Present day
05-10-22
Hezkuntzako eta zabalkundeko programa publikoak
Eskoletako ikasleak
Museoko eskola-programek erantzun zabala eskaintzen dute hezkuntza-sistemako ikasmaila guztietarako; artelanen aurrean elkarrizketarako eta gogoeta egiteko tresna dira, bai eta gizarte-trebetasunak garatzeko eta ezagutza sortzeko bitartekoa ere. Aurtengo ikasturtean, Hezkuntza Sailak interes handia eragin ohi duten jardueretako batzuk eskainiko ditu, hala nola Koloretako museoa edo Ezohiko ibilbideak, eta, aldi berean, Bisita komentatuak BBKateak bildumaren antolamendu berrira bideratuko dira. Ibilbide digitalak proposamenak hirugarren ibilbide bat gehituko du, guztira museoko 36 lan bilduta, nabigatzen ibiltzeko garai, egile eta estiloetan barna. Horri erantsi behar zaio, gainera, Topaketak aukera berria, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat eskainia, non areto bakoitzak topaketa harrigarri bana proposatuko duen, dibertigarria sarritan, artista-hezitzaileek akuilatuta.
Gazteak
BBKateak museoaren aurkezpen berriak Begirada gurutzatuak ekimena indartu du, bisitari gazteak artearekin erlazionatzeko modu berri bat praktikatu ahal izateko proposamen multzoa, hamar artistak diseinatu eta gauzatu dituzten sormen-esperientzien bitartez; bildumara hurbiltze bat izango da, sormena tresnatzat hartuta. Goiz batean, artisten eta gazteen arteko elkarrekintza bultzatuko duen gune alternatibo bihurtuko da museoa, eta, hor, euren kezkak, interesak eta, areago, munduari nahiz inguruko errealitateari buruz duten ikuspegia txertatu ahal izango dute.
Helduak
Prestakuntza-programetako edo interes kulturaleko kolektiboetako helduek ere parte hartu ahal izango dute Bisita komentatuak, Ikuspuntuak eta Ibilbide digitalak ekimenetako programa egokituetan. Berrikuntza moduan, asteazkenero, 18:00etan eta 19:00etan jarriko dira abian Flash bisitak; 30 minutuko bisitak izango dira, eta hezitzaileek zuzenduko dituzte, parte-hartzea eta elkarrizketa sustatzeko asmoz. Belaunaldi arteko bisitak ere egingo dira, adin guztietako emakumeentzat bideratuta, BBKateak inguruan parte-hartzea sustatzeko asmoa duten gai-proposamenekin.
Familiak
Urtebetetik hamabi urtera bitarteko haurrak dauzkaten familiek asteburuko jarduera ugari aurkituko dituzte museoan, espazio ireki, atsegin eta parte-hartzaile batean, non artea taldean esperientzia berritzaile eta esanguratsuak bizitzeko tresna bihurtuko den.
Informazio gehiagorako, deac@bilbaomuseoa.eus edo 94 439 61 41 tel. (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara).00 a 15.00 h)