Berriak
20-12-24
Xabier Sáenz de Gorbea III. Saria dedikazio artistikoari
Dedikazio artistikoari eskainitako Xabier Sáenz de Gorbea Sariaren epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Beatriz Herráez, Artium Museoko (Gasteiz) zuzendaria; Frantxi López Landatxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko (Donostia) zuzendari ohia; eta Sonia Rueda, artista. Hirugarren edizio honetan, epaimahaiak saria Petra Pérez galeristari ematea erabaki du; hain zuzen, Vanguardia galeriaren sortzaile eta zuzendariari.
Ireki zutenetik, lehenik Getxon eta, ondoren, Bilbon, Vanguardia erreferentziazko galeria bihurtu da euskal testuinguruan, harekin batera erregulartasunez lan egin duten eta galerian erakusketak izan dituzten artisten katalogo zabal eta entzutetsuari esker. Gainera, funtsezkoak izan dira nazioarteko agertokiarekin duen lotura eta arte garaikideko galerien sektore profesionalari eman dion laguntza aktiboa.
Saria ematen duen epaimahaiaren irizpenak aitorpena eman dio Petra Pérezi, honengatik:
“… arte garaikidearekiko eta, bereziki, euskal artearekiko izan duen konpromisoagatik, Bilboko Vanguardia galeriaren buru izan den berrogei urteko etengabeko ibilbidean. Galeria 1984an sortu zuen, bere proiektu pertsonal eta profesional gisa”.
Epaimahaiak haren erakusketen aniztasuna eta kalitatea ere baloratu ditu, eta aipagarritzat jo du:
“… berekiko zorrozki garaikideak diren artista garrantzitsuen lana hedatu eta sustatzeko egindako lan etengabea, zeinetan askotariko proposamen eta prozesu artistikoak bildu baititu”.
Merkataritza-arloko ikasketak egin ondoren, Petra Pérez Arte Aplikatuetan graduatu zen eta Arte Ederretako lizentziatura lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Arte Garaikideko doktorego-ikastaroekin osatu zuen bere prestakuntza. Haren esperientzia profesionala arte garaikidearen merkaturatzearekin eta bultzadarekin lotuta dago, eta, hain justu, duela berrogei urtetik baino gehiagotik Vanguardiaren jabe eta zuzendari izanik, horixe sustatu du bere galerian.
Arte garaikidearen sektore profesionalarekin izan duen loturari esker, galeriei eta artearen merkatuari buruzko nazioarteko Talking Galleries topaketetan parte hartu du, 2011n lehen edizioa Bartzelonan egin zutenetik 2019ra arte. Era berean, Euskadiko Arte Garaikideko Galerien Elkartearen (AGACE) sortzailea da, eta erakunde bereko presidentea izan da zortzi urtez.
Gainera, gaur egungo artearekin duen konpromisoaren harira, zenbait elkarte profesionaletan parte hartzen du, esaterako, Arte Garaikideko Espainiako Galerien Partzuergoan, Arte Garaikidearen Institutuan (IAC) eta Emakumeak Ikusizko Arteetan (MAV) erakundean. Azken erakunde horren xede nagusia sektorean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzea da, eta 2014an MAV Saria eman zion Petra Pérezi, izan duen ibilbide profesionalagatik.
1984an Getxon (Bizkaia) zabaldu zuenetik, galeriaren jarduera talentu emergenteei laguntzea izan da, haien ekoizpena ezagutzera emanez, dagoeneko ezagunak diren artistenarekin batera. 1987an Bilboko Mazarredo zumarkaleko 19. zenbakira eraman zuten galeria, eta hantxe jarraitzen du oraindik ere, Arte Ederren Bilboko Museotik eta Guggenheim Museotik hurbil, baita hiriko beste galeria eta kultura-gune batzuetatik hurbil ere.
Egiten duen merkataritza-jardueraz gain, lan garrantzitsua egiten du erakusketen eremuan, abangoardiakoak diren eta modan dauden artistak, hizkuntzak eta euskarriak sustatzeko, esaterako, bideoartea, performancea eta teknologia berriak.
Lehenengo erakusketatik, Galeriak jarduera-plan hori martxan jarri zuen Euskal artista-sorta izeneko talde-erakusketa batekin. Horretan, besteak beste, artista hauek izan ziren: Pello Irazu, Marisa Fernández, Jesus Mari Lazkano, José Ramón S. Morquillas, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola, Dora Salazar, Pablo Milicua eta Ángel Bados.
Besteak beste, honako hauek ordezkatzen ditu: José Ramón Anda, Chema Alvargonzález, Txaro Arrazola, Elena Asins, Martin Assig, Roger Ballen, Alfonso Batalla, Andrea Baumgartl, Patxi Cobo, José Pedro Croft, Jaime Davidovich, Esther Ferrer, Iñaki de la Fuente, Joan Fontcuberta, Asunción Goikoetxea, Marisa González, Jane Hammond, Luis Izquierdo-Mosso, Olav Christopher Jenssen, Anna Malagrida, lvan Marino, Josué M. Pena, José Ramón S. Morquillas, Carlos Pazos, Javier Pérez, Txuspo Poyo, Dora Salazar, Eduardo Sourrouille, Mabi Revuelta, Begoña Usaola, Gentz del Valle, Begoña Zubero, Alfonso Zubiaga eta José Zugasti. Gaur egun, José Manuel Ballester margolari eta argazkilari madrildarraren Decamerón erakusketa jarri du jendaurrean.
Galeriak, bere historian zehar, nazioarteko arte-azokarik garrantzitsuenetan parte hartu du: Madrilgo ARCOn eta Estampan, ArteSantander azokan, bai eta London Art Fair, LA Art Show, Art Cologne eta Art Forum Berlin, Art Brussels, Moving Image (Londres) eta Loop Barcelona azoketan ere, besteak beste.
Sektorearen egoera aldakorra denez, Petra Pérezek eremu instituzionaletan parte hartzera bultzatu ditu bere katalogoko artistak. Adibidez, Asunción Goikoetxeak Nafarroako Museoan (2004) erakutsi du bere lana; Mabi Revueltak, Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2007); Gentz del Vallek Iruñeko Polvorín de la Ciudadela aretoan (2007); José Zugastik (duela gutxi zendua) Donostiako Kubo-kutxa Aretoan (2009) eta Iván Marinok Badajozeko MEIAC museoan (2009).
Xabier Sáenz de Gorbea historialari, kritikari eta ikertzailearen bizitza eta artearen munduari egin zizkion ekarpenak betikotzeko, haren bikotekide Sonia Ruedak eta Arte Ederren Bilboko Museoak lehiaketa bat antolatu zuten 2020an, zeinak, bi urtean behin, haren izena daraman saria ematen baitu. Sariaren xedea da ikusizko arteen edozein arlotan (sorkuntza, azterketa eta ikerketa, sustapena, hedapena eta sustapena) izandako dedikazioa saritzea. Guztira 10.000 € gordineko saria da, Xabier Sáenz de Gorbearen legatutik eratorriak, eta Euskadin ikusizko arteak garatzeko ekarpen frogatua eta erabakigarria egin duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak proposa daitezke. Lehen edizioan, 2020-2022 aldian, Marta Cardenas margolariak (Donostia, 1944) jaso zuen saria; bigarrenean, 2022-2024 aldian, Juan Luis Goenaga margolariak (Donostia, 1950 – Madril, 2024).
Bartzelonako Unibertsitatean lizentziatu zen Artearen Historian, eta bere ibilbide profesional goiztiarra 1980an hasi zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Han, Ikerketa eta Kultura Hedapeneko dekanordea izan zen, eta, irakaskuntzarekiko ezohiko grinaz, irakasle aritu zen XX. mendeko Artearen Teoria eta Historia, XX. mendeko Artearen Hastapenak eta Azken Joera Artistikoak irakasgaietan. Garai horretan, halaber, aktiboki parte hartu zuen jarduera akademiko askotan, esaterako, zenbait udako ikastarotan, masterretan eta graduondokotan.
Bere anaia Robertorekin batera, 1971n, Bilboko Windsor galeria sortu zuen –ondoren Windsor Kulturgintza izango zena–, eta Arte Ederren Fakultateari lotutako artistekin 1983an sortutako Euskal Artisten Elkarteko kide izan zen.
Ikerlari gisa, arte garaikidea izan zuen ardatz, arreta berezia jarrita euskal agertokiari. Gainera, hurbiletik jorratu zuen euskal artea 1981etik aurrera Deia egunkarian astero argitaratu zituen kritiketan.Era berean, Lápiz, Ondare eta Zehar aldizkari espezializatuetako artikuluekin batera, testu ugari idatzi zituen erakusketen katalogoetarako. Aipagarriak dira, halaber, erakusketetan komisario gisa egin zuen lana, sari eta beken epaimahaietan izan zuen parte-hartzea, eta Eusko Jaurlaritzarentzat 1981 eta 1991 bitartean arte plastikoen aholkulari gisa izan zuen eginkizuna.
Ibilbide emankor horren eta Euskadiko arte plastikoen garapenari egin zion ekarpenaren aitorpen modura, Gure Artea saria jaso zuen 2012an.