Andre Mariaren burua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Andre Mariaren burua

Anonimoa, espainiarra. XIV. mendearen hasiera

Alabastroa

19,7 x 14,6 x 12,3 cm

c. 1300

69/416

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Segur asko material merkeago batez egin beharreko estatua baten burua izatea izango zen buru honen azken norakoa , baina hipotesi hori jatorrizko obra sakon azterturik baizik ezin da argitu. Emakume gazte baten burua da, oso ederra, koroa bat du eta buruzapi batez estalita ditu ileak, Ama Birjinaren irudia behar du inolaz ere. XIII. mende hasieran erreginek erabiltzen zituzten jantziak daramatza. 1300. urte inguruan Ama Birjinen estatuei gorteko emakumeen ezaugarriak eransten bazizkieten ere, debekatuta zuten mantua, buruzapia edo orrazkera unean uneko modaren arabera irudikatzea.

Ia ez dago obra hau datatzeko eta aurkitzeko erreferentziarik bat ere. Estiloaren ikuspegitik, Parisen 1300 urte inguruan, Felipe IV.aren (izengoitiz Ederra) agintaldian zehar, modan egon zen eskultura gogorarazten du. Hala eta guztiz ere, Nafarroako erresumaren eta Frantziako Errege etxearen artean zeuden politika eta kultura harreman estuak kontuan izanik, segur asko Pirinio aldean gauzatuko zuen egileak lan hau. Marmolaren zehaztapen geologikoak baizik ezin du enigma hori argitu.

Beti jarri da arreta berezia aurpegian: estua eta txikia da ahoa, ezpainak irtenak. Geometrikoki trazatutako marra sudur zuzenetik bekainen gaineko arkuetara iristen da. Liraindu egin zaizkio begiak, almendra forma dute. Nola aurpegia hala hazpegien zabalera eta altuera moduluen laguntzaz zehaztu ziren printzipio geometrikoari jarraiki, printzipio horixe baita gotikoko arkitekturaren aurreko pentsamoldeak sustatutako ideal gorena.

XIII. mendetik aurrera gero eta gehiago goraipatu zen Ama Birjinaren edertasuna. Kantarik Ederrenaren arabera, «pulchra ut luna, electa ut sol» («ederra ilargia bezain, garbia eguzkia bezain», 6, 3, 9 Kantak) da Ama Birjina. Ebaren edertasun lurtarra apaldu egiten da Jainkoaren amaren naturaz gaindiko distiraren aurrean, ez dago haren edertasuna gainditu dezakeen emakumerik. Mariarekin lotzen da ederra den oro: Maria da «rosa mystica» (arrosa mistikoa), «flos campi et lilium convallium» (mendiko lorea eta hareneko ostargi belarra). Jainkoak aukeratu izanaren seinaletzat interpretatzen da Mariaren edertasuna. Suediako Santa Brigidaren esanetan, «santu guztiek laudatzen dute Jainkoa bere amaren edertasunagatik, eta bere edertasunak bustita dago aingeruen eta arima saindu guztien poztasuna». Horregatik, hain zuzen ere, Ama Birjinaren irudi ahalik eta ederrenak sortzeko ahaleginak egiten zituzten artistek. (Robert Suckale, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 167, n° cat. 416. (Con el título Cabeza de virgen o santa, y como Anónimo Francés del siglo XIV)
  • Ara Gil, Julia. "Imágenes Góticas de la Virgen de procedencia francesa en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Urtekaria 1990 : asterlanak, albistak = anuario 1990 : estudios, crónicas. 1991. pp. 7-21.
  • Hay más en ti : imágenes de la mujer en la Edad Media, siglos XIII-XV [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. pp. 216-218.