Junishi - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Junishi

Gakutei, Yashima

Japonia, 1786-Japonia, 1868

Xilografia

21,8 x 18,2 cm

Gakutei (岳,亭,)

c. 1820

XIX. Mendearen lehen laurden

82/746

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kalitatezko edizio pribatu edo surimonoen ekoizpenean espezializatutako estanpa ilustratzailea eta idazlea izan zen Yashima Gakutei, haren maisu Totoya Hokkei (1790-1850) izan zen bezalaxe. Bere literatur obrak XIX. mendearen lehen erdialdean harrera izugarria izan zuen gesaku fikziozko prosaren alorrean eta kyoka poesia komikoan. 1819tik aurrera soilik surimonoetara mugatu zen bere ekoizpen grafikoa. Grabatu horiek Urte Berrirako argitaratu ohi ziren, eta horrexegatik, erbi baten (usagi) presentziak adieraz liezaguke animalia horren urteko data duela estanpak. Japonian, Txinan bezalaxe, hamabi ziklotan banatutako egutegiari jarraitzen diote, eta Asiako zodiakoko animalia bati dagokio ziklo bakoitza. Gakuteire arte biografiarekin bateragarriak diren erbiaren urteek bi data posible eskaintzen dizkigute: 1819 eta 1831. Hala ere, sailaren izenburu orokorrak, Junishi, zodiakoko hamabi zeinuak ditu aipagai, eta horrenbestez, hamabiko sail bati dagokion estanpa bat izan daiteke, erbiaren erreferentzia kronologikoa izan gabe. Nolanahi ere, eszena honek, erbi zuri bat yari lantza daraman printze itxurako pertsonaia batekin mintzatzen, arropa garestiekin jantzia eta koroa buruan, Kojikin kontatutako historiara garamatzala ematen du. Inabako erbi zuriari buruz japonieraz idatzitako kronika zaharrena da hura. Kondairak esaten du O-kuni-nushi jainko sintoistak, bere laurogei anaiek ez bezala, erbi sakratu bati (usagigami) lagundu ziola, tiburoi batzuei iseka egiten saiatzeagatik larrutu egin zutena. O-kuni-nushi jainkoak emandako laguntzengatik erbiak iragarri zuen Yagami printzesarekin ezkonduko zela. New Yorkeko Metropolitan Museum museoak ere kontserbatu du Gakuteiren surimono hau bere funtsetan. David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 223, 312-313, n° cat. 93.