Berriak
17-07-12
Beste_begi batzuk: Espainia beltza
Émile Verhaeren eta Darío de Regoyos
Uztailaren 17tik irailaren 23ra, Darío de Regoyosen pinturari eskainitako 20. aretoan, España negra (Espainia beltza) liburuaren lehenengo edizioko ale bat jarriko da ikusgai. Liburu horren jatorrian, Émile Verhaeren idazle belgikarrak eta Darío de Regoyos margolariak 1888 eta 1891. urteen artean Espainiatik egindako bidaia dago. Verhaerenek lau artikulutan argitaratu zituen bere bidaia-oharrak eta artista gisa egiten zituen hausnarketak, eta, lau urte geroago, 1899an, haren adiskide Regoyosek editatu zituen, eta ilustrazioak ere egin zizkion; hain zuzen ere, 21 marrazki, ezpelean egindako 7 grabatu, eta 3 koadro egin zituen.
Liburuak bidaia bohemio baten ibilbidea islatzen du, Gipuzkoan hasi eta El Escorialen amaitu arte. Bidaia hartan, poetak eta margolariak 98ko Belaunaldiko idazleei ere biziki interesatu zitzaien errealitate herrikoiaren arlo pintoreskoak eta antzina-antzinako sustraiak bilatu zituzten. Aurriak, hilerriak, nobilladak, erritu gupidatsuak eta prozesioak, Regoyosen Vendredi Saint en Castille (1904) mihisean agertzen denaren modukoa; bertan, prozesioarekin kontraste eginez, trena agertzen da, modernitatean eta aurrerabidean oinarritutako etorkizun hipotetikoa sinbolizatu nahian.
Liburutegi Nazionala Espainiako kultur erakunderik antzinakoena da; hain zuzen ere, Felipe V.ak sortu zuen, bere fondoak bildu, kontserbatu eta zabaltzeko asmoz. Aurten, bere hirugarren mendeurrena ospatzen du, Beste begirada batzuk proiektuarekin. Aipatutako proiektu hori Espainiako Kultur Ekintzarekin (AC/E) batera antolatu du, eta, bertan, Liburutegiko lan nabarmenen eta Estatuko hogeita hamar bat museotako piezen arteko elkarrizketa proposatzen du. Ibilbidea maiatzean hasi zen, Madrilgo museoetan Pradoko Museo Nazionala, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala, Thyssen-Bornemisza Museoa, Lázaro Galdiano Museoa, Erromantizismoaren Museoa, Errege Jauregia, Natur Zientzien Museoa, Madrilgo Historia Museoa, Amerikako Museoa, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia, eta, orain, beste egoitza batzuetatik jarraituko du; besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museotik. .
ESPAINIA BELTZ MODERNOA
Émile Verhaeren eta Darío de Regoyosen España negra (1899) liburu arraroa da, zentzu guztietan. Ez da, beste liburu batzuei buruz esaten dugun moduan, polita dela esan dezakegun liburua ere. Baina liburu horrek, modu erabatekoan, transmititu nahi duena transmititzen du; Espainiari buruzko ideia bat, duela ehun urte hemen liburuak egiteko zegoen moduari buruzko ikuspegia ere eskaintzen duena. Izan ere, modu zabar etamingarri samarra zen hura; grisa, beltza baino gehiago. Hala ere, testua interes eta balio handiko grabatuz beteta dago, denak ere jatorrizkoak. Eta ezin aipatu gabe utzi azaleko bineta txundigarria, zeren eta, kaustikoa izan arren, edo hain zuzen ere horrexegatik, maisulana da bineta tipografikoen artean: toreatzailearen montera daraman garezurra, tibiak bailiran, banderilla baten eta odolez blai dagoen ezpata baten gainean. Horrela, azaletik bertatik, iradokitzen zaigu hobe dela gai batzuk umorez lantzea, umore beltza izan arren; zeren, bestela, hobe da gai horiek albo batera uztea.
Beharbada, gauza txiki horiengatik eta orain esango dudan besteren batengatik, nire liburutegian gehien estimatzen dudan liburuetako bat da. Ez soilik benetan arraroa delako, edo nire aleak balio handiagoa duelako Regoyosen eskaintza autografoa izateagatik, ezpada literaturaren esparruan esan nahi duenagatik… eta literatura baino harago ere duen esanahiagatik. Esan dezagun, bada, gehiago atzeratu gabe: liburu fundazional baten aurrean gaude. Lehen aldiz, bi egilek, bata belgikarra eta bestea espainiarra, Espainia beltzarenmitoa lantzen zuten, eta Kondaira beltzaren mito horren aurka egiteko asmorik ez bazuten ere, lortu zuten, Felipe II.aren garaitik izandako enbaxadore, kantziler eta eskribaumalen koniatsu eta antzuek baino eraginkortasun handiagoarekin lortu ere. «Ateen atzean begiratu behar da, jaunok», esaten ari zaizkigula dirudi; «itxurak engainatu egiten du, eta ez badu engainatzen, hobeto».
Beraiek sortu zuten hogei urte geroago Gutiérrez Solanak maisuki finkatuko zuen eta perfekziora eramango zuen kontzeptu hori: «Beltza ederra da, benetakoa da», ematen du ari zaizkigula gogorarazi nahian. Ederrak dira Espainia sakoneko herriak, tipoak, ohitura espainiarrak. Erromantikoek Andaluziako argitasuna bilatu zuten, hango kantuak, hango kondaira gotikoak. Lehenengo Regoyosek, eta gero Solanak, Noelek eta 98koek, aldatu egin zuten erromantizismoa; destilatu egin zuten. Málagako ardo usaintsutik eta Puertoko manzanilletatik, arrazaren pattar latzera igaro zen; panderetatik eta fitsetatik, soilguneetako ilunabarretako isiltasunera.
Baina klasiko erromantikoak ez bezala, Regoyos erromantiko modernoa zen, Solana ere izango zen moduan. Ez zen iraganean edo iraganetik bizi. Ez zen XIX. mendearen amaierako literatura eta artea astindu zuten garbizale haietako bat. Bidaiaria zen, bai, baina ez zebilen arrasto entzutetsuen bila. Ez zitzaion prestigioa interesatzen, ezpada ohiko gauzen edertasuna, pedigririk ez izan arren: bide bat, baratze bat, arto-zelai bat, hiribildu bateko udaletxea, edozein lekutako plaza nagusi bat, lanbide batzuk, beata batzuk (azken horiek Belgikako beginatu gozoetatik Espainiako meseta zakarrera eraman zituen). Haren begiek, antzinako margolarienek bezala (Regoyosek badu zerbait primitiboa, Giottok ere izan zuen moduan), lehen aldiz begiratzen diotemunduari. Ez al zaigu iruditzen ingeniari espainiar batek egindako zubi itsusi baina sendo horri buruzko ohiko eszena, zeinetatik tren bat eta elizkoi batzuk baitoaz, eszena aparta dela? Bertako hilerriak, elizak, tren geltokiak eta paisaiak ere arruntak dira, ez dago ezer artistikorik bertan, ematen du ezustean aurkitu zituela, bizitza bezala; eta, beraz, margolari gutxik lortu dutena lortu zuen berak: naturaltasunaren dohaina transmititzea.
Ez dago Espainia beltzaren bila joaterik. Alde guztietan dago. Eta ederra da. Ez zaio buelta gehiago eman behar, dio Regoyosek, gai horri zer ikusten dion ulertzen ez dutenei azalpenak emateaz kokoteraino. Espainia beltza ulertu, eta kito. Ulermena gupida da, biak ere Cervantesen bertuteak. Eta Regoyosek ulertu egiten du, eta Regoyos gupidatu egiten da, eta Regoyosek, seriotasunez eta errespetuz, barre apur bat egiten du. Bere buruaz, jakina, munduaren belztasunera kateatzen duen patologia kaltegabeaz; izan ere, ezin dio belztasun horri begiratzeari utzi, poeta lirikoaren begiekin. Zeren modernoa da beste inor baino gehiago, eta erromantikoa izaten jarraitzen du.
Andrés Trapiello
Babesleak: Biblioteca Nacional de España eta Acción Cultural Española (AC/E)