Erakusketa: Ibilbideak Bildumatik - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-10-26 • 2022-09-25

Ibilbideak Bildumatik

32. Aretoa

Museoa handitzeko lanen lehen fasea hastearekin eta, ondorioz, jarduera eraikin modernoan kontzentratzearekin batera, bilduma iraunkorreko museografia birdefinitu egin da Ibilbideak goiburuarekin, museoaren hezkuntza-misioa bermatzeko eta Norman Foster eta Luis Mar Uriarteren proiektuaren exekuzio-aldian jendeari obra adierazgarriak erakusten jarraitu ahal izateko.

Helburu bikoitz hori du buru orain proposatzen den arte-hautaketak. Berrogeita hamar pieza baino gehiago biltzen ditu, gomendatutako bisitaren eta museoaren hezkuntza-eskaintzaren zati izan ohi direnak.

Gaurtik aurrera 32. aretoan ikusgai egongo diren lan hautatuen bidez, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) jarraipena eman ahal izango die helburu didaktikoarekin diseinatutako ibilbideak osatzen dituzten familien, behar bereziak dituzten publikoen, gazteen eta publiko helduaren programei. Komeni da gogoratzea hemen, 1908an sortu zenetik, museoaren helburu nagusietako bat gizartea hezten laguntzea dela; kontserbatutako aspaldiko irudietako bat, hain zuzen ere, Manuel Losada margolariarena da, museoko lehen zuzendariarena, 1924an azalpenak emanez ikasle-talde bati.

Misio horretan garrantzi berezia hartzen du Ibilbideak sistemak, ekimen aitzindaria, zeinaren bidez 1984. urteaz geroztik Museoko Hezkuntza Saila eskola-komunitateari laguntzen ari den. Jarduerako hamarkada hauetan, BBK-k hezkuntza-programarekin duen konpromisoa funtsezkoa izan da eskaintza gizarte-errealitate aldakorrera eta irakasleen zein publiko gero eta inklusiboagoaren behar didaktikoetara egokitzeko. Proposamenak dibertsifikatu egiten dira ?adibidez, Ikuspuntuak ekimen berria?, gaur egungo kezkei erantzuteko eta bilduma iraunkorraren inguruko narrazio berriak aztertzeko.

Asmo horri jarraituz, formatuak izaera hibridoa hartu du orain, bi ibilbideren bertsio digitala ere aurkeztuz: Ibilbideak artean zehar I eta II.

Eskola-komunitateak nahiz publiko orokorrak bilduma arakatu, eta askotariko garai, autore eta estiloen artean nabigatu ahal izango dute, eta beren galeria pertsonalizatzeko eta beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera ere izango dute. Murgiltze-galeria hau euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago. Hala, museoak bere aretoetatik harago jotzen du, edozein tokitako hezkuntza-komunitatera eta arte-zaleengana iristeko bere webgunearen bidez.

Orain proposatzen den ibilbidea bildumaren aberastasuna eta kalitatea erakusten duen ibilbide iradokitzailea da, Erdi Arotik gaur egun arte. Horrela, bildumako lan adierazgarriak erakutsiko dira ?Lucas Cranach Zaharra, Grekoa, Moro, Anguissola, Gentileschi, Zurbarán, Goya, Gauguin, Guiard, Arteta, Sorolla, Bacon, Balerdi, Oteiza, Chillida eta Barceló, besteak beste?, aldi berean lan bereganatu berriak eta lehen aldiz aurkezten direnak ere sartzen direla.

Proposamenak beste interes erantsi bat du; hain zuzen ere, erakustea nola aberastu den bilduma, besteak beste, nola egiten diren erosketak, emateak, gordailutzeak eta dohaintzak. Ildo horretatik, esan behar da bildumagilearen irudi tradizionalari museoaren kultura-proiektuaren parte izan nahi duen bildumazaletasun gaztearen profil berri bat gehitu zaiola, horrela sorkuntza garaikideari lagunduz eta artista berriak ikusaraziz. Gure inguruko hiru bildumagilek Elena Aitzkoa, June Crespo eta Ignacio Sáezen lanak dohaintzan eman izana praktika horren adibide argia da.

Aipamen berezia merezi du Dora Salazarren Ehundu II lanaren dohaintzak, José Ramón Prieto bildumagileak egina. Orain dela gutxi hil da Prieto, eta museoak omenaldia egiten dio orain, haren ikuspuntuari aitortza eginez, emakume artista garaikideen lanak bildu baitzituen, Womanology erakusketan ikusi ahal izan zen bezala, non lehen aldiz haren bilduma bikaina ezagutarazi baitzen.

Bildumaren muntaketa berri honetan, gainera, Goyaren lanen Zubietako gordailu berezia ere sartzen da; azken urtean erositako pieza garrantzitsuak, hala nola Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak (1588) mihisea, Sofonisba Anguissola margolari italiarrarena, edo, maileguaren luzapen eskuzabalari esker, Londresko National Galleryko Bilboko Areatza, Luis Paretena, zeina Bermeoko bista-rekin batera ikusi ahal den, museoak 2017an erosia BBKren babesari eta Museoaren

Artelan-multzo garrantzitsu bat gure funtsetan sartu berri da, hainbat zale, artista edo bildumagile partikularren eskuzabaltasunari esker. Erosketa-programaren laguntzarekin, bilduma aberasten eta etengabe garatzen laguntzen dute horiek.

Bereziki aipagarria da aurten bertan dohaintzaren bidez gaur egun ospe handia duten hiru euskal artista garaikideren lan esanguratsu batzuk eskuratu izana: Ignacio Sáez, Elena Aitzkoa eta June Crespo. Horien lanak, gainera, Euskal Herriko hiru bilduma partikularretatik datoz ?Ignacio Elexpe, Adakar Corporation SL eta Patric San Juan, hurrenez hurren?, agerian utziz bildumazaletasun pribatu baliotsu bat dagoela, hurbileneko arteari eta haren adierazpen berrienei adi dagoena.

Ignacio Sáezek (Galdakao, Bizkaia, 1971) hainbat lengoaia erabiliz garatu du bere praktika artistikoa. Pinturaren gaurkotasuna originaltasunez bizitzeko gaitasunaren adibide dira dohaintzan emandako haren bi lanak: autorretratu bat eta tamaina handiko triptiko bat, biak 2001ean margotuak, urte horretan museoan egin zen Gaur, Hemen, Orain erakusketa kolektiborako. Bestalde, June Crespo (Iruñea, 1982) eta Elena Aitzkoa (Apodaka, Araba, 1984) eskultore gisa egindako beren lan ezagunaren ordezkapenarekin sartu dira orain bilduman. Eguneko erregimenean (Brigitte) lanean, hormigoizko eta zementuzko egitura astunak eta emakumezkoen aldizkariak erabiltzen ditu Crespok grabitatearen legeei aurre egiten dien eta hazkunde infinitua izateko aukera iradokitzen duen pieza bat eraikitzeko. Aitzkoak, berriz, eskultura pinturarekin, performancearekin edo zinemarekin bateratzen du, eta ehunkiak, eskaiola, zura, harriak eta bere ingurutik eta esperientzia pertsonaletatik datozen beste objektu batzuk erabiltzen ditu Argi goiztiarra-Lendia song eskultura-multzoan, zeinaren izenburuak haren jaioterritik gertu dagoen aintzira bati egiten dion erreferentzia.

Azkenik, Gema Intxausti artistak (Gernika-Lumo, 1966) 2019an dohaintzan emandako lana laurogeita hamarreko hamarkadan Euskal Herrian eskultura-hizkuntzak berritzea ekarri zuten proposamen artistikoen barruan kokatzen da. Izenbururik gabe (Idulkia) garbitzeko zapiak erabiliz egin zuen piezen saileko lehena izan zen; erabilera arrunteko materiala, tradizioz emakumeen munduari eta etxeko lanari lotua da, eta artistak haren erabilera poetikoa eta iraultzailea egiten du.

Lagunen ekarpenei esker. Lagunen ekarpenak bide eman zuen, halaber, 2021ean Itziar Okarizen Variation sur la même t'aime obrako hiru argazkiak erosteko.

Babeslea:

Babeslea: