Erakusketa: State of Being, Kimono Dress - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2014-07-02 • 2014-10-13

State of Being, Kimono Dress

(Existentziaren izatea, kimono soinekoa)

Chillida Aretoa

Chiharu Shiota Berlinen bizi da 1996tik, eta Ana Mendieta (1948-1985) kubatar jatorriko artistaren oinordekoa da, baita 70eko hamarkada hasieran lan egin zuten artista feministen belaunaldiaren oinordekoa ere. Haren obretan lanarekiko interesa sumatu daiteke. Gorputza da bere jardunaren eremua. Performanceak egiten ditu, eta, horietan, lurrarekiko, iraganarekiko eta memoriarekiko loturekin esperimentatzen du. Sentimendu eta oroipenezko erritu telurikoak ikus-entzunezko kreazioetan eta marrazkietan irudikatzen ditu. Bestalde, haren beste lan-ildo nabarmenetako batean, eguneroko objektuak erabiltzen ditu arte-kreazioko abiapuntu gisa. Apurtutako leihoak, erretako pianoak, gastatutako zapatak eta erabilitako soineko eta jantziak erabiltzen ditu. Horiek, alde batetik, higuin sentsazio gogoetagarria sortzen dute, haien antolamendu eta egoerarengatik. Bestalde, haien tipologia eta sinbolismoak ikusleei gogora dakarzkie metatutako oroipen eta pentsamenduak. Bizitako esperientziak gogorarazten dituzten objektuak dira. Esperientzia horiek ezin dira alboratu, ezta ahaztu ere, bizitzaren zikloan errepikatzen direlako. Shiotak plastikoa erabiltzen du lan-ildo horri forma emateko. Lana instalazioetan egiten da, eta, horietan, artilezko hari-bilbea arduratzen da eguneroko objektu horiek bildu, atzeman eta batzeaz. Horrela, artistak sare misteriotsu eta asfixiagarriak sortzen ditu, eta horiek ahalbidetzen dute identitate-kontzeptuak, alderdi emozional eta pertenentzia-sentimenduak (sozialak zein materialak) esploratzea.

Obra mota horren adibide ona da State of Being, Kimono Dress. Artistak berak horrela deskribatzen du pieza: “Soinekoak erabiltzen ditut, niretzat gizakion bigarren larruazala direlako. Kasu honetan, Osakan aurkitu nuen Japoniako kimono tradizional bat erabili dut. Zetazkoa da, hōmongi motakoa (bisitetarako jantzia, duela zenbait mendetatik jantzi erdi-formal gisa ezagutzen dena, eta ezkontzetan, jaiotzetan eta te-zeremonietan erabiltzen dena). Ezkontzetako kimonoak behin baino ezin dira erabili, baina hōmongiak behin baino gehiagotan erabili daitezke, eta beti ospakizun alaietan. Horrek esan nahi du kimono honek momentu alai asko bizi izan dituela. Jabeek horretarako erabili zuten, eta orain gurekin ari da bizipen horietako batzuk partekatzen. Pieza hau oroipen horietan pentsatuz eta irudikatuz egin nuen, artilezko eta zetazko trazen barruan besarkatuta geratu ziren oroipenetan, hain zuzen ere”.

Instalazioak leku oniriko batean kokatu nahi ditu ikusleak. Bertan, herstura-egoera gertatzen da, artilezko egituraren atmosfera zapaltzaile eta klaustrofobikoaren bidez. Bizitzaren zikloan bezala, ez dakigu hariaren korapiloaren hasiera eta amaiera non dauden. “Bizitzaren sare” horrekin batera oroipen gisa agertzen dira objektuak: esekita, espazio eta denbora batean geldi, pentsamenduaren izar-lainoan airean mantentzen diren momentuak balira bezala. Hori guztia nabarmenago ikusten da erabilitako arropekin; ez daukate janzteko gorputzik, hori delarik bizitzaren sinbolo materiala. Korapilo horrek energia-karga bat askatzen du, ikusleengan aurkako sentimenduak sortzeko asmoz: segurtasuna eta beldurra, edota lilura eta atsekabea, adibidez.

Testua: Nerea Fernández



Chiharu Shiota (Osaka, 1972)
State of Being, Kimono Dress (Existentziaren izatea, kimono soinekoa), 2012
Instalazioa. 260 x 180 x 80 cm
Nieves Fernández Galería, Madril

Babeslea: