Beloa duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Beloa duen eskaintzailea

Anonimoa, II. mendea, K.a.

Brontzea

7,8 x 3,53 x 2,29 cm

82/868

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia. Mahukarik gabeko tunika eta mantua ditu jantzita. Tunikaren azpitik ageri zaizkio oinetakoen muturrak. Tunika toles bertikaletan dago antolatuta, eta mantuak burua estaltzen dio mantelina baten modura, ezkerreko sorbaldatik gerriraino iristen zaio ezkerreko besoan biltzeko eta zeiharrean jarritako tunika estaltzeko. Tunikaren tolesak ongi antolatuta daude diagonalean, denak ezkerreko sorbaldatik bizkar osoa igarotzen dion toles bertikal handia izan ezik. Ezkerreko besoa saihetsari itsatsita du mantuaren azpitik, baina beso muturra kanpoan du, aurrerantz jarrita, eskuarekin pixide esferiko bati eusten diola. Eskuineko besoa aurrerantz du, baina goporrari helduko zion eskua hautsita du. Ongi proportzionatuta du burua, eta mantuarena egiten dion mantelinarekin estalita du kopetatik atzera. Kopetaren erditik atzerantz antolatuta du orrazkera, ileak xerlo erradialetan bilduak. Oso desitxuratuta du aurpegia, baina hazpegiek proportzio egokiak erakusten dituzte.

Villalazango (Zamora) Albako kastroa induskatzeko lanetan antzeko irudi bat aurkitu zuten 1987. urtean, kontserbazio egoera hobean zegoen eta kalitate handiago batez landua. Janzkien tolesak kontrako norabidean daude antolatuta. Fortunaren etxeko iruditzat hartua izan bada ere, ez da ahantzi behar irudi horren jarreraren eta Genio, Minerva eta Tutelaren irudien jarreren artean dagoen antza. Aurkikuntza hori ez zuten testuinguru erlijioso zehatz batean egin, eta ez da baztertzen emakume baten botozko irudia izatea.

Milango Museo Zibiko Arkeologikoan bada antz handia duen beste irudi bat. Burua handixeagoa du eta trauskil samar landuta, kontserbatzen du eskuineko eskuko goporra eta oso inklinatuta eskaintzen du, ez horizontalean eta ez ia parean, tarteko bideanbaizik, gure 78. eta 79. zenbakiko piezetan bezala; eskaintza edo sakrifizioa jada burutua dela adieraz dezakete horiek, edo agian goporraren edukiari eusteko jarrera ari dira irudikatzen.

Zamorako aurkikuntzaren antzekotasunak eraman lezake irudi hau erromatarren garaian kokatzera, baina talde bereko gainerako otoizlariekin duen antzekotasun estilistikoak italiar moldeko multzoan sailkatzera eramaten du. Oso litekeena da gisa honetako irudiak luzaroan kontserbatu izana landa eremuetan, eta abeltzainek berak ezagutarazi izana artearen inguruko modek oso bestelako bideak hartu zituzten uneetan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 367-369, n° 69.