Berriak
13-12-10
Zinematekaren jarduera AlhóndigaBilbaora lekualdatu da
Bilboko Arte Eder Museoko Zinemateka 1983. urtean inauguratu zen, eta, geroztik, José Julián Bakenadok, museoaren zuzendariordeak, zuzendu izan du.
Bilboko Arte Eder Museoko Zinemateka 1983. urtean inauguratu zen, eta, geroztik, José Julián Bakenadok, museoaren zuzendariordeak, zuzendu izan du. Bi arrazoi zirela-eta sortu zuten: batetik, zinea ikusizko arte gisa aintzat hartzea (beste museo batzuek aspaldi egin zuten bezala, New Yorkeko MOMAk eta Parisko Louvre edo Pompidou zentroak kasu), eta, bestetik, merkataritzakoa ez den zinea modu egonkorrean zabaltzeko zerbitzua eskaintzea, gure inguruan ez baitago halakorik.
Hastapenetan, proiekzioak 56 eserleku zituen areto txiki batean ematen ziren, eta museoa berritu ondoren (2001eko abendua), 206 eserleku dituen egungo aretora aldatu ziren. Orduantxe, hain zuzen ere, Metro Bilbaok bat egin zuen proiektuarekin babesle bakar moduan. Ordutik gaurdaino, ehun mila erabiltzailek baino gehiagok gozatu dute proiekzioez: ikusleak oro har, zinemazaleak eta Arte Ederretako eta Informazioaren Zientzietako ikasleak. Proiektua abian egon den 28 urteetan, helburua berbera izan da beti: kultura zinematografikoa zabaltzea, zinemagintzaren historiaren barruan euren filmografia dela-eta azpimarratzekoak diren zuzendari klasikoen nahiz egungo zuzendarien lanak proiektatuz. Horretarako, bada, 200 ziklo baino gehiago programatu dira, ezinbestekoak diren zuzendarien omenez -John Ford, Orson Welles, François Truffaut, Ingmar Bergman, Jean Cocteau, Alfred Hitchcock, Fritz Lang, Pier Paolo Pasolini, Federico Fellini, Luis García Berlanga, Akira Kurosawa, Stanley Kubrick…- zein aktore mitikoen omenez –Buster Keaton, Humphrey Bogart, Gary Cooper, Charles Chaplin…-. Era berean, ziklo monografikoak ere programatu izan dira: zine dokumentala, egungo zine independentea, zine sobietarra, zinea eta opera, zine mutuko maisulanak, zine afrikarra, anime japoniarra… Jarduera nagusi honekin batera, halaber, topaketa eta mahai-inguruak ere antolatu izan dira, zuzendari ospetsuekin: Jean Rouch, Marcel Ophuls, Bruce Posner, Agnes Varda, Fernando Arrabal, Juan Mariné, Jesús Franco, Pedro Olea, Jørgen Leth, Francisco Regueiro… Sarri askotan, programazioak beste filmoteka batzuen lankidetza izatea eskatu du (Madril, Bartzelona, Valentzia…), eta hainbat ziklo antolatu dira elkarrekin; horrek atzerriko filmoteketako kopiak eskuratzea (Frantzia, Alemania, Britainia Handia, Italia, AEB, etab.) eta nazioarteko kultura erakundeen sostengua (Institutu Britainiarra, Institutu Frantsesa, Goethe Institutua…) ahalbidetu du. Zentzu horretan, Zinemateka ospe handiko eragileetako bat izan da, museoaren jardunaren baitan.
Halarik ere, AlhóndigaBilbao orain dela gutxi irekitzeari esker, espazio berria proposatu da Bilbok ikus-entzunezko eskaintza egonkorra izan dezan. Horregatik, bada, ibilbide berri bati ekin zaio zentzu honetan, aldez aurretik Bilboko Arte Eder Museoan egindako lana oinarritzat duena.
2011ko otsailetik aurrera, zinemateka dator berriro, baina, hemendik aurrera, AlhóndigaBilbaon izango da John Forden omenez egingo den ziklo hau. Ondoren, Pedro Almovodarri buruz egingo den beste bat proiektatuko da.
Espazio berria izango da, zinemaren, aisialdiaren eta, oro har, kulturaren zaleentzat foro bat izaten jarraitu nahi duena.