Balkoiko maja - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Balkoiko maja

Alenza, Leonardo

Madril, 1807/11/06-Madril, 1845/06/30

Olioa mihisean

73,5 x 61,5 cm

c. 1840

69/153

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Manola eder bat ageri da bere balkoian, ukondoak eskudelean jarrita, alde batera eramandako errezelen ondoan. Gelako ilunantzetik azaltzen da zelestina zaharraren irudia, bere babespeko gaztearen keinu probokatzaileak zaintzen. Majak eskote handiko gerruntze estuaren eta kanpai formako gona nasaiaren azpian ezkutatzen ditu bere graziak. Lorez apaindutako apain-orraziarekin ileari lotutako farfail beltzeko mantelinarekin estalita ageri du burualdea. Beso biluzi sentsualak agerian ditu, besoko deigarriekin apainduak, ezkerreko eskuarekin haizemaileari eusten diolarik.

Madril erromantikoan, emakumeen jatortasunaren pertsonifikazioa izan ziren majak eta manolak Ramón de la Cruzen saineteetan hilezkor azaldu zirenetik, Borbonen dinastiak XVIII. mendetik aurrera Gortean ezarritako atzerriko moden eta ohituren aurka egiteko. Bitxia bada ere, hain zuzen ere gorteko goi mailako emakumeen moda eta ohitura horiek imitatuko zituzten Hiriko eta Gorteko maila apalagoko edo xumeagoko emakumeek. Izaera harroko emakume horiek, jenio biziko eta itxura lotsagabeko emakume horiek, eme seduzitzaile lotsabakoen rola, prostituten rola ia, betetzen zuten agerian batzuetan ez horren agerian bestetzuetan; baina azkenik, askok bukatzen zuten prostituta izaten, ia beti gertutik zaintzen zituzten zelestinak lagun.

Honenbestez, Goyaren arrastoari jarraitu zitzaizkion madrildar Erromantizismoko ohiturazko irudiak margotzen zituztenen argudio gustukoenak izan ziren zelestina zaharrak lagun zituzten majen koadroak , eta zabalkunde handia izan zuten grazia handiko emakume arraza honi buruzko eszenek, nahiz eta artista aragoitarrak emakume horien alde garratzena eta kritikoena islatu zuen. Artista hauek, baina, ikuspegi alaiagoa eta jatorragoa eman zieten Madril erromantikoa erabat hartuko zuten margolanei, herri ohiturak islatzen zituztenei. Leonardo Alenza eta Eugenio Lucas (1817-1870) izan ziren gisa honetako margolanetan artista handienak.

Hain zuzen ere azken artista horri esleitu izan zaio oihal hau. Izan ere, Lucasek margolan askotan erabili zuen argudio hori bere aldaera guztietan, baina Lucasen margolanetan oso bestelakoak dira emakumeak, askoz ere soineko ikusgarriagoekin eta kargatuagoekin daude jantzita, estilo goieskoari jarraiki, betiere ikonografia ongi zehaztua duen ereduaren arabera, aipatu margolariak oso berezko zuenari jarraiki.

Aitzitik, oihal honek aurkezten duen emakume motak --hazpegi biribilak, beso zabalak, bihurgune leun eta bigunekoak, atal sentsual eta biribilekin, betiere mantelina beltzean bilduta eta kanpai formako gona jantzita--, Alenzaren obra osatzen duten ezin konta ahala margolanetan, akuareletan, marrazkietan eta grabatuetan azaltzen diren majen eta manolen ereduari erantzuten dio inolaz ere, nahiz eta Alenzaren obrak askoz ere txikiagoak ziren.

Hain zuzen ere margolanaren neurriak egiten du berezi honakoa aipatu margolariaren obran, neurri horrek azaltzen du, hein batean azaldu ere, obra Lucasi esleitu izana. Era berean, teknika zehatzak, ukitu zabalekoak eta kartsuak, aberastasun piktoriko handikoak, Alenzaren ohiko margolan ezagunetan eta txikiagoetan nekez lor daitekeen askatasuna eta freskotasuna ematen dizkiote margolan honi.

Oihalaren ezohiko neurriak aukera ematen dio Alenzari gaztearen irudiaren modelatuari biribiltasun handiagoa emateko, nabarmendu egiten da emakumearen haragizko atalen zuritasun sentsuala barruko ilunantza urratzen duen irudia argitzen duen argi izpiarekin, ilunantzean maitasun estalgilea ezkutatzen ari den bitartean. Majaren keinuak, keinu serioak eta bilduak, begi nini handiak kalera begira dituela denbora-pasa dabiltzan gazte galaien peskizan, margolariaren obran parerik ez duen intentsitate dramatikoa eta espresiboa ematen dio margolan honi. Aitzitik, lan honetan eutsi egiten dio konposizio bakunen, soiltasun handiko konposizioen aurreko gustuari, funtsezko elementuetara mugatzen da ohiturak islatzeko margolanak argudio sendoez hornitzeko; elementu horiek plano sinpleetan, ongi zehaztutako planoetan, daude adierazita, esate baterako, alde batera eramana dagoen errezela handia, diseinuaren ikuspegitik oso sinplea tolesen formei dagokienez baina kolorearen ikuspegitik intonazio okre beroaz aberasturik, margolari honek oso berezkoa duenari jarraiki. (José Luis Díez)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 52, n° cat. 209. (Con el título Una maja al balcón, y atribuido a Eugenio Lucas)
  • Gaya Nuño, Juan Antonio. La pintura española en los museos provinciales. Madrid, Aguilar, 1964. pp. 294-296, n° cat. 81.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 69, n° cat. 153. (Con el título La maja del balcón, y atribuido a LUCAS PADILLA, Eugenio).
  • Arnáiz, José Manuel. Eugenio Lucas : su vida y su obra. Madrid, M. Montal, 1981. n° cat. 478.
  • Eugenio Lucas, 1817-1870 [Cat. exp.]. Zaragoza, Museo e Instituto de Humanidades Camón Aznar, 1984. p. 29, n° cat. 13.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 60-63, n° cat. 8.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 60-63, n° cat. 8.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 60-63, n° cat. 8.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 146-149, n° cat. 15. (Con el título La maja del balcón)
  • Goya : estampas de invención : Caprichos, Desastres, Tauromaquia y Disparates [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. p. 65.