Berriak
06-03-24
Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze programa
2023ko kanpaina
Artelanak behar bezala kontserbatu eta erakuts daitezen, horien material guztia osotasunez gordetzen dela ziurtatzea helburu duten zenbait jarduera esparruk osatzen dute Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze Programa.
2023ko kanpainan, Zenbat Gara elkarteak eta Gabriel Aresti euskaltegiak eskuzabaltasunez egindako dohaintza dago. Hain zuzen ere, museoaren bilduman sartuko den lehen beiratea da: Ene… zelako saskilak!, José Arrue euskal artistak dsiseinatua.
Nabarmendu egiten da, gainera, lanketa oso espezializatua eta diziplina anitzeko profesionalen lankidetza (museoaren zuzendaritza zientifikoarekin) behar izan duten obrak hautatu izanagatik. Beiratearen zaharberritzean Vitoria-Gasteizko Vitrales Mikel Delikak hartu du parte. Orfeoren heriotza eskultura bikaina Artycoko instalazioetan tratratu da, Vitoria-Gasteizen hori ere. Gainerako artelanek, baita Julio Antonioren Venus mediterranearra brontzeko eskulturak eta Francisco Durrioren hiletetarako burdin hesien eredu apartak ere, museoaren zaharberritze-tailerretan jaso dute tratamendua.
Hori horrela, eta 2013. urteaz geroztik Iberdrolarekin elkarlanean egindako lanari esker, aukera izan da museoaren bildumako hainbat piezatan eta, batzuetan, erakusketetan parte hartzen duten beste erakunde batzuetako zenbait lanetan kontserbazio edo zaharberritze prozesuari osotasunez ekiteko –aurretiko analisi eta azterketa teknikoak, tratamenduen aplikazioa…–. Programak, halaber, ezagutza artistikoari laguntzen dio, ikerketa zientifikoaren bitartez, eta, horrela, lan bakoitzaren berezitasun teknikoekin eta materialarekin koherentea izango den kontserbazio eta zaharberritze irtenbideak aplikatzeko aukera ematen du, berrikuntza eta jasangarritasun irizpideei jarraituz.
Irizpide berak aplikatzen zaizkie beste erakunde batzuei denbora baterako maileguan uzten zaizkien lanei. 2023an, That Time erakusketak bultzatuta –Tabakaleran (Donostian) ikusgai egon zen ekain eta azaro bitartean–, ehun lan ingururi egin zitzaizkien doikuntzak; horien artean aipatzekoa da Fernand Légerren Munduaren sorkuntza tapizean egindako ehunen kontserbazio tratamendua.
Era berean, bilduman sartzen diren lan guztiei azterketa bat egiten zaie, kontserbazio egoera baloratzeko eta, hala badagokio, optimizatzeko. Horren adibide dira, esaterako, orain hallean ikusgai dagoen William Bouguereauren Botoa Sainte-Anne d’Aurayn mihisea (Begoña María Azkueren legatuari esker lortua); Bartzelonako Palau Sant Jordiren I-H luzetarako sekzioa, ganga formakoa (egileak berak, Montserrat Ribas arkitektoak emana) paper gaineko marrazki handia, 15. aretoan ikusgai dagoena, eta Charles eta Ray Eamesen zurezko bionboa, orain dela gutxi eskuratua eta 3. aretoan ikus litekeena.
Profesionalak trebatzea da programaren beste helburuetako bat, eta asmo horrekiin deitzen dira, urtero, Iberdrola-Museoa bekak. 2023an zehar, Kontserbazio eta Zaharberritze sailean Marina Aguiar eta Sara Hernández bekadunak aritu dira bertan.
PEDRO DE ICAZA Y AGUIRRE HALLA
Nemesio
Mogrobejo (Bilbo, 1875-Graz, Austria, 1910)
Orfeoren heriotza, 1904-1906
Brontzea. 209 x 395 x 61 zm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena, 1921ean1
Orfeoren heriotza triptiko handi baten erdiko gorputza da, eta Ovidioren Metamorfosiak lanean oinarrituta dago. Alboko bi erliebeak modelatu gabe geratu ziren, baina marraztutako zirriborro bati esker ezagutzen dira. Mogrobejok lan honetan jasotzen duen eszena: menadeek, Orfeok Dionisoren gurtza baztertu zuelako haserre eta frenesi bakotarrak hartuta, haren gainera egiten dute, hura hiltzeko asmoz. Gaztea, hilzorian, altxatzen saiatzen da. Eskuinean, bakante batek tirso bati eusten dio eskuan; ezkerrean, beste batek mirto eta zipres koroa kentzen dio, eta hirugarrena makurtu egiten da, liraren bila.
Mogrobejok 1904ko udazkenean hasi zuen lan hau (lan horrek izan behar zuen, hain zuzen, pentsiodun gisa egindako azken lana), Florentzian. Itxura denez, urtebete baino gehiago eman zuen Orfeoren irudia egiten (1904ko azarotik 1905eko abendura). Goi-erliebean egina, berehala hartu zen egilearen lan onenetakotzat. 1920. urtearen amaieran bihurtu zen lana brontzezkoa, Calahorra urtzaileen bitartez (Madril); Valentín Dueñas eskultorea izan zen lan haren ikuskatzailea. 1921eko otsailean jarri zen museoan. [Miriam Alzuri]
Tratamendua
Azken urteetan, brontzea zehaztasun handiz aztertu da, gainazaleko gune batzuetan gertatutako korrosio prozesuen bilakaera dela eta. 2023an ekin zitzaion tratamenduari, Ártycoko talde espezialistarekin elkarlanean (Gasteizen dituzte instalazioak). Esku-hartzearen bitartez, ur soluzio batez garbitu da gainazaleko geruza, eta korrosioak sortutako substantziak kendu dira, baliabide mekanikoen bidez. Azkenik, kolorea doitu da sortutako higadura arinetan eta galera txikietan.
Ikusi online bildumanLEHEN SOLAIRUKO HALLA
José
Arrue(Bilbo, 1985-Laudio, Araba, 1977)
Rigalt, Granell y Cía
(Bartzelona, 1903-1923)
iEne… zelako saskilak…!, c. 1918
Beira eta beruna. 190 x 181,5 cm
Zenbat Gara elkarteak eta Gabriel Aresti euskaltegiak dohaintzan emana 2023an
Arruek euskal hondartza batean kokatu zuen eszena, beharbada Lekeition, Zarautzen edo Donostian. Egilearen estiloaren ezaugarrietako bat da konposizioaren izaera komikoa, eta hala ikusten da neskatxarekin dagoen baserritarraren, zeinak babesten baitu hura magalean, eta bainularien jokabidearen arteko talka kulturalean. Irudiaren oinean “iEné… que sasqueles…!” esapidea ageri da, eta “Ene… lotsagabeak…!” modura uler daiteke. Gaia osatzeko, beiratearen inguruan eta alboetako plafoietan ikonografia aberatsa dago; Arruek arrainak, izarrak eta itsas zaldiak, zefalopodoak, dortokak eta itsasoko beste hainbat izaki irudikatzen ditu. Bestalde, aipagarriak dira beheko plafoiko bi sirenak, perla maskor baten albo banatara. Beirategiko sinbologia Eva modernoaren kontzeptuarekin lotzen da.
Japoniar estanpen eragina azpimarratu behar da, bai irudietan bai koloreetan eta sakontasun planoak banatzeko moduan. Animalien banaketa zainduari eta berunezko egitura txertatzeko modu armonikoari esker (beirak modu guztiz apartan mugatzen ditu), euskal artearen barruan beirate adibide bikaina da lan hau [Javier Novo]
Tratamendua
Beiratea museora iritsi aurretik zaharberritu zuten, 2017an. Lau zatitan banatuta zegoen, eta pieza nagusiaren beheko panela jatorrizko euskarritik desmuntatuta zegoen. Gainazal osoak, aurrealdeak zein atzealdeak, kutsaduraren ondoriozko substantzien geruza trinkoa zuen. Museoan egindako esku-hartzeari ekiteko, lehenik, garbitu egin zen, disolbatzaile-nahasketa baten bitartez, eta, amaitzeko, multzo osoa muntatu eta euskarri sekundario batean instalatu zen, erakutsi ahal izateko. Albo bietako beheko aldea lehengoratzea Vitoria-Gasteizko Vitrales Mikel Delikaren ardurapean egon da.
16. ARETOA
Francisco
Durrio(Valladolid, 1868-París, 1940)
Echevarrieta familiaren panteoirako burdin hesia, Getxoko hilerrian (Bizkaia), 1930-1931
Burdin forjatua. 190 x 110 cm
Echevarrieta Gangoiti familiaren dohaintza, 2015ean
Burdin hesi honi buruzko lehen albisteak 1931. urtekoak dira, eta haren egituran art déco-aren xehetasun geometrikoak hautematen dira. Bi ataletan dago banatuta lana: alde batetik, goiko espazioaren hiru laurden armiarma sare batek hartzen du, eta, haren gainean, hainbat tximeleta ageri dira, pilatuta edo bakarka; beste aldetik, beheko aldean eguzkia ikusten da, eta haren inguruan izar txikiak, modu eskematizatuan adieraziak denak. Multzoaren simetria zorrotzez antolatuta dago. Armiarma sarea, halaber, ojiba edo begi mistiko handi bat dela pentsa liteke, eta haren erdian, ez dago hura ehundu zuen animalia, baizik eta izaki hibrido bat edo larba goren bat. Armiarmak txikiak dira, eta goiko muturrean daude. Bai animaliek (armiarma, larbak, tximeletak) bai kosmosari egiten zaizkion erreferentziek (eguzkia eta planetak) gogora dakarte bizitzaren izaera ziklikoa eta izakiek beste izaera bateko izaki bihurtzeko eta eraldatzeko duten gaitasuna, heriotza garaitzeko modu gisa.[Javier González de Durana]
Tratamendua
Burdina forjatuz egin zuen, eta urteen joanean aplikatutako hainbat pintura geruzaz estalita zegoen. Kontserbazio arazo nagusia metalaren korrosioa zen, haren ondorioz galera nabarmenak gertatu eta egitura ahuldu egin baitzen. Esku-hartzean, alde batetik, pintura-geruzak eta korrosioak kendu dira modu mekanikoan; eta, bestetik, metalaren tratamendu kimikoa egin da, oxidazioa eragozteko. Azkenik, egitura sekundario berri bat diseinatu da, jatorrizko instalazioaren erreplika gisa.
Babeslea: