Berriak
25-06-12
Ukitzeko artea
IBERDROLAK pertsona itsuei zuzendutako proiektu berritzailea babesten du museoan
Azken urteotan, Iberdrola eta museoa lan bateratuan aritu izan dira, irisgarritasuna gero eta jende gehiagorengana helarazteko asmoz. Hori horrela, ikusmen eta adimen aldetik desgaituak diren pertsonentzako eta beharrizan bereziak dituzten kolektiboentzako ibilbide eta tailerrak egin ohi dira, artea tresna hezitzaile gisa erabiltzen dituzten zenbait jardueraren bitartez euren garapena sustatzeko.
Ekimen hau Estudios Durero Bizkaiko enpresak garatutako teknika berritzaile batetik abiatzen da; hain zuzen ere, horri esker, lauak diren irudiei erliebea ematen zaie. Museoko Hezkuntza Saila ikusmen gabeziak dituzten pertsonei zuzendutako jardueraren parte izango diren bildumako bost margolanetan ari da lanean. Modu horretan, ukimenaren bitartez, pertsona horiek erliebez egindako erreprodukzioen ehundura eta bolumena sumatu ahal izango dituzte, eta, asmo honetarako beren-beregi sortutako audiogida bati esker, artelan bakoitzari buruzko azalpenak entzungo dituzte.
Proiektua Iberdrolak babestu du, eta irailaren erdialde inguruan aurkeztuko da museoan.