Exposición de / Industria y Comercio / Agosto 1934 Bilbao - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Exposición de / Industria y Comercio / Agosto 1934 Bilbao

Martínez Ortiz de Zárate, Nicolás Lit. Jesús Álvarez. - Bilbao

Bilbao, 1907/02/03-Madril, 1990/12/22

Koloretako litografia paperean

101 x 71 cm

Martinez Ortiz

1934

92/248

XIX. mendearen azken hamarraldietan eta XX. mendearen lehen hamarraldietan probintziako enpresa askok eta askok jarraitu zuten, oso emaitza onekin jarraitu ere, Bartzelonako 1888ko Erakusketa Unibertsala bezalako erakusketa garrantzitsuetan parte hartzen. Era berean, 1907 eta 1909 bitartean izandako Lan Biltzarrak bezalako ekitaldiak egin ziren Bilbon ondoz ondo, tartean 1912an egin beharreko Arteak eta Industriak Erakusketa Nazional ustela. Halaz ere, hogeita hamargarren urteetan izan zen Bilbon egindako Industria eta Merkataritza Erakusketaren aurreneko edizioa. Horrenbestez, 1932 eta 1935 bitartean eraman ziren burura erakusketa honen lehenengo lau edizioak: jatorrian Bizkaiko Motorzaleen Elkarteak sustatuta, Motorraren, osagarrien eta irratiaren Erakusketa izenburuarekin sortu zen, baina afixa honek adierazten duen urtean Bilboko Industria eta Merkataritza Erakusketa izena hartu zuen azoka honek.

1934ko abuztuak 18 eta irailak 2 bitartean izan zen Bilboko III. Industria eta Merkataritza Erakusketa, ekitaldiak Miguel de Unamuno Institutuko patioan eraman zituzten burura. Erakusketa hauek hasiera-hasieratik sortu ziren publizitatea egiteko lehen mailako tresna gisa, balizko milaka bezeroren eskura jartzen baitziren erakusketan parte hartzen zuten enpresek fabrikatutako produktuak. Eta hori agerian geratzen da egitarau ofizialaren zati batean, erakusketa hauek hizpide hartuta hala irakur baitzitekeen: (...) propaganda egiteko bitarteko onenak dira erakusketak... Ez dago herri baten bizimoduaren emaitzak jende kopuru handienari hobe eta denbora gutxiagoan ezagutarazteko beste bitartekorik. Industriari eta Merkataritzari buruzko urteroko Erakusketek turismoa sustatzen dute, eta aldi berean aberastasun iturri berri bat sortzen dute Bilboko hiriarentzat, milaka lagun igarotzen da bertatik Bizkaiko industria eta merkataritza bizia miresteko, askok eta askok ez baitituzte Bizkaiko industria eta merkataritza biziaren hamaika aurpegiak ezagutuko (...).

Nicolas Martínez Ortiz izan zen 1934ko erakusketa iragartzeko afixa lantzeko enkargua jaso zuena, eta horretarako oso motibo ikonografiko esplizituak erabili zituen. Izan ere, Ricardo Bastidak () 1926an proiektatu zuen Miguel de Unamuno Institutura, hain zuzen erakusketa hauek egiten ziren eraikinera, eramaten gaitu afixa honetako arkitekturak. Arkitektura horretatik ongi asko ezagutzen dira patioa inguratzen zuen pergola handiaren zati bat, egun desagertua, eta eraikinaren erpinetako baten gainean altxatzen den zortzi aldeko dorrea. Nola pergola hala terraza bihurtutako sabaia erabiltzen zuten erakusketariek, eta hain zuzen ere ingurune hori aukeratu zuen artistak lehen planoan ageri diren elementuak, industriari eta merkataritzari lotuak, kokatzeko.

Afixa honen mezua hainbat elementuren baturaren emaitza da. Erreferentzia arkitektonikoek erakusketa egiten zen lekura garamatzaten arren, oso garrantzitsuak dira, era berean, aipamen sinbolikoak. Izan ere, Hermes edo Merkurio da, jainkoen mezularia eta merkatarien eta bidaiarien patroia, ausaz ebakirik eta profilean ageri den irudia. Merkataritzaren ikur nagusia den Jainko mitologiko horren irudikapenak badu bere berezitasunik, kaduzeoaz gain engranaje bat baitu eskuetan, ekitaldiaren industria izaerari erreferentzia garbia eginez. Afixaren ikonografia osatzeko, Bilboko armarriaren irudi ia antzemanezina, eta haren gainean afixaren xedeko erakusketaren berri emateko hitzak.

Erakusketa iragartzeko afixaz gain beste euskarri batzuk erabili zituzten erakusketari halako zabalkundea emateko. Tokiko eta estatuko prentsan argitaratutako hamaika erreferentziaz gain, eskuko programa bat landu zuten: bertan, erakusketarien zerrenda, erakustokien banaketa, ekitaldien egutegia, ordutegiak, turismoaren alorreko informazioa eta publizitatea egiteko iragarki asko. Luis Lasheras Madinabeitiak (1896-1948) marraztu zuen egitarau ofizialaren azala, eta bertan Martínez Ortizen proposamenarekin bat datozen alderdi batzuk antzematen dira. baina bi proposamen horiek antzeko elementuak partekatzen dituzten arren, esate baterako pergola, patioa, dorrea eta kaduzeoa, artista bakoitzak oso bestela landu eta konbinatu zituen osagai horiek guztiak, emaitzak ezberdinak bezain interesgarriak.

Bilboko Industria eta Merkataritza erakusketen jatorria 1932an kokatu behar dugu. Urte hartan egin zen aurreneko edizioa, Motorraren, osagarrien eta irratiaren Erakusketa izenburuarekin sortu zen, baina Industria eta Merkataritza Erakusketa izena hartuko zuen 1934. urteko edizioan. Erakusketa herrek izen horri eutsi zion gerra zibila piztu zen arte, bertan behera utzi behar izan baitzuten gerra garaian. 1941ean Bilboko Erakustazoka izenarekin itzuli zen. Hemen aipatu ditugun erakusketa guztiak Miguel de Unamuno Institutuko instalazioetan eraman ziren burura, eta besteak beste Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera eta Bizkaiko hainbat banku eta aurrezki kutxa izan ziren babesleak. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 231, 278, 314, 315, n° cat. 158.
  • "Adquisiciones de carteles antiguos, 1987-1992", Guía de Exposiciones, n° 175. 1992. N° cat. 35
  • Artes gráficas : una introducción a la historia de la imprenta en el País Vasco [Cat. exp.]. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia, Kultura Saila = Diputación Foral de Bizkaia, Departamento de Cultura, 1995. p. 37.
  • Ubierna, Javier. Euskal Herriko cartelak : askatasunaren irudiak, 1793-1979. Bilbao, Tafalla (Nafarroa), Txalaparta, 1997. pp. 73, 105.
  • Nicolás Martínez Ortiz, 1907-1991 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 24.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009.
  • Caos y clasicismo : arte en Francia, Italia, Alemania y España, 1918-1936 [Cat. exp.]. Bilbao, FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011. pp. 40-41, 59, sin n° cat.