Berriak
10-12-10
Zaindu-El Museo Restaura programa
2010ean zaharberritutako lanen aurkezpena.
El Corte Inglés-ek museoaren bildumako artelanak kontserbatu eta zaharberritzeko arloan egiten duen lana 1990ean hasi zen. 2000. urtean, Zaindu–El Museo Restaura programa abian jartzean, neurri eta egonkortasun handiagoa hartu zuen; modu horretan, urtero-urtero, artelan multzo bat aukeratzen da, eta, kasu batzuetan, kontserbaziorako tratamenduak aplikatzen zaizkie, eta, beste batzuetan, zaharberritzeko prozesu konplexuak. Prozesu hau funtsezkoa da piezen baldintza materialak eguneratzeko, baina, gainera, artelan bakoitza behar bezala katalogatzeko eta egilearen lan egiteko modua ezagutzeko ere funtsezkoa da; hau da, funtsezkoa da museoaren bildumaren gaineko ezagutza zientifikoa hobetzeko.
Programaren jardueren barne aurten, Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua nabarmendu behar da. José de Madrazok (Santander, 1781–Madril, 1859) pintatu zuen Erroman, 1816an, eta margolariaren produkzio osoko erretraturik esanguratsuenetako bat eta arte neoklasiko espainiarreko funtsezko piezetako bat da.
Euskal artearen bildumatik, Azokara eta Sardina-saltzailea eserita zaharberritu da, Aurelio Artetak (Bilbao, 1879–Mexiko DF, 1940) 1913–1915 inguruan pintatutako lanak. Gurutzetako (Bizkaia) Munoa Jauregirako egin zituen pintura alegorikoen ziklokoa da. Museoak ziklo horretako beste lau ditu, eta horietako bat, Baserrira, programa honen barruan zaharberritu zen 2007an.
Arte garaikideko fondoetatik, 2010. urtean zehar Andrés Nagelen (Donostia–San Sebastián, 1947) bi eskultura landu da, Bilboko lagunak eta Galerista madrildarrak Benidormen, bere produkzioko pieza esanguratsuak eta, teknikoki, iaz zaharberritu zen Zentauroaren bahiketa lanaren antzekoak.
Ezkutuko fondotik, igeltsuz egindako erliebe eder bat berreskuratu da: Amatasuna da, eta Nemesio Mogrobejok (Bilbao 1875–Graz, Austria, 1910) egin zuen Parisen, 1895ean. Museo honek Mogrobejoren lan ugari ditu, eta, hain zuzen ere, Amatasuna lanaren brontzezko bertsioa ere badauka. Normalean erakusten ez diren lanen fondokoak dira, era berean, Joan Gonzálezen (Bartzelona, 1868–1908) hamabi marrazkiak; paisaiak eta pertsonaiadun eszenak dira, eta zaharberrituak izan dira edizio honetarako.