Le Jardin. (Lorategia) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Le Jardin. (Lorategia)

Marcoussis, Louis

Varsovia, 1883/11/14-Cusset (Frantzia), 1941/10/22

Akuafortea

25,8 x 20,3 cm (papera) 17,4 x 13,5 cm (orbana)

M (ezkerreko behe-angeluan), LM (paperaren marjinaren eskuineko behe-angeluan)

1930

82/1605

1982an eskuratua

Marcoussisek grabatuak jada 1903. urteaz geroztik landu bazituen ere, oso ale gutxi ezagutzen dira hasierako urte haietan grabatzaile gisa egin zituen lanen artetik, batez ere egin zituen irudi gehienek -esate baterako, Donostiako hondartza izenburuko linograbatua, kolore betean landua, 1905ekoa- argitalpen bakarra izan zutelako. Hala eta guztiz ere, garrantzi handia eman zion Marcoussisek gisa horretako obrari; izan ere, bi grabatu aurkeztu zituen 1905eko Salon d'Automne erakusketan, eta urtebete geroago, 1906ko Salon des Indépendants erakusketan egindako debutean punta lehor bat aurkeztu zuen. Teknika horren arabera landu zituen 1912ko Section d'Or erakusketa kubista garrantzitsuan ikusgai jarri zituen zazpi obrak.

Hogeigarren urteetan grabatuak lantzen jarraitu zuen, baina 1930. hamarralditik aurrera batez ere grabatura bideratuko zituen bere margolan guztiak. Urte horietan, betiere molde kubistatik irten gabe, hobetu egin zituen akuafortea, urtinta eta punta lehorraren teknikak. Hamarraldi horretan batik bat erretratuak landu zituen --1932 eta 1940 bitartean ehunen bat egin zituen--, eta literaturaren munduko ilustrazioekin zerikusia duten lan ugari egin zituen. Ildo horretatik, 1929an Tristan Tzararen Indicateur des chemins de coeur obra ilustratzeko hiru akuaforte landu bazituen ere, 1930ean grabatu zituen bere ibilbide kalkografikoan garrantzitsuenak izan zituen sei serieetatik bi. Lehenengoa Fourcadek Hansenen tailerrean (Paris) argitaratutako hamar plantxatako suite bat izan zen, Gérard Nerval idazlearen maisulan Aurelia emakumearengan inspiratuta. Bigarrena, Planches de Salut izenburukoa, Jeanne Bucherrek argitaratu zuen, Marcoussisek gustukoen zituen hamar idazleri --Baudelaire, Dostoievski, Rimbaud, Apollinaire, Tzara, Hölderling, Shakespeare, Nerval, Jouhandeau eta Przybyszewski-- omenaldi antzeko bat egiteko hamar irudi dira.

Museoko obrei dagokienez, Aurelia serieari dagozkio bederatzi irudi hauek, hamargarrena eta azkenekoa falta da, La mort de Nerval (Nervalen heriotza) izenburukoa. Estanpazioari dagokionez, Marcoussisek lehenik bi ale estanpatu zituen Txinatar paperean (A eta B hizkiekin markatuta), gero beste lau (C, D eta E gehi beste bat merkaturatze bideetatik kanpora), eta geroago beste hamasei ale japoniar paperean, I.etik XVI.era zenbakituta, XI. zenbakikoa dela Museoko obraren edizioari dagokiona. Azkenik, Van Gelder Zonen paperean argitaratu zituen behin betiko ehun eta hogeita zortzi aleak, horietatik ehun eta hamar zenbakituta daudelarik eta beste hemezortzi merkaturatze bideetatik kanpora. Bestalde, teknikaren ikuspegitik, Marcoussisek argiaren tratamendua izan zuen kezkarik handiena serie horri begira, argi berezi bat eman zion Nervalen liburuko inspirazio poetiko bakoitzari. Horretarako lehenik marrazki batzuk landu zituen -plantxa bakoitzerako bana kontserbatzen da-, eta grabatuaren artearen esparruko maisu handiengandik ikasi zuen, batez ere XVI. eta XVII. mendeko maisuengandik. Urte batzuk geroago, 1937an, Les artistes à Paris agerkarian argitaratu zuen grabatuari buruzko "La gravure à l'eau-forte" izenburuko artikulu garrantzitsuan halaxe laburbildu zuen kontu hori egileak: (...) "Argiaren sorkuntza horixe iruditzen zait aspaldidanik pinturaren eta arte grafikoen helburu nagusia. Urteak eman ditut argia adierazteko bitartekoak egiaztatzen. Punta eta zizela eskuan hartuta, zuritik beltzera igarotzen diren balioen sorta osoa sortzeko XVII. mendeko prozesu tekniko konplexuenak aztertuko ditut" (...). Asmo horiek ongi asko hautematen dira bere Ituna izenburuko lanaren eta Dureroren Malenkonia izenburuko lanaren arteko bat etortzeetan nola kontzepzioari hala argiaren eta teknikaren erabilerari dagokienean, baita Rembrandten Jakintsu bat bere estudioan -era berean Fausto doktorea izenburuarekin ezaguna- obrarekin alderatuta ere. Gainera, Aurelia serieko plantxa batzuk oihalera eraman zituen Marcoussisek, batzuk beste izenburu batekin, esate baterako, Eroetxeak (Couple en bas de l'escalier) eta Hitzarmena (Homme accroupi). Azkenik, grabatzaile gisa egindako ibilbidean, 1933. urtean zazpi akuaforte landu zituen Marcel Jouhandeauren lagun min Gordeau jaunarentzat, Eaux-fortes théâtrales pour Monsieur G., izenburua eman zion sailari. Urte horretan ere akuaforte teknikaz landutako beste sorta bat grabatu zuen, 1934an argitaratu zuen ordurako zendua zuen lagun Guillaume Apollinaireren Alcools lanari begira.

Batik bat grabatzaile gisa goren maila lortu zuelako oso ospetsua egin zen nazioarte mailan, bere grabatuak jarri zituen ikusgai Parisko Jeanne Bucher galerian (1930), Chicago Arts Clubean (1934) eta New Yorkeko Knoedler galerian (1935). Gainera, 1936an, Bruselako Arte Ederren Jauregian, Marcoussisek 1903 eta 1936 bitartean egindako ehun eta berrogeita bost grabatu jarri ziren ikusgai atzera begirako erakusketan, egilea bizirik zenean. 1933tik aurrera grabatuaren artea irakatsi zuen Parisko Schlaefer Akademian. Bertan pintura irakaslea izan zen André Masson, eta 1930. urte amaieran Joan Miróri erakutsi zizkion grabatuaren teknikak; horretarako Marcoussisek eta artista kataluniarrak 1938. urtean elkarrekin eta punta lehorra teknikari jarraiki landutako Miróren erretratua bezalako obrak baliatu zituen. (Javier Novo, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Benezit, Emmanuel. Dictionnaire de peintres, sculpteurs, dessinateurs et graveurs. París, Librarie Gründ, 1956.
  • Lafranchis, Jean. Marcoussis : sa vie, son oeuvre : catalogue complet des peintures, fixés sur verre, aquarelles, dessins, gravures. Paris, Les Éditions du Temps, 1961. p. 326, g. 50-59.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 192, 195-196, 198, n° cat. 76.