Berriak
21-09-12
Sorolla areto berriaren aurkezpena
Bilboko Arte Eder Museoak Joaquín Sorolla margolariari eskainitako areto monografiko bat zabaldu du, beren bildumetako 22 margolan gordailu modura utzi dituzten partikularren lankidetza eskuzabalari esker.
Gordailu modura jasotako obrei esker, Sorollaren lanen sorta hautatua modu iraunkorrean ikusi ahal izango da museoaren eraikin zaharreko lehen solairuko aretoetan, XX. mendearen lehenengo hamarkadetako obrei eskainitakoetan; berez, 3 urterako sinatu da hitzarmena, baina luzatu egin daiteke. Hastapeneko aurkezpenerako, 7 pintura hautatu dira 25. aretorako, eta nabarmentzekoa da pieza horietako 5 bereziki adierazgarriak direla, Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863–Madril, 1923) Euskadin egindako egonaldietan margotutakoen barruan.
Multzo horrekin, osatu egingo da museoko bilduman lehendik zegoen Sorollaren ondarea, 3 koadro adierazgarri biltzen dituena –Erlikiari musu ematen (1893) (18. aretoa), Mañanós pintorearen erretratua (1903) (19. aretoa) eta Unamunoren erretratua (1912 ing.) (29. aretoa)–, eta XIX. eta XX. mendeen arteko espainiar margolaritzako artista handienetako baten obraren sorta hautatu oparoa eratu ahal izango da. Horretaz gain, azpimarratzekoa da garai bereko beste euskal artista batzuek ere badituztela hainbat erakusgarri museoan, bereziki Ignacio Zuloagak (Eibar, Gipuzkoa, 1870–Madril, 1945): 8 lan aipagarri ditu museoak, baita hainbat marrazki ere, eta Festako biktima (1910) mihise ezaguna, New Yorkeko Hispanic Societyk gordailu modura utzia. Sorolla eta Zuloaga garrantzi handiko pertsonaiak izan ziren mende arteko garaian: harrera bikaina egin zien kritikak, eta nazioartean ospe handia izan zuten, Parisen, Berlinen, Londresen edo Estatu Batuetan egindako erakusketak lekuko.
Sorolla, Euskadin
1889an ezagutu zuen Sorollak Euskadi, Erromako euskal artisten kolonia ugariarekin elkartu ondoren hiri hartatik itzulerako bidaian zetorrela. Parisen geldialdia egin, eta, gero, egun batzuk igaro zituen Donostian. Haren biografian goiz gertatu zen lehen topaketa hura, eta, harrezkero, 1910era arte, egonaldi labur ugari egin zituen Euskadin, betiere, Pariserako bidean; egonaldi haietan, oharrak hartu eta formatu txikiko obrak margotu zituen, batik bat. Kantauriko kostaldean, hegoaldeko hondartzetakoen oso bestelako argi hezea eta kolore berde eta grisak topatu zituen egileak. Horretaz gain, garai hartan, Isabel II.a erreginak udaldiak Zarautzen igarotzea erabaki zuelarik, iparraldeko hondartzetan finkatu zuten udako egoitza errege familiak, aristokratek eta goi burgesek; eta, hala, Sorollak, udako aisiako giro dotore eta fin hark eskaintzen zizkion gaiak ez ezik, bezeria oparoa aurkitu zuen hemen, bere obrak ikusteko eta erosteko irrikaz zegoena. Harrezkero, margolaria hainbat aldiz itzuli zen, familiarekin, ia beti.
1906ko udan, Biarritzen eta Donostian izan ziren, eta hondartzak eta kostaldeko irudiak margotzen jardun zuen artistak. 1910ean, Zarautzera bidaia egin, eta hondartzan irudikatu zuen Sorollak bere familia; horretaz gain, eguraldi aldakorrak horretara bultzatuta, taberna barneko irudiak ere landu zituen, arrantzaleak edanean ageri dituzten obrak, batez ere. Hain zuzen ere, aipatzekoak dira hemendik aurrera museoko 25. aretoan ikusgai izango diren gordailuko Mozkorra, Sardinak erretzen eta Sagardo-edalea.
1911n igaro zuen lehen udaldia Donostian, San Luis eta Chicagotik itzulita, New Yorkeko Hispanic Society elkarteak antolatutako bigarren erakusketa ibiltari arrakastatsuaren ondoren. 1912an, uztaileko lehen hamabostaldia Biarritzen egin zuen, New Yorkeko Hispanic Society of America elkartearen sortzaile Archer M. Huntingtonen eta haren emaztearen erretratuak margotzen. Gainerakoan, Donostian eman zuen uda, nahiz eta handik joan-etorriak egin zituen Erronkari aldera, hango pertsonaien zirriborroak lantzera, Hispanic Society elkartearen Nafarroari buruzko panelerako. Urte bereko iraileko lehenengo hamabostaldian Bizkaian ibili zen margotzen, Lekeition, hain zuzen.
1913ko irailean, Donostiara bidaia egin zuen, berriro, eta Alfontso XIII.a erregearekin elkartu zen. 1914an ere izan zen Donostian, familiarekin; orduan amaitu zuen –Bola-jokoa, Gipuzkoa– koadroa, Hispanic Societyrentzat egindako Euskadiri buruzko lana. 1917ko uda ere Donostian igaro zuen, familiartean: Villa Sorollan, Donostiako Igeldo mendiaren magalean, itsasargiko bidean. Baita hurrengo uda ere, oharrak biltzen eta hondartzako eta hiriko irudiak margotzen; gainera, kai muturraren ikuspegiak ere landu zituen, Ulia mendia atzean dela. Hain zuzen ere, hogei bat obra utzi zituen gai hori ardatz dutenak: itsasoaren eta kostaldeko paisaiaren askotariko aldaerak, pintzelkada askez landuak.
1920 eta 1921eko udetan, familiak eraman zuen margolaria Villa Sorollara, oso gaixo baitzegoen ordurako. Haiek izan ziren azken udak: 1923an hil zen, bere alaba Mariaren etxean, Cercedillan (Madril).
Sorolla aretoa (Koadroak)
1.– Mozkorra. Zarautz, 1910
Olioa mihisean. 115 x 140 cm
2.– Sardinak erretzen. Zarautz, 1910
Olioa mihisean. 142 x 205 cm
3.– Sagardo-edalea. Lekeitio, 1910
Olioa mihisean. 167 x 115 cm
Sorolla 1900 inguruan hasi zen Kantauri aldeko hondartzak margotzen; Donostiakoa, batik bat. Garai hartan, hantxe ematen zituzten udaldiak errege familiak eta aristokratek, eta horrek aukera paregabea ematen zion Sorollari dama dotoreen erretratuak margotzeko, iparraldeko argi bereziarekin eta bere sorterriko (Valentzia) hondartzetakoekin alderatuta oso bestelakoa zen kromatismo bitxi batekin. Lan horiek New Yorken erakusgai jarri zituen 1909an, eta, arrakasta handia izan zutenez, 1910ean Zarautzera bidaiatu zuen familiarekin, margolaritza lantzera eta gai berriak bilatzera, Isabel II.a erreginak udako egoitza ordurako hantxe finkatuta zuela baliatuta.
Urte horretan eguraldi txarra egin zuen, ordea, eta ezin izan zuen hondartzan nahi bezain luzaroan lanean aritu; hala, erabaki zuen formatu handiko obrak ere margotzea, marinelen taberna barruko irudiak oinarri hartuta. Obra sorta horretatik –25 bat dira, zirriborroak eta koadroak kontuan hartuta–, bereziki nabarmentzekoak dira hemen aurkeztutako hirurak, gertaera berezi baten isla baitira Sorollaren artelanen baitan. Euskal pertsonaia horien irudiek jatorrirako itzulera adierazten dute, nolabait; irudi horietan, Sorollak hainbeste miresten zuen XVII. mendeko espainiar eskolaren pintura errealistaren oihartzuna sumatzen da, baita flandestar eta holandar pinturarena ere, zeinetan ugariak izan baitziren tabernen eta haien bezero xumeen generoko gaiak. Bestalde, Sorollak zuzeneko adierazgarritasunaz eta kromatismo eutsiz irudikatu zituen giro eta pertsonaia herrikoi horiek, eta irudi egiatiak lortu zituen horrela; horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, Zarauzko sorta nahiz Lekeitioko sagardo-edalearen irudi bakartia.
4.– María, margotzen, 1905
Oiloa mihisean. 100 x 50 cm
Sorollaren familiako pertsonaien erretratuek atal aipagarria osatzen dute margolariaren ekoizpenean, eta ezin hobeto islatzen dute erretratugile gisa zuen estiloaren eta kalitate bikainaren bilakaera. Sarritan margotu zituen Clotilde emaztea eta María, Elena eta Joaquín seme-alabak, erretratuetan nahiz eguneroko jardueren edo generoko irudien protagonista gisa. Koadro honetan, María agertzen da, Sorollaren alaba zaharrena, margotzen: txikitatik izan zuen Maríak margotzeko zaletasuna, eta izugarri gogobetetzen zuen horrek aita. Zirriborroan jasota gelditzen da, gainera, Sorollak nola gomendatu zion alabari kanpoan margotzeko. Jarduera horren lekukotasuna ematen duten zenbait argazki eta mihise daude, hala nola María, Pardon margotzen (1907).
5.– Donostiako neskatilak, 1912
Oiloa mihisean. 92 x 80 cm
1912ko udan, Donostian izan zen Sorolla, eta berrogeita hamar bat zirriborro egin zituen, hango hondartza, lorategi eta ikuspegiei buruz. Honako honetan, berebiziko freskotasunaz adierazi zuen hiru neskatilaren –margolariaren alabak, María eta Elena, eta haren iloba Mª Teresa García Banús– keinu eta jarrera bat-batekoa. Enkoadratzeak, konposizioaren oinarriko zoruko planoak eta argiaren eta itzalen lanketak argazkilaritza gogorarazten dute; hain zuzen ere, Sorollaren margolaritzan eragin nabaria izan zuen argazkilaritzak, garai hartako espainiar argazkilari profesional ospetsuenetakoa baitzen Sorollaren aitaginarreba, Antonio García, zeinarekin harreman estua izan baitzuen margolariak. Urte hartako abuztuan, Sorollak Donostiatik Erronkarira bidaiatu zuen, Erronkariko pertsonaiei buruzko panelerako hiru koadro handiak bertatik bertara eta naturaletik margotzera.
6.– Erronkariko pertsonaiak, 1912
Oiloa mihisean. 200 x 150 cm
Irudi honetan, Europako ospakizunik antzinakoenetako bat ikus daiteke. 1375. urteaz geroztik, Frantziako Baretos ibarraren eta Nafarroako Erronkari ibarraren arteko liskarren amaiera ospatzen dute urtero, uztailaren 13an. Eta jai horixe agertzen da, hain zuzen, irudi honetan: bi pertsonaia dira, neurri naturalean irudikatuak, Velázquezen eta Maneten tankerari jarraituz; XVII. mendeko janzkera tipikoaz jantzita daude, eta banderak ikusten dira atzean. Koadro hau New Yorkeko Hispanic Societyrentzat Nafarroari buruz egin behar zuen panelerako prestalana izan zen, eta behin betiko bertsioarena baino kalitate are hobea du, zenbait kritikariren ustez.
7.– Neskatxa andaluziarra, 1914
Oiloa mihisean. 120 x 90 cm
Sorollak Sevillan egin zuen koadro hau, New Yorkeko Hispanic Societyrentzat nazarenoen panela margotzen ari zen bitartean. Emakumezkoen beste erretratu batzuk ere egin zituen, prostituzioarekin loturikoak seguru asko; honako honek biltzen ditu, hala ere, haien ezaugarri aipagarrienak: emakumezko irudiaren presentzia irmoa, pertsonaiaren aurpegieraren nortasun nabarmena eta hondoaren argitasun delikatua.
Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863–Madril, 1923)
Joaquín Sorollak oso gaztetatik izan zuen marrazkirako eta margolaritzarako zaletasuna, eta goiz hasi zuen ikaskuntza artistikoa, Cayetano Capuz eskultoreak haren sorterriko Artisau Eskolan ematen zituen marrazketako gau eskoletan. 1879an, Valentziako San Carlos Arte Ederretako Eskolan egin zituen ikasketak. 1881ean, Madrilera bidaiatu zuen, eta El Greco, Ribera eta Velázquezekiko mirespena sortu zion Pradoko museoko bisitak.
Handik gutxira, 1884an, ikasketak egitera Erromara joateko aukera izan zuen; eta handik Parisa aldatu zen, laster. 1890az gero, jada Madrilen bizi zela, artista gisa finkatuz joan zen Sorolla. goren mailako domina lortu zuen 1895ean, errealismo sozialaren ildoari jarraitzen dion Eta arraina garesti dagoela diote obrari esker. Ospe handia eman zion, halaber, erretratuaren generoak; enkargu asko jaso zituen Madrilen nahiz Parisen. Nazioarteko ospea eta arrakasta, salmentei nahiz kritikei dagokienez, Parisko (1906) eta New Yorkeko (1909) erakusketek eman zioten.
Sorollaren estiloa, “luminismo” deitua, hegoaldeko argiaren islan eta kolore oliotsuen erabileran oinarritzen da; Sorollak pintzelkada luzeez aplikatu ohi zituen kolore oliotsu horiek, pertsonaia eta jarduera herrikoien irudietan. Joera horren erakusgarri nagusietako bat Haurrak hondartzan (1910) da, Pradoko Museoaren jabetzako obra.
Hala ere, artistaren obrarik handinahiena Espainiako lurraldeei buruzko 14 panelek osaturikoa izan zen. New Yorkeko Hispanic Society elkartearen liburutegirako landu zuen, 1912 eta 1919 bitartean. Obra hartan buru-belarri lanean jardun zuen bere bizitzako azken urteetan, baina ezin izan zuen amaituta ikusi; izan ere, 1920an, hemiplegiak jo zuen Madrilgo bere etxean, eta handik hiru urtera hil zen. 1919an Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolako kolore eta konposizio maisu izendatu zuten, baina ez zuen denbora askorik izan postu hartaz gozatzeko; eta ez zuen inauguratuta ikusi New Yorkeko bere maisulana, egilea hil eta handik hiru urtera egin baitzuten inaugurazioa.