Erakusketak
Amaituta
2009-03-23 • 2009-06-14
Cézannetik Légerrera
Artearen Papera (VIII)
33 Aretoa
Bilboko Arte Eder Museoak paperean egindako sei mila obratik gora ditu bere bilduman —tartean, akuarelak, kartelak, collageak, marrazkiak, grabatuak, pinturak eta argazkiak—. Modu horretan, agerian geratzen da euskarri horretan egindako teknika artistikoengatiko interesa; izan ere, oso lan hauskorrak direnez, ezin dira modu iraunkorrean erakutsi, argiarekiko eta hezetasun zein tenperatura aldaketekiko sentsibilitate handia dute eta.
Hala ere, Museoak, BANCAJAren babesari esker, ARTEAREN PAPERA programa jarri du abian, horren asmoa izanik, hain zuzen ere, paperean egindako lanei buruzko erakusketa monografikoak antolatzea, helburu birekin: Museoaren bilduma edo interesgarriak diren beste bilduma batzuk (BANCAJAren funts handitik hasita) erakustea jendeari; eta funts horiek ikertzea eta, erakusketa bakoitzarekin argitaratzen den katalogoaren bitartez, ondare hori jendaurrean zein espezialisten aurrean jartzea.
Modu horretan, hauek izan dira orain arte programa honetan izan diren edizioak:
- Marrazkiak eta grabatuak. XV-XVIII. mendeak. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma (2005)
- Picasso: Ausikien kutxa. Bancaja bilduma (2005)
- Iluntasun ikusgarria. John Martin (1789—1854). Campbell bildumako estanpak eta marrazkiak (2006)
- Carlos de Haes. Marrazkiak eta grabatuak. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma (2006)
- Picasso. Suite Vollard. Bancaja bilduma (2007)
- Goyatik Benlliurera. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma (2007)
- Picasso eta liburuak. Bancaja bilduma (2008)
- Cézannetik Légerrera. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma (2009)
Oraingoan, Cézannetik Légerrera. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma aurkezten dugu, 2008an Goyatik Benlliurera erakusketarekin hasitako ibilbide kronologikoari jarraiki. Orduko hartan, erakusketak XIX. mendeko lanen corpus handia biltzen zuen, eta, orain, aurrera jarraitu da Museoaren bildumaren gaineko ikerketarekin eta erakusketarekin. Horretarako, marrazkiak, akuarelak, gouacheak, grabatuak eta pastelak erakusten dira, denak ere XIX. mendeko azken hamarkaden eta XX. mendeko lehenengo erdiaren artean egindakoak.
43 artistaren 115 lan dira, Cézanneren eta Légerren maisutzak ezarritako mugen barruan kokatutakoak. Lan horiei esker, kubismoaren hastapenak eta loraldia ikus daitezke, eta ugaritasun tematiko eta estetiko handiko garaia sumatzen da. Besteak beste, Adolfo Guiard, Anselmo Guinea, Francisco Iturrino, Ignacio Zuloaga, Georges Rouault, Joaquín Torres García, Ricard Canals, Arrúe anaiak, Pablo Picasso, Daniel Vázquez Díaz, Louis Marcoussis, José Gutiérrez Solana eta Oskar Kokoschkaren lanak daude ikusgai.
Erakusketako komisarioa Museoko Erakusketa Saileko Javier Novo González izan da, eta erakusketari buruzko katalogoan lan guztiak daude jasota, bakoitzari dagokion fitxa teknikoarekin eta zenbait adituk egindako azalpenekin.
CÉZANNETIK LÉGERRERA
Bilboko Arte Eder Museoa bilduma
XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX.eko lehenengoetan, Parisen (garai hartan, arteen hiriburua zen), inpresionismoaren eta ondorengo beste mugimendu batzuen (esate baterako, kubismoa) garapenak ikuspegi artistiko berria ekarri zuen. Gainera, merkatu artistikoa sendotu egin zen, eta, paperean egindako lanei dagokienez, zenbait aurrerakuntza izan ziren grabatuaren teknikan.
Baina jarrera apurtzaile horrekin batera, estetika akademizistak bizirik iraun zuen. Azken horren barruan, ohiturazko gaiak, gai historikoak, erretratuak eta paisaiak egiten ziren tailerrean, konposizio zainduarekin eta marrazketa zehatzarekin. Horren adibide gisa, erakusketa honetako zenbait artista aipatu daitezke; besteak beste, Gonzalo Bilbao (1860—1938), zeinen lanek oraindik ere baitute tipo eta ohitura pintoreskoekiko hemeretzigarren mendeko gustua.
Modu paraleloan, beste artista batzuek merkatu kontserbadorera zuzentzen zituzten euren gai kostunbristak, baina, konbentzionalismoa gorabehera, nolabaiteko berritasun formala aplikatzen zuten. Halaxe gertatzen zen Manuel Losadaren (1865—1949) kasuan, zeina, batez ere, Bilbao aurreindustrialari buruz pastelez egindako margo atseginengandik baita ezaguna.
Ikuspegi anekdotiko horrekin batera, askoz ere kritikoagoa zen beste ikuspegi bat sortu zen, pintura akademikoaren aurkakotasun irmoa izan zuelarik. Hain zuzen ere, pintura akademikoa José Gutiérrez Solanaren (1886—1945) lanean islatzen da modu paradigmatikoan; izan ere, Gutiérrez Solanak, erakusketa honetan ikus daitezkeen akuafortearen eta litografiaren kasuan bezala, garai hartako Espainiari buruzko panorama latza erakusten zuen, eskola espainiarreko tradizio espresionistaren eta Espainia Beltzaren mende hasierako estetikaren (Regoyos eta Zuloaga dira horren ordezkari nagusiak) eraginarekin.
Hain zuzen ere, testuinguru horretan, eta nazioartean arrakasta izan bazuen ere, Ignacio Zuloaga (1870—1945) Espainiaren atzerapena goraipatu izanaz salatu zuten —Pablo Uranga margolaria erakusten duten bi erretratu daude erakusketan, Zuloagak ikatz-ziriz eginda—.
Beste alde batetik, tradizio akademizistaren biziraupenaren ondorioz, zenbait artista ezin izan ziren behar bezala baloratu; izan ere, inpresionismoarekin bat zetozen paisaiak egiten zituzten, eta ez ziren kontuan hartuak izan, XX. mendea oso aurreratuta egon arte. Halaxe gertatu zen erakusketa honetan bederatzi lan (akuarelak eta tintak) dituen Adolfo Guiard (1860—1916) bilbotarraren kasuan. Guiarden paisaiak bat zetozen au plein air pinturako ezaugarri inpresionistekin (horren arabera, ez da beharrezkoa lekuz aldatzea, paisaiaz aldatu ahal izateko), eta izaera sinbolikoko nolabaiteko espiritualtasuna eman zien bere lanei.
Erakusketako piezarik aipagarrienen artean, Paul Cézannek (1839—1906) bainulariei buruz egindako bi errepresentazio daude. Cézanne arte modernoaren aitatzat dago hartuta, formari eta koloreari buruz zituen ideiek eragin handia izan zutelako margolarien zenbait belaunalditan. Kubismoak bereganatu zituen Cézanneren ikerketa asko, eta, mugimendu horren ordezkari gisa, Louis Marcoussis (1883—1941) eta Fernand Léger (1881—1955) ditugu hemen. Azken horren kasuan, helduaroan egindako natura hil bat ikus daiteke. Kubismoaren eskematizazioak Francisco Iturrinorengan (1864—1924) ere izan zuen eragina, zeinak marrazkiak egiten baitzituen koadroak prestatzeko.
Kubismoaren eskematizazio formalaz gain, beste mugimendu batzuek ere ikertu zituzten kolorearen aukera espresiboak; esate baterako, Espresionismoak. Mugimendu hori presente dago erakusketan, Oskar Kokoschkaren (1886—1980) obra berezi bati esker. Aldiz, Georges Rouaultek (1871—1958) Erdi Aroko artea hartu zuen erreferentziatzat. Hain zuzen ere, bere Miserere saileko lau estanpa daude ikusgai (serie hori XX. mendeko lan grafikorik garrantzitsuenetakotzat dago hartuta).
1910eko hamarkadatik aurrera, kezka artistiko eta intelektual handiko margolariz, eskultorez, grabatzailez, ilustratzailez, idazlez, filosofoz, poetaz... osatutako mugimendu eta kolektibo ugari sortu ziren, eta, horien artean, Joaquín Torres Garcíaren (1874—1949) lanen konstruktibismoa ere agertu zen.
Daniel Vázquez Díazek (1882—1969) oso zeregin garrantzitsua izan zuen garai hartako Espainiako plastikaren berrikuntzan. Erakusketan, Darío de Regoyos eta Aurelio Arteta margolariak islatzen dituzten bi marrazki bikain eta Hiri martiriak serieko hiru akuaforte daude; azken lan horietan, Vázquez Díazek garai hartako gerretako izugarrikeriak erakusten ditu.
Irudian:
Fernand Léger (Argentan, Frantzia, 1881 - Gif-sur-Yvette, Frantzia, 1955)
Composition, 1940
Gouache eta grafitoa paperean, 32,5 x 38 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa
Babeslea: