Berriak
04-12-09
Zaindu-El Museo Restaura programa, 2009
El Corte Inglés Bilbao eta museoaren arteko lankidetza 1990ean hasi zen, eta 2000. urtean dimentsio handiagoa hartu zuen, Zaindu-El Museo Restaura programa abian jartzean.
El Corte Inglés Bilbao eta museoaren arteko lankidetza 1990ean hasi zen, eta 2000. urtean dimentsio handiagoa hartu zuen, "Zaindu-El Museo Restaura" programa abian jartzean. Programa horren bitartez, kasu batzuetan, museoaren bildumako pieza batzuen baldintzak egonkortzeko tratamenduak aplikatzen dira, eta, beste kasu batzuetan, berriz, zaharberritze prozesu konplexuak jartzen dira martxan. 2009an obra nabarmen gisa Jan Gossaert pintore flandestarraren Familia Santua (c. 1525-1530) aukeratu da. Antzinako artearen atalaren barruan ere, Blasco de Grañén aragoiarraren tailerreko Ama Birjinaren iragaitza (c. 1437-1445) lana zaharberritu da. Lan honekin, amaitutzat jo da museoaren bildumakoak diren eta, jatorriz, erretaula gotiko berekoak ziren sei piezen tratamendua. Euskal artearen bildumaren barruan, José Arrúe pintor bilbotarraren Erromeria plazan lana aukeratu dugu. Hark landutako estiloaren eta gaien adibide garbia da. Paperean egindako lanei dagokienez, 2009an Goyaren Atsotitzak edo Burugabekeriak (1864) saileko hemezortzi grabatuak landu dira (obra horiek iaz eskuratu ziren). Arte garaikideari dagokionez, Andrés Nagel donostiarraren Zentauroren bahiketa (1984) tratatu da. Amaitzeko, lehen aldiz, museoaren “ezkutuko fondoko” altzari bat landu da. XVI. mendearen bigarren zatiko Idatz-altzari alemaniar berezi bat da, eta, beraren ikerketa estilistiko eta teknikoa egiteko, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ikerlarien lankidetza izan dugu.