Ezpataria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ezpataria

Zamacois y Zabala, Eduardo

Bilbao, 1841/07/02-Madril, 1871/01/12

Akuarela eta arkatza paperean

26 x 18 cm

ZAMACOÏZ. (eskuineko beheko angelua)

c. 1868

03/25

2003an eskuratua

Zamacoisek eta haren adiskide frantsesek Legegintza Kidegoko Bostak taldea sortu zuten garaitik hurbil egongo zen data batean egina izango da segur aski Ezpataria lana. Akuarela nabarmen landu zuten artista haiek. Lan honetan Bigarren Inperioko burgesen gustu berriaren ildoari jarraitzen dio egileak; haietan garaiko garrantzi handirik gabeko gaiei buruzko irudikapenak izan ziren nagusi, oso estimatuak Europako goi klaseen artean. Hain ziren estimatuak, non Erromako eta Pariseko arte kolonia espainiarrek askotan erabili baitzituzten sormen baliabide gisa.

Zamacoisek izan zuen Ezpatariaren gaia ezagutzeko aukera Meissonier-ekin ikasi zuen garaian. Horren harira, ez da ahantzi behar, 1844. urtean Alejandro Dumasek bere obra ezagunenetako bat idatzia zuela, Hiru mosketariak, eta haren semea, Alejandro Dumas, idazlea hura ere, Zamacoisen solaskidea izan zela hiriburu frantsesean. Obra honez gain, badira beste batzuk ere ezpatariak irudikatzen dituztenak, hori ez bazen izan ere margolariak gogokoen zituen gaietako bat.

Akuarelan, ezpatari tipologia frantsesa erakusten du Zamacoisek, Luis XV.a eta Luis XVI.a erregeen garaikoa, hain zuzen ere. Lan honetan ile motza darama eta kokospeko bizar fina du ezpatariak, laranja koloreko zakua darama jantzia, txalekoa eta kapa, alde batetik hartua gerritik zintzilika duen floretea ezkutatu ahal izateko. Eskularruak daramatza, eta ezkerreko eskuan kapela du, lumatxa zuri batez apaindua, galtza motz zabalak ditu, belaunen parean begizta berdez lotuak, galtzerdi gorriak daramatza eta zapatak begiztarekin, XVII. mendean ohikoa zen belarriaren ordez. Jakintasun arkeologiko horri, Meissonier maisuaren zuzeneko herentzia, erantsi behar zaio ezpatariaren jarreraren, pentsakor eta buru-makur, eta dagoen eszenatoki soilaren artean dagoen kontrastea, paretak altxatuak, kobrezko pegarra eta barra lodi bikoitzeko leiho bat, irudiaren protagonismoa are gehiago nabarmentzen duena.

Bere akuareletan egin ohi duen bezala, sakontasunik gabeko espazioaren bidez nabarmentzen du irudiaren protagonismoa, eta horrek aukera ematen dio ikusleari haren nortasuna azaltzeko. Hemen, bere izateko eta jarduteko moduaz gogoeta egiten ari den pertsona gisa aurkezten du ezpataria, armagizona eta ustez ausardia eta bere buruarengan segurtasun handia izan behar duena. (Javier Novo González)

Bibliografia hautatuta

  • Zamacois, Fortuny, Meissonier [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. 171.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 144-145, n° cat. 32.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 144-145, n° cat. 32.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 150-153, n° cat. 242.
  • Adquisiciones 02/07 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 36-37, n° cat. 9.