Hiru erpineko diadema duen eskaintzaile eskematikoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hiru erpineko diadema duen eskaintzaile eskematikoa

Anonimoa, II. mendea, K.a.

Brontzea

7,6 x 3,55 x 10,3 cm

82/841

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakumea zutik. Hankak zuzen ditu, elkartuta, oinak aurrerantz, eta ziri lodi bat azpian piezari eusteko. Ezkerreko sorbaldatik eskuineko aldakarantz toles diagonaletan antolatutako mantu batez dago estalita irudia. Azpiko tunika ez da bereizirik antzematen, baina baliteke bularraldearen eskuinaldean azpiko tunika horren arrastoren bat egotea, kareharrizko konkrezioen azpian desitxuratuta dauden ebaki bertikal batzuk hautematen baitira alde horretan. Ezkerreko besoa, luze jarrita, soinari atxikita dago, mantuak estaltzen du, soilik aurrerantz duen esku ahur irekia uzten du agerian; eskuko hatzak ebakien bidez daude adierazita, erpurua punta irtena dela. Motza da eskuineko besoa, luzatuta du, esku ahurra zabalik, eta bertan goporra, izar bat eratzen duten marrekin apaindua, marrak erliebean landuak. Hiru irtengune dauzkan diadema bat du buru gainean, irtengune horiek buruaren aldeetan eta kopetaren gainean daudela, ebaki erradialekin dekoratuta. Aurpegiko hazpegietatik ongi asko hautematen dira sudur zuzena, sudurrarekin bat egiten duten bekain zabalak eta luzeak eta bekainen beheko begiak, bi globulu txikien bidez adieraziak. Lisoa da irudiaren gibelalde osoa.

Oso geometrizazio nabarmenak estilizatuta dago irudi osoa, forma zorrotzeko irudia sortu nahi izan zuen egileak: estu-estua da oinetan eta sorbaldetarantz zabaltzen da lepoko estugunea igaro ondoren koroaren alboetako erpinetaraino iristeko. Eskuineko besoaren kanporanzko proiekzioak antzeko beste ale askotan topatzen dugun asimetria ematen dio piezari. Irudiaren geometriaren eskema hori areagotu egiten du gorputz lautu nabarmenak.

Veronako Arkeologia Museoan bada ezaugarrietan eta neurrietan berdin-berdina den ale bat (A4, 373. Inb. zk.), aurpegiaren modelatuan baizik ez dira alde txiki batzuk nabaritzen. Eta oso antzeko piezak daude Arezzon eta Perugian. Hortaz, etruriar serieen artean kokatu behar dugu, forma helenistikoen estilo degeneratuan, eta beraz, K.a. II. mende inguruan datatu behar dugu.

Milango Museo Zibiko Arkeologikoko pieza batek ezaugarri bertsuak ditu, besoak txikiagoak ditu, baina buruko apaingarria hobe irudikatuta du, eta bost hosto izango zituen koroa erradialtzat interpretatzen da, bost hosto horietatik soilik hiru biribilduta dituela adierazten bada ere. Egia esan, eta kontuan harturik irudia lautzeko joera orokorra, hosto biribil horiek hobe irudikatzen dute kopetari itsasten zaion hegal zabaleko kapela luze sabeldun bat. Baliteke aurreko irudiek daramatzaten hiru erpinetako diademen estilizazio bat izatea ere, egileak formak laburtzeko duen moduaren aurrean egokiak izan baitaitezke interpretazioak oro. Irudiaren estilo luzanga hori Umbria eta Fiesole aldeetakoa da berez, baita Chiusikoa ere, eta beraz, Italiako penintsularen erdialdean/ekialdean kokatu behar dugu pieza horien jatorria, Etruriako eremuaren eraginpeko esparruan, hain zuzen. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 377-380, n° 72.