Berriak
02-10-19
“Ukitzeko Artea” ikusteko urritasuna dutenei artea irisgarri egiteko programa Gipuzkoako ikastetxetara hedatuko da 2019/2020 ikasturtean
Babeslea: Iberdrola. Laguntzailea: Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia, IBT-CRI Donostia
2008az geroztik, publiko gero eta zabalago batentzat irisgarri izateko eta irisgarritasunari buruzko sentsibilizazioa lantzeko helburua lantzen dihardute Iberdrolak eta Museoak, elkarrekin, artea tresna hezigarri modura baliatzen duten proposamenen bidez. Museoko Hezkuntza sailak xede horrekin prestatutako ekintza eta tailerren artean, nabarmentzekoa da Ukitzeko Artea programa aitzindaria; Museoak 2012an antolatu zuen programa hori, ikusmen urritasuna duten pertsonei begira eta beste museo batzuek bere egin dute, harrezkero, hala nola Madrilgo Prado eta Thyssen museoek eta Moskuko Pushkinek.
Programaren oinarria Bilboko Estudios Dureroren garapen teknologiko bat da, zeinaren bidez atxikitzen baitzaizkie Museoko bildumako artelanen irudi digitalei testura eta erliebea; horrela, ikasleek ukipenaren bidez iker ditzakete irudiak, euskarri horien bitartez. Esperientzia sentsorialaren osagarri didaktiko gisa, audiogida bat dago euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskuragarria, margolanen interpretaziorako. Era berean, obraren nahiz kartelaren iruzkinak daude, braillez idatzita euskaraz eta gaztelaniaz. Azkenik, publikoa proposamen honen izaera inklusiboaz sentsibilizatzeko, aurpegiko mozorroak eskaintzen dira, edonork esperimentatu ahal izan dezan ukimenaren ahalmena.
Hezitzaileak arduratzen dira jarduera gidatzeaz; hain zuzen ere, askotariko material lagungarriak erabiliz, ukipenera hurbiltzea errazten eta elkarrizketa bultzatzen dute.
Hasieran programa honetarako aukeratutako sei margolanei Noeren kutxa obra Erromaniko katalanekoa, XIII. mendean datatua gehituko zaie aurten, berrikuntza gisa. Errepertorioa osatzera datorren obra horrekin, 2019/2020 ikasturtean esperientzia hau beren jarduerei gehitzeko interesa duten Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleek ukipenaren bidez ezagutu ahal izango dituzte Bilboko Arte Ederren Museoko zazpi obra. Artearen historiako hainbat aldi eta artistaren erakusgarriak daude tartean: Erromaniko katalana, Espainiar eskola Grekoaren Agerkundea eta José de Riberaren San Sebastian emakume santuek sendatua; Italiako pintura barrokoa Lot eta haren alabak, Orazio Gentileschirena; inpresionismoa Emakumea eserita, haurra besoetan duela, Mary Cassattena, zeina izan baitzen mugimenduko emakume adierazgarrienetakoa; XX. mendearen bigarren erdiko artea Francis Baconen Lying Figure in Mirroreta Museoaren euskal artisten bildumako obra nagusietako bat Adolfo Guiarden Krabelin gorridun baserritar gaztea.
Bost urtez baino gehiagoz landu du proiektua museoak, eta, ondoren, erakusketak Bizkaiko zenbait ikastetxe bisitatu zituen 2018an, 2019ko maiatzera arte; horrela, 4.459 ikaslerengana hedatu zen programa. Orain, Museoak Gipuzkoako ikastetxeekin partekatuko du ikusteko urritasuna dutenei artea irisgarri egiteko baliabide hau, Iberdrolaren babesletzari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko IBT CRI Donostia ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegiaren laguntzari esker.
Erakusketa 2019ko urritik 2020ko maiatzera bitartean eskatu ahal izango dute interesa duten ikastetxe guztiek; doakoa da, eta astebeteko iraupena du (CRI zentroari atxikitako ikastegiei emango zaie lehentasuna).
Informazio gehiago eta erreserbak:
Bilboko Arte Ederren Museoaren Hezkuntza eta Kultura Ekintza
Harremanetarako / Tel. 94 439 61 41