Berriak
27-09-12

Ukitzeko Artea
Museoak eta Iberdrolak hezkuntza-jarduera aitzindaria jarriko dute abian, ikusmen aldetik desgaituak diren pertsonei zuzenduta.
2008tik, Museoko Hezkuntza Sailak IBERDROLAren babesa dauka, ikusmen eta adimen aldetik desgaituak diren pertsonentzako eta beharrizan bereziak dituzten kolektiboentzako areto-ibilbideak eta esperimentazio-tailerrak antolatzeko orduan, irisgarritasuna gero eta publiko-mota gehiagorengana zabaltzeko helburuarekin eta artea tresna hezitzaile gisa erabiltzen duten zenbait jardueraren bitartez euren garapena sustatzeko asmoz.
Orain, ikusmen aldetik desgaituak diren pertsonei artelanak ezagutzeko aukera ematen dien teknika aitzindari bati esker, museoko bilduma iraunkorreko maisulanetatik aukeratutako bost koadrok hezkuntza arloko proposamen berria osatzen dute, margolanak ukimenaren bitartez ezagutu ahal izateko. Hain zuzen ere, Grecoren Deikundea, José de Riberaren San Sebastian, emakume santuek sendatuta, Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak, Mary Cassatten Emakumea eserita haurra besoetan duela eta Francis Baconen Lying figure in mirror dira aipatutako lanak.
Teknika berritzaile honi esker –Didú deitzen da eta Bilboko Estudios Durero enpresak garatu du–, bost milimetrorainoko erliebea eta ehundurak eman dakizkioke irudi lauei. Prozesua irudiaren bereizmen handiko argazki batetik abiatzen da. Gero, itsuaren eskuak gidatzeko balioko duten ehundura eta bolumenik egokienak aukeratzen dira. Horri dagokionez, xehetasun txiki eta itxuraz hutsalak funtsezkoak izan daitezke, koadro bakoitzaren konposizioa edo gaia ulertu ahal izateko. Irudi bakoitzarekin berrogei ordu inguru aritu ostean, bolumenak eta ehundurak definituta geratzen dira, eta tinta berezi batekin inprimatzen dira. Gero, hamabi ordu inguru irauten duen prozesuan, hasieran lauak ziren elementuei bolumena ematen dien prozedura kimikoa aplikatzen da. Bertan inprimatzen da benetako irudia, jatorrizko koloreekin eta 80 x 120 cm inguruko neurrian; izan ere, neurri hori egokia da eskuekin ukitu eta denera heldu ahal izateko.
Modu horretan, planoek hiru dimentsio hartzen dituzte, eta koadroa erliebean geratzen da irudikatuta, ukimenaren bitartez aztertu ahal izateko erreprodukzioen ehundurak eta bolumena. Aldi berean, gaiari buruzko xehetasunak audio-gidetako lokuzioaren bitartez azaltzen dira, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Horrela, margolanaren ukimenezko interpretazioa bideratu daiteke. Azkenik, eta jarduera honen izaerari buruzko kontzientzia piztu nahian, jendeak mozorroak izango ditu eskura, ukimenaren potentziala edonork esperimentatu dezan.