaren behealdean. Objektu honek pixkanaka galdu du sortu zenean zuen balio sinbolikoa eta espirituala, baina oraindik ere dekorazioko edo bildumako objektu gisa erabiltzen da, eta mila urteko ohitura zahar bat gogoan hartzeko ere bai. Ezko-biribilkia kirtenaren tokian dago jarrita, erdiko atalean egon beharrean. Keinu horren bidez, eskultura honek argizaiol gisa izan zezakeen funtzionaltasuna ahuldu da, argizaiola erabiltzeko aukera galbideratu da, eta, neurri batean, argitu da artearen eta arte aplikatuaren arteko zalantza. [Peio Aguirre]

Bibliografia hautatuta

  • Amón, Santiago. "Néstor Basterretxea", Nueva Forma, n° 94. 1973. p. 63.
  • Nestor Basterretxea : Euskal Serie Kosmogonikoa = Serie Cosmogónica Vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 104-107, sin n° cat.
  • Basterretxea [Cat. exp.]. Bayonne, Musée Basque et de l'histoire de Bayonne, 2010. pp. 32-33, 124, n° cat. 32.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 143-147.