Bilduma online eta irudien salmenta
Atena-Minerva eserita
Anonimoa, II-I. mendeak, K. a.
Brontzea
7,61 x 3,21 x 2,44 cm
82/907
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Emakume baten irudia, eserita dago. Arropa lodiekin jantzita dago, arropa horiek toles bertikal bakunen bidez irudikatuak direla zangoen gainean eta eskuineko besoan; belaunen parean beste toles horizontal batek zeharkatzen ditu. Oso modu mehean daude adierazita jantziak, ez da konposiziotik argi eta garbi bereizten. Antza bularraren gainean du gurutzatuta ezkerreko besoa, baina tolestutako lamina baten itxura du. Eskuineko besoa aurreratuta du, ertz kurbatua duen gopor ahur bati heltzen dio. Buru handia du, apur bat eskuinetara inklinatuta. Kasko garai eta sabeldun bat du buru gainean, ez du gailurrik, eta eskuinetara eramana du. Azaletik baizik ez ditu hazpegiak zirriborratuta, aurpegiaren erdian duen sudur zuzena baino ez da nabarmentzen.
Lanaren itxura zabarra eta trauskila den arren, argi eta garbi hautematen da Atenaren irudia, kaskoaren formak salatzen du, nahiz eta egileak Atenaren ohiko ezaugarriak saihestu zituen, esate baterako, aldean eraman ohi dituen babesgarria eta gorgoneiona. Era berean, ezkerreko eskuarekin lotutako ikurrak oro saihestu ditu egileak, ezaugarriak goporrera murrizteko, gopor horrexek ematen baitio gure aleari botozko irudiaren izaera. Louvre Museoan dagoen beste irudi bat, hura ere kaskoarekin eta jarrera berarekin, balizko Salustzat hartua da, goporrak sakrifizioaren zentzua ematen baitio aleari.
Tentetua da jainkosaren jarrera, oso zurruna eta frontala, baina belaunak zeharkatzen dituen tolesak, ezkerreko besoa gurutzatzeko erak eta buruaren eta kaskoaren egokierak irudia eskuinetara biratuta dagoelako inpresioa eragiten dute; horregatik uste dugu jatorrian talde baten eskuinaldean egongo zela irudi hau, Jupiterrekin eta Junorekin batean Hiruko Kapitolinoa osatuko baitzuen, hiruak egongo ziren jarleku luze batean eserita. Erromatar izaera garbiko multzo horrekin duen erlazioak ematen du Minervaren izen zehatzagoa aplikatzeko aukera, Greziako Atena ez baita gisa horretan irudikatzen.
Minervaren eredu hori zutik ageri den eredua baino askoz ere urriagoa da, baina estatua handien artean ez dira gutxi erreferentziak. Paralelo nabarmenenak marmolezko erliebeetan eta eskultura kolosaletan daude, baita italiar gustuko terrakotetan ere, esate baterako, Villa Giuliako Etruriar Museo Nazionalean eta Erromako Antiquarium Forense delakoan dauden eskulturetan. Frantziako Liburutegi Nazionalean dagoen Minerva eseriaren irudiak aukera ematen du ikonografia mota hori kalitate handiagoko ale batean hautemateko. Bilduma bereko beste brontze batek Jupiter irudikatzen du eserita, eskuineko esku irekian goporra duela, eta antz handia du estiloaren eta formaren ikuspegietatik gure alearekin. Bostongo Arte Ederren Museoan bada antzeko ezaugarriak dauzkan Atena bat eserita, baina ale txiki hauetan ohikoak izaten diren aldaketak tarteko modu bitxian du jantzita kaskoa: kokots uhalak altxatuta dituenez, bi puntako diadema bat duela ematen du, irudi eskaintzaile batzuek izaten dutenaren antzera.
Ale hau oso modu mehean landuta baitago, gisa bertsuko obrak behin eta berriz egin zituztela pentsa genezake, gero eta ezaugarri ikonografiko gutxiagorekin, baina ez dago antzeko aleak giro jakin batean kokatzeko arrazoirik, antzeko ezaugarriak dituzten piezak oso leku ezberdinetan aurkituak baitira. Gaitasun txikiko artisau baten lana izan daitekeela pentsa genezake, eredutzat erliebe bat edo plaka apaingarri bat izango zuena, halakoetan sarriago irudikatzen baita kontu hori. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 123-126, n° 8.