Erakusketa: San Benito el Realeko erretaula - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2006-01-16 • 2006-03-31

San Benito el Realeko erretaula

Mogrobejo aretoa

Egur polikromatuan egindako bi erliebe eder hauek Valladolideko San Benito el Realeko monasterioko erretaulakoak izan ziren, eta gaur egun hiri horretako Eskultura Museo Nazionalekoak dira.

Erretaula Valladolideko beneditarren komunitateko abadeak enkargatu zion Alonso Berrugueteri (Paredes de Nava, Palentzia, 1489 inguru – Toledo, 1561), San Benito de Nursia fundatzailearen bizitzako zenbait pasarte ospatzeko. Berruguete 1526an hasi zen erretaula egiten, Italiako egonaldi luzearen ondoren. Italian Donatello, Migel Anjel eta Leonardoren lana ezagutu zuen. Hori dela eta, Erdi Aroko arte tradizioko elementuak eta lengoaia errenazentista italiarretik zetorkion espiritu berria uztartu zituen.

Lehenengoen artean, dramatismo adierazkorra edo urre-koloreko atzealdeen erabilera sinbolikoa aurkituko ditugu; eragin klasizistak, berriz, paisaiaren erraztasunean eta pertsonaien karakterizazioren eta egintza erlijiosoaren narrazioaren verismoaren bilaketan antzematen dira. Erretaula egitura arkitektoniko errenazentista batek eta hainbat figura, erliebe eta pinturak osatzen dute. 1533an amaitu zuen. Programa ikonografikoaren barruan, profeta eta apostoluak zeuden, bai eta Kristoren haurtzaroko eszenak eta, bi erliebe hauen kasuan bezala, gai beneditarrak ere.

San Gregorio Magnok idatzitako San Benitoren biografiak azaltzen duenez, behinola uretara jausi zela-eta San Plazidoren bizitza arriskuan zegoela ikusi zuen santuak, eta bere jarraitzaileetako birtuosoenari eman zion abisu. Jarraitzaile hori San Mauro zen, zeina, ur gainean oinez ibiliz, hura laguntzera joan zen. Beste pasarte batean, santuak Saubiako mendian monasterio bat eraikitzea erabaki zuen.

Aukeratutako lekuan urik aurkituko ez zutela-eta jarraitzaileak etsita zeudenez, San Benitok jakinarazi zien, mirari bat bailitzan, ura mendi tontorrean ari zela ateratzen. Bi kapitulu horien errepresentazioan, Berruguetek alde batean kokatzen du santua. Alde horretatik nabarmendu egiten da, ia-ia figura exentua osatu arte, eta, horrela, pertsonaiaren duintasuna azpimarratzen du. Beste aldean, naturalismo handiz irudikatutako zuhaitz baten enborrak ixten du konposizioa. Bi eszenetan, Berrugueteren trebetasun teknikoa gai da indar adierazkor aparteko lana sortzen laguntzen duten gorpuztasuna eta mugimendua emateko pertsonaiei.

 

Alonso Berruguete (Paredes de Nava, Palentzia, 1489 inguruan-Toledo, 1561)
San Maurok San Plazido salbatu du, 1526-1532 eta San Benito eta uraren miraria, 1526-1532
Museo Nacional de Escultura

Babeslea: