Berriak
28-01-25

Ukitzeko Artea. Ikusmen-irisgarritasuneko programa
2025eko ibiltaritza eta Vasarely panel berria
Ukitzeko Artea programak ukipen-esperientzia bihurtuko du Victor Vasarelyren pinturaren ilusio optikoa. Hain zuzen ere, erronka horixe izango du, aurten, ikusmen-irisgarritasuneko programak, zeinak orain arteko 9 edizioetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 66 ikastetxe eta 13.367 parte-hartzaile bildu dituen.
2012. urtean martxan jarri zuten Iberdrolak eta museoak Ukitzeko Artea ikusmen-irisgarritasuneko programa, ukipen-esperientzia praktika museografikoaren barruan txertatzeko xedez. Helburu hori betetzeko, erliebean erreproduzitzen da bildumako artelanen sorta hautatu bat gailu baten bidez. Ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako ekimena da, eta, Bilboko museoaren esperientzia aitzindari hartuta, beren hezkuntza-programetan txeratu dute, besteak beste, Madrilgo Prado eta Thyssen museoek eta Moskuko Pushkinek ere.
Ukitzeko artea programaren oinarria artelanen irudi digitalei erliebea atxikitzeko aukera ematen duen garapen teknologiko bat da, Bizkaiko Estudios Durero etxeak landua. Prozesuaren abiapuntua obraren bereizmen handiko argazki bat da. Argazki horretan, ikusmen-urritasuna duen pertsonaren eskuak gidatzeko baliagarri izango diren konposizio-elementu egokiak hautatzen dira. Jarraian, bolumenak eta testurak zehaztu ondoren, tinta berezi batez inprimatzen dira, eta berez lauak diren elementuei bolumena ematen zaie prozedura kimiko bat baliatuz. Gainazalean, obraren irudia inprimatzen da, eskalan, jatorrizko koloreekin eta ukimenaren bidez ñabardurak sumatzeko tamaina egokian.
Aurten, urrats bat aurrera egingo du proposamenak. Izan ere, panel berriaren bidez obra ez-figuratibo bat sartuko da, lehen aldiz, ibilbidean: Victor Vasarely pintorearen margolan ezagunenetako bat, konplexutasun handikoa, forma geometriko abstraktuei gehitzen zaizkielako irudi tridimentsionalaren efektuak.
Hori guztia erronka itzela izan da Estudios Durerorentzat, hurbiltasunaren eta urruntasunaren efektu sotilak ukipenaren bidez sumatzeko moduan landu behar izan baititu panelaren tamaina, sakontasuna eta formen testura. Ahalegin horren emaitza gisa, Vasarelyk ikusleari proposatzen dizkion erronka tridimentsional eta optikoak ukipen-esperientzia bihurtzen dituen panela sortu da, programa honen helburua betetzeko, artea ukipenaren bidez ikusteko.
Helburu nagusi horrekin batera, Ukitzeko Arteak ikasle guztiei begirako sentsibilizazio-esperientzia ere proposatzen du. Bitartekaritzako kideek esperientzia errazteaz eta partaidetza eta elkarrizketa sustatzeaz gainera, laguntza-materialak ere badira, jardueraren osagarri, hala nola braillez idatzitako azalpen-testuak eta sentsibilizaziorako begi-mozorroak, ukimenaren zentzuaren potentziala esperimentatzeko.
Gainera, panel bakoitzak bere azalpen-audiogida du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, panelaren gainazalean ukipen-ibilbidea egiteko proposamenari heldu eta artelanak interpretatzen laguntzeko.
Iberdrolak ekimen honi ematen dion babes iraunkorrarekin batera, aipatzekoa da IBT- Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegiaerakundearen lankidetza. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren barruko organismoa da IBT, aniztasuna eta inklusioa laguntzeko zerbitzuen parte, eta programaren alderdi praktikoei buruzko aholkularitza ematen dio Museoaren Hezkuntza Sailari.
Lehen edizioak museoan bertan egin baziren ere, 2018an kanpora irtetea eta erkidegoko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ibiltaritza antolatzea erabaki zen, eskola-sistemak emandako erantzun ona ikusita. Kasuren batean –iaz, adibidez, Laudion, Araban– kultur etxearen lokaletan antolatu da dispositiboa, eta, hala, beste kolektibo batzuek ere aukera izan dute artea ukitzeko, hala nola helduen prestakuntza iraunkorrekoek, zentro okupazionaletakoek eta ONCEko taldeek.
Aurtengo urtarrilean hasi eta ekainaren erdialdera arte, Bizkaian barrena ibiliko da Ukitzeko Artea, proposamena aberastuko duen Victor Vasarelyren pintura optiko baten panelarekin.
Hasieran sortutako bostetatik abiatuta, edizioz edizio osatuz joan da eskaintza, eta, hala, hamar ukipen-panel daude gaur egun:
- Erromaniko katalana. Noeren kutxa (XIII. mendearen azken herena)
- Grekoa. Deikundea (1596-1600)
- José de Ribera. Emakume santuak San Sebastian sendatzen (c. 1620-1623)
- Orazio Gentileschi. Lot eta bere alabak (c. 1628)
- Mary Cassatt. Emakumea eserita haurra besoetan duela (c. 1890)
- Adolfo Guiard. Krabelin gorridun baserritar gaztea(1903)
- Nemesio Mogrobejo. Eva (1908-1909)
- María Blanchard. Femme assise (Emakumea eserita) (c. 1928)
- Francis Bacon. Lying Figure in Mirror (Irudia etzanda ispiluan) (1971)
- Victor Vasarely. Pal-Ket (1973-1974)
Informazioa eta erreserbak
Kultur Ekintza eta Hezkuntza Saila
deac@bilbaomuseoa.eus
Tel. 94 439 61 41 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara)
XX. mendeko arte abstraktuaren egile gailenetako bat da Vasarely, eta op art mugimenduaren (arte optikoa) teorialari nagusietakoa. Budapesten hasi zen ikasketak egiten, Mühely eskolan –“Hungariako Bauhaus” izenez ezaguna–, eta Parisen hasi zuen arte grafikoen esparruko ibilbide profesionala. 1930ean han finkatu zen. 1947 inguruan, perspektibarekin, mugimenduarekin eta efektu optikoekin esperimentatzen hasi zen. Hurrengo hamarkadaren erdialdera finkatu zuen bere estiloa, kolore bizi eta efektu ñirñirkariak dituen arte optiko tridimentsionalean oinarritua. Pintura akrilikoak ahalbidetzen duen zehaztapenaz baliaturik, karratu batean inskribatutako esfera bat konposatu zuen konposatu zuen Vasarelyk Pal-Ket (1973-1974) obran. Perspektiba zehatzak kolore lauen eredu geometrikoen sare batean eragiten duen efektuak ganbiltasunaren ilusio optiko harrigarri bat sortzen du, halako eran non erronka jotzen baitio pertzepzioari eta irudi baitu ateratzen dela begira dagoenaren espaziora.
IIberdrola sorreratik beretik konprometituta egon da presente dagoen komunitateen garapen energetiko, kultural eta sozialarekin. Ildo horretan, Iberdrola España Fundazioa beste urrats bat da konpromiso horretan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea helburu duen heinean. Kultura garatzea eta, bereziki, aberastasun kultural eta artistikoak zaintzea eta mantentzea da haren jardueraren ardatz nagusietako bat.
Esparru horretan kokatzen da Bilboko Arte Ederren Museoarekiko lankidetza. Lankidetza horrek barne hartzen du, besteak beste, Kontserbazio eta Zaharberritze Programari laguntzea, artelanak kontserbatzeko eta zaharberritzeko prestakuntza- eta ikerketa-bekak sortzea, eta museoaren bilduma ikusmen- edo ezagutza-urritasunagatik premia bereziak dituzten publikoei ezagutarazteko bereziki asmatutako jarduera didaktikoak garatzen laguntzea, baita gizarteratzeko programetan parte hartzea ere.