Berriak
19-12-11
Zaindu-El Museo Restaura programa
2011ean zaharberritutako lanen aurkezpena
Bilboko El Corte Inglésen eta museoaren arteko lankidetza 1990. urtean hasi zen. 2000. urterarte 11 artelan zaharberritu ziren, museoaren kanpoaldean dagoen eta Bilboko Udaletxearen jabetza den Francisco Durrioren Arriagari monumentua barne. Lankidetza hau 2000. urtean areagotu egin zen, Zaindu-El Museo Restaura programa abian jartzean. Hona hemen programaren bi helburuak: artelanak zaintzeko eta zaharberritzeko tratamenduak egitea eta tratatutako artelanak sakon ikertzea. Zenbait elementu, erabilitako materialak edo artistaren egikerak, esaterako, balio handiko datuak izan daitezke, artelanaren egilea nor den edo kronologia zein den zehazteko orduan. Hori dela eta, Zaindu-El Museo Restaura programa balio handiko tresna da, museoaren bildumako lanen ezagutza zientifikoa osatzeko.
2001. urtean abian jarri zenetik, 11 edizio izan ditu eta 108 artelan zaharberritu dira, orain aurkezten direnak barne hartuta: 51 pintura, 7 eskultura, paperean egindako 48 lan eta dekorazio-arteen 2 pieza. Aurten, lan hauen gainean egin da lan (tratamenduak jarraian azalduko ditugu):
- • Gustavo de Maeztu, Itsasoko emakumeak, c. 1916.
- • José María de Ucelay, Conversation Piece, Cum Tiffin (Hizketaldi baten eszena, hamaiketakoa) edo Urrutia eta Aranoa, c. 1951.
- • José María de Ucelay, Conversation Piece, Just Leisure (Hizketaldi baten eszena, aisialdia) edo Hemingway eta Duñabeitia, 1957.
- • Vicente Larrea, Anduia 2, 1967.
- • Carlos Sáenz de Tejada, Milizianoak Extremaduran, 1936.
- • Carlos Sáenz de Tejada, Euskal herrixka 1936an, 1936.
- • Alberto Durero, Hormako Ama Birjina, 1514.
- • Pieter van der Werff, Sanson eta Dalila, XVII. mendearen amaiera .