Berriak
29-01-24
Ukitzeko artea. Ikusmen-irisgarritasuneko programa
Ibiltaritza Arabatik eta ukipen-panel berria
2012az geroztik, Iberdrolak eta museoak Ukitzeko artea programan parte hartzen dute, eta, horren bidez, aukera eman nahi diete ikusmen-urritasuna duten pertsonei artelanez ikasteko eta gozatzeko. Arte Ederren Bilboko Museoaren programa aitzindaria da, eta praktika museografikoaren barruan txertatzen du ukipen-esperientzia, bildumako artelanen aukeraketa bat erliebean erreproduzitzen duen gailu didaktiko baten bidez.
Ukitzeko artea programa ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat diseinatu da berariaz, eta, horrez gain, sentsibilizazio-esperientzia sentsoriala eskaintzen die ikasle guztiei. Hezitzaileek zuzendutako jarduera osatzen da laguntza-materialekin (braillezko testu eta antifazeekin) eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dagoen azalpen-audiogidarekin.
Museoan bertan egindako lehen edizioek eskola-sisteman izan zuten harrera ona ikusita, 2018an Hezkuntza Sailak proposatu zuen helburuen irismena zabaltzea, irisgarritasuneko baliabide didaktiko horren ibiltaritza antolatuz Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikastetxetan. Harrezkero, 46 ikastetxek eta 10.696 ikaslek hartu dute parte programan.
Aurtengo urtarriletik ekainaren erdialdera arte, Ukitzeko artearen ibiltaritza berria jarri da abian, oraingoan Arabako ikastetxeetan. Aurten ere, Iberdrolaren babesaz gain, Ikusmen Urritasuna duten Ikasleen Hezkuntza Inklusiorako Baliabideen Zentroak (CRI) laguntza eman du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aniztasun eta inklusiorako laguntza-zerbitzuen parte baita.
Hasieran ekoitzitako ukipenezko bost obrez gain, programak eskaintza zabaldu du, gaur egun bederatzi panel eduki arte, eta, horien artean, aurten ekoizpen berri bat sartu da: Nemesio Mogrobejoren (Bilbao, 1875 – Graz, Austria, 1910) Eva (1908-1909), zilarrezko erliebean. Artelanak emakumezko irudi bat du dekorazio-orla batean inskribatuta, art nouveauk Bilboko eskultorearengan izan zuen eraginaren erakusgarri.
Bildumako bederatzi artelanek ibilbidea osatzen dute, museoko bildumako hainbat aldi eta artista aztertuz; honako hauek dira:
- Kataluniako erromanikoa, Noeren kutxa (XIII. mendearen azken herena)
- Grekoa, Deikundea (1596-1600)
- José de Ribera, San Sebastian, emakume santuek sendatuta (c. 1620-1623)
- Orazio Gentileschi, Lot eta bere alabak (c. 1628)
- Mary Cassatt, Emakumea eserita, besoetan haur bat duela (c. 1890)
- Adolfo Guiard, Krabelin gorriko neska baserritarra (1903)
- Nemesio Mogrobejo, Eva (1908-1909)
- María Blanchard, Femme assise (Eserita dagoen emakumea) (c. 1928)
- Francis Bacon, Lying Figure in Mirror (Etzanda dagoen irudia ispiluan) (1971)
Informazioa eta erreserbak
Hezkuntza eta Kultura Ekintza Saila
deac@bilbaomuseoa.eus
Tel. 94 439 61 41
Iberdrola, sortu zenetik, konprometituta egon da presente dagoen komunitateen garapen energetiko, kultural eta sozialarekin. Ildo horretan, Iberdrola España Fundazioa beste urrats bat da konpromiso horretan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak bultzatuz. Kultura garatzea eta, bereziki, aberastasun kultural eta artistikoak zaintzea eta mantentzea da haren jardueraren ardatz nagusietako bat.
Esparru horretan kokatzen da Arte Ederren Bilboko Museoarekiko lankidetza. Lankidetza horren barruan sartzen dira, besteak beste, Kontserbazio eta Zaharberritze programari laguntzea, artelanak kontserbatu eta zaharberritzeko prestakuntza- eta ikerketa-bekak sortzea, eta museoaren bilduma ikusmen- edo ezagutza-urritasunagatik premia bereziak dituzten publikoei ezagutarazteko bereziki asmatutako jarduera didaktikoak garatzen laguntzea, edo gizarteratzeko programetan parte hartzea.