Erakusketa: Picasso eta liburuak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2008-09-15 • 2008-11-30

Picasso eta liburuak

Artearen Papera (VII)

33. Aretoa

BANCAJA FUNDAZIOAREN babesari esker, ARTEAREN PAPERAk paper gaineko lanei buruzko zenbait erakusketa monografiko aurkeztuko ditu. Batzuetan, Museoaren bildumako lanak izango dira, eta beste batzuetan, berriz, beste bilduma batzuetakoak. Horrela, programak egonkortasuna emango dio Museoaren erakusketa-lerro tradizionaletako bati, paperean egindako lanak balioestea baitu helburu. Lanok, hain zuzen ere, ezin dira iraunkortasunez erakutsi, argia eta hezetasun zein tenperatura aldaketak oso kaltegarriak direlako euren euskarriarentzat.

Picasso eta liburuak erakusketan, irudiz hornitutako 25 liburu eta euretako 8rekin zerikusia duten 108 estanpa jarriko dira ikusgai. Guzti-guztiak Bancaja bildumakoak dira. Izan ere, erakunde pribatu baten eskuetan dagoen artistaren lan grafikoaren bilduma handiena da. Hartara, Museoan Picassoren lan grafikoaren aukeraketa aurkezteko proiektuari emango diogu jarraipena, 2005eko irailean Picasso. Ausikien kutxa lehen erakusketa eta 2007ko uztailean Picasso. Suite Vollard bigarren erakusketa egin ondoren. Biak, gainera, Bancaja bildumakoak izan ziren.

Oraingo honetan, Picasso eta liburuak erakusketan, lar ezaguna ez den Picassoren zeregin interesgarria izango dugu hizpide: berezitasun handiko edizio bibliografikoen azaleko edo barrualdeko irudigilearena. Bizitzan zehar, Picassok edizio mugatuko liburu-multzorako ilustrazioak egin zituen zenbait idazleren testuetan: garai guztietako literaturako klasikoak −Petrarca, Góngora edo Balzac− eta idazle garaikideak −Breton edo Tzara surrealistak−. Zeregin horretan, Picassok editore ahaltsuenentzat lan egin zuen; eta eskuzabaltasunez, bere adiskideentzat. Zenbait liburukitan, artista bakarra izan zen, eta, beste batzuetan, zenbait artistarekin lan egin zuen. Ikusgai jarritako liburuak 1923 eta 1972 artekoak dira.

Erakusketako eta katalogoko komisarioa Juan Carrete izan da, Conde Duque Kultur Zentroko (Madril) eta Kalkografia Nazionaleko zuzendari ohia eta grabatuaren historiako aditu onenetakoa, alegia.

 

Grabatuaren artea eta irudiz hornitutako liburua

XX. mendearen hasieran, arte grafikoa arte originaltzat hartu zuten, eta, ondorioz, artistak berak sinatu egin behar zuen. Hori dela eta, teknikari grabatzailea eta estanpatzailea artistaren itzalpean geratu ziren. Sarritan, gainera, euren izena ere ez zen agertzen, euren maisutza eta iaiotasun teknikoa funtsezkoak izan arren, estanpen kalitate ona eta sortzaileek zehaztutako emaitzak lortzeko orduan.

Aldi berean, XX. mendeko lehen zatian, grabaturako tailer handiak nagusitu ziren Parisen. Bertan, batzuetan, artistek grabatzaile zein estanpatzaileen argibideen arabera inprimatzen zuten lan grafikoa, eta, beste batzuetan, teknikari adituenek baino ez zuten esku hartzen. Roger Lacourièrek Montmartren zeukan tailerra ospetsuenetakoa zen. Bertatik, hainbat eta hainbat estanpa irten ziren, eta, euren artean, Derainenak edo Mirórenak nabarmentzen ziren, kalitate handikoak zirelako. Bestetik, Raymond Haasenen tailerrean ere estanpatu ziren Chagallen eta Légerren lan asko. Eurekin batera, mende erdiz ia-ia, Fernand Mourloten tailer litografikoak garaiko artista handienekin lan egin zuen: Picasso, Matisse, Chagall, Miró, Braque, Dubuffet, Léger eta Giacometti. 1945etik 1966ra, hogeitik gora urtez, Picassok laurehun litografia baino gehiago egin zituen bertan.

Tailerren garapenarekin batera, editoreak zeresan handia izan zuen irudiz hornitutako liburuaren kontzeptu garaikidearen sorreran, sarritan berari bururatzen baitzitzaion proiekturako jatorrizko ideia, balio ekonomiko handiko produktu berritzaileak merkaturatu nahian. Proiektua gauzatu ahal izateko, editoreak aukeratutako testuaren arabera lan egingo zuen artistari eskatzen zion laguntzeko.

1900. urtetik hil zen arte, Frantziako Ambroise Vollard (1868−1939) tratulari eta galerista irudiz hornitutako liburuen argitaratzaile ospetsuenetakoa izan zen. Hain zuzen ere, hogeita bi argitaratu zituen. Beti-beti, Vollardek arreta handiz aukeratu zuen artista, sortzeko askatasuna ematen zion eta, batzuetan, irudiz hornitu nahi zituen autorea eta testua aukeratzen ere uzten zion.

Zenbait urte geroago, Daniel-Henri Kahnweiler (1884−1976) idazle eta arte-merkatari frantses-alemaniar ospetsuak ere lan egin zuen Picassorekin eta, batik bat, beste margolari kubista batzuekin.

Beste margolari askok ere horrelako edizioen inguruko interesa izan zuten, baina, batez ere, etapa surrealistan, olerkari eta margolarien arteko harreman estuei esker.

Adibide esanguratsuenetakoa Joan Miró da, besteak beste, Tristan Tzara, Paul Éluard, André Breton eta Rafael Alberti olerkarien lanak ilustratu baitzituen.

Oro har, irudiz hornitutako liburuak luxuzko liburu bikain bezain garestiak dira, eta, batez ere, bibliofilo zein bildumagileentzat egiten dira. Gainera, kritikari eta aldizkari espezializatuen bidez zabaltzen dira, eta, batzuetan, erakusketak ere egiten dira aldi berean.

 

Picasso eta liburuak

Picassok irudiz hornitu zituen liburuetan, ageri-agerikoa da XX. mendean liburuak zenbait eratara ilustratu zitezkeela. Bertan, zenbait teknika erabili zituen: punta lehorra, harri gaineko litografia, zink-xafla edo paper autografikoa, akuafortea, urtinta, grabatu kalkografikoa, linolioa, zeluloidea, fotograbatua eta offseta.

Batetik, Picassok zehatz-mehatz ilustratuta ez zeuden liburuak egin zituen, bertan agertzen diren estanpak ez baitira testuarekin lotura zuzena daukaten irudikapen grafikoak. Bertan, era guztietako baliabide teknikoak eta berezitasunak erabiltzen ditu: zenbait kalitate eta eratako papera, estanpa zehatzetarako kolore desberdinak, orrialde osoko ilustrazioen aparteko jokoak (batzuetan bikoitzak ere baziren), merkatutik kanpoko aleak, artistak eskuz argiztatutako estanpak, batzuk sinatuta... Bestetik, bigarren liburu-multzoan, autore literarioaren eta artistaren arteko elkarrizketa ematen da, eta irudia testuaren lagungarri da.

Homogeneoa ez den multzo hori zenbait irizpideren arabera sailkatu daiteke:

  • 1.- Liburuen frontisetarako erretratuak (André Bretonen Clair de terre).
  • 2.- Autore klasikoen liburuetarako ilustrazioak (Honoré de Balzacen Le chef-d'oeuvre inconu,Luis de Góngoraren Vingt poèmes, Prosper Meriméeren La Carmen des Carmen edo La tauromaquia).
  • 3.- Asmo politikoko liburuak (Sueño y mentira de Franco).
  • 4.-Picassoren estanpez aberastutako liburuak (Georges Hugneten Non vouloir).
  • 5.- Olerkari eta adiskideen arteko elkarrizketa-liburuak (Tristan Tzararen À haute flamme).
  • 6.- Picassori buruzko liburuak (Jaime Sabartésen Dans l'atelier de Picasso)

besteak beste.

Labur-labur esanda, erakusketak Picasso grabatugilearen maisutza tekniko eta sormen handia nabarmentzen du, jendeak gutxi ezagutzen dituen oso edizio bibliografiko berezietan egin zuen lanean oinarrituta.

Babeslea: