Berriak
30-10-18
“Ukitzeko artea” irisgarritasun programa
Irisgarritasun bisualeko programa aitzindaria da, museoak eta Iberdrolak 2012an abian jarria, eta museotik irtengo da Bizkaiko hainbat ikastetxetan garatzeko
2008az geroztik, Iberdrolak eta museoak irisgarritasuna gero eta publiko gehiagori zabaltzeko helburua partekatzen dute, haien garapena sustatzeko heziketa-tresna nagusitzat artea duten jardueren bidez. Helburu horrekin, museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak hainbat jarduera eta tailer espezifiko garatu ditu ikusteko urritasun edo urritasun intelektual motaren bat duten pertsonei zuzenduta, bai eta beharrizan bereziak dituzten beste kolektibo batzuei zuzenduta ere.
Horien artean, nabarmentzekoa da, bere aitzindari izaerarengatik, “Ukitzeko Artea”, ikusteko urritasuna duten pertsonei zuzendutako programa, museoak 2012an abian jarritakoa, eta urte batzuk geroago beste museo batzuek bereganatutakoa, Prado eta Thyssen museoek, adibidez, Madrilen, eta Moskuko Puxkin museoak. Estudios Durerok (Bilbo) garatu duen teknologia berri batean oinarritzen da; irudi planoei testurak eta erliebea ematen dizkie, halako moldez non irudi digitala euskarri ukigarri bihurtzen duen.
Aukeratutako artelanaren bereizmen handiko argazki batekin hasten da prozesua; haren konposizioko elementu egokienak aukeratzen dira itsuaren eskuak gidatzeko. Bolumenak eta testurak definitu ondoren, horiek tinta berezi batez inprimatzen dira. Ondoren, prozedura kimiko bat aplikatzen da, hasieran planoak ziren elementuei bolumena emateko. Azalera horren gainean, eskalan inprimatzen da artelan errealaren irudia, bere jatorrizko koloreekin eta eskuekin osorik hartua eta arakatua izateko behar den neurri egokian. Horrela, planoek hiru dimentsioko izaera hartzen dute, 6 milimetro arterainokoa, eta, horri esker, erreprodukzioak ukimenaren bidez esplora daitezke.
Esperientzia sentsorial hau modu didaktikoan osatzen da pinturaren interpretazioa zuzentzeko bereziki garatutako laguntzako audio-gida batez –euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez–. Azkenik, eta jarduera honen izaerari buruzko kontzientzia-hartzea eragiteko, publikoaren esku jarriko dira begi-mozorroak, edozein pertsonak izan dezan aukera ukimenaren potentzialtasuna esperimentatzeko. Horrez gain, obrari buruzko iruzkin bat –euskaraz eta gaztelaniaz– eta braille sisteman idatzitako kartelak daude.
Proiektua in situ garatzen bost urte baino gehiago eman ondoren, eta 600 parte-hartzaile baino gehiago hartu ondoren, museoko obren erakustokiak ibilbide bati ekingo dio Bizkaiko hainbat ikastetxetan zehar, programa museotik kanpora hedatuz eta, horrela, ikusteko urritasun motaren bat duten pertsonei bere bildumako aukeraketa esanguratsu bat irisgarri egiteko helburua zabalduz.
Hezkuntza programa honen hasierako bost obrei beste bat gehitu zaie duela gutxi, proposamena osatzeko. Horri esker, artearen historiako hainbat arlotako eta hainbat artista bikainen sei obra gozatu ahal izango dira ukimenaren bidez: Espainiako eskola –Grecoren Deikundea eta José de Riberaren San Sebastian, emakume santuek sendatua–; Italiako pintura barrokoa –Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak–; inpresionismoa, Mary Cassalten Emakumea eserita, besoetan umea duela, mugimenduko margolari enblematikoenetako baten lana; XX. mendearen bigarren erdiko artea, Francis Baconen Figura etzana ispiluan lanarekin; eta, azkenik, Adolfo Guiarden Krabelin gorridun baserritar gaztea, museoko bilduman dauden euskal artisten obren artean esanguratsuenetako bat.
Proiektuan obra gehiago sartzeaz gain, erreprodukzioak jasotzen dituzten altzariak modernizatu dira museotik kanpoko ibilaldiak errazteko.
Proposamena hil honen 30etik 2019ko martxora arte garatuko da, eta 25 ikastetxeren baino gehiagoren interesa piztu du; sei piezekin hornitutako erakustokia jasoko dute aipatutako ikastetxeek. Gainera, museoak prestatutako hezitzaile batek erakusketara ukimenaren bidez hurreratzeko laguntza emango du, eta solasaldia eta esperientziatik eratorritako inpresioen bateratzea bultzatuko ditu.
Iberdrolaren babesaz gain, “Ukitzeko Artea” jarduerak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikusteko Urritasuna duten Ikasleentzako Bizkaiko Baliabidetegiaren laguntza du ikasturte honetan.
Iberdrola, gizartearekin konprometituta
Iberdrolak, sortu zenetik bertatik, konpromisoa hartu du presente dagoen komunitateen garapen energetiko, kultural eta sozialarekin. Ildo horretan, konpromiso horren barruan egindako beste urrats bat irudikatzen du Iberdrola Espainia Fundazioak, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak sustatuz. Garapen kulturala da jarduera hori ardazten duen arloetako bat, eta aberastasun kultural eta artistikoaren zaintzan eta mantentzean dago oinarrituta.
Esparru horretan kokatzen da Arte Ederren museoarekiko kolaborazioa. Horren barruan daude Kontserbazio eta Zaharberritze Programa; artelanen kontserbazio eta zaharberritzearen alorreko prestakuntza eta ikerketa beka, eta museoaren bilduma ezagutarazteko jarduera didaktikoak garatzeko laguntza, behar bereziak (ikusteko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboa) dituzten edo gizarteratzeko programetan dauden bisitariei zuzenduta.
Informazioa eta erreserbak: Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saila.
Tel. 94 439 61 41.