Berriak
13-06-23
That Time
Gure bildumaren memoriari eta arteari buruzko kontakizun berria Tabakaleran. Azaroak 5a arte
Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak «That Time» erakusketa bateratua aurkeztu dute. Bi erakundeek beren lehen lankidetza estreinatu dute, Bilboko museoan une honetan egiten ari diren handitze-lanen ondorioz sortutakoa. Artelanek Bilbotik Donostiara bidaiatu dute, ohiko bidearen alderantzizko noranzkoa hartuta, hau da, museo bateko bildumatik sorkuntza garaikideko zentro bateraino; eta bihartik datorren azaroaren 5era arte egongo dira ikusgai Tabakaleran. Erakustetako komisariotza bi erakundeetako barne-taldeek osatzen dute: Miriam Alzuri, Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea; eta Oier Etxeberria, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Programa Publikoaren arduraduna.
Iragana eta oraina izan dira Arte Ederren Bilboko Museoaren bildumagintza-lanaren funtsezko bi ardatzak. Museoa 1908an sortu zen, eta K.o. II. mendearen eta gaur egun artean sortutako adierazpen artistikoen adibide esanguratsuak daude bertan. Bestalde, Tabakalera, bere egitekoen artean sorkuntza garaikidea, artea eta gure garaiko eztabaidak bultzatzea helburu duen zentroa, museoko bildumari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzeko leku aproposa da. Beraz «That Time» orainean finkatutako begirada batez hurbiltzen da bildumara, baina begirada hori iraganera eta etorkizunera ere mugitzen da.
Museoko bilduma da erakusketaren jatorria, eta orain Tabakaleran dago erakusgai artearen eta memoriaren inguruko kontakizun bat proposatzeko. Erakusketaren izena Samuel Becketten That Time (1976) antzezlanetik dator. Lan horretan, poeta eta antzerkigile irlandarrak hiru ahots sortzen eta nahasten ditu, protagonistaren bizitzako hiru momenturen berri emateko: gaztaroko ahotsa, helduaroko ahotsa eta zahartzaroko ahotsa. Era berean, Tabakalerako erakusketa-espazioetan barrena egindako ibilbide zirkular batean antolatua dago erakusketa, honako hauek birsortzen dituzten hiru ahots horietan islatutako hiru eremutan: iragana (C ahotsa, zahartzarokoa), oraina (A ahotsa, helduarokoa) eta etorkizuna (B ahotsa, gaztarokoa). Horien bidez, bisitariak bilduma baten denboraren eta historiaren hiru aro ezagutuko ditu.
Erakusketa-espazioa 500 metro karratu baino gehiago zabalduz, «That Time» erakusketak 1.500 metro karratu hartzen ditu guztira, Tabakalerako lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatzen duten 80 artistaren 107 lanekin.
Erakusketak zenbait egileren eta zenbait arotako hamaika busto eskultorikorekin ematen dio ongietorria bisitariari, eta horiek erretratuen izaera memoriala azpimarratzen dute; izan ere, munduaren eta aldi baterako gauzen hauskortasunaren aurrean, gure artean ez dagoenaren oroitzapena bizirik mantentzen dute. Memoria aldarrikatzen du, eta, iraganetik, beste denbora (bizien denbora) eta toki batera (etorkizuna) eramaten gaitu. Batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta, beste batzuk, aldiz, artista ezagunek eginak (Francisco Durrio, Quintín de Torre, Josep Clará, Eduardo Arroyo). Irudietan garai batean ezagunak izan ziren pertsonak daude (Aurelio Arteta margolaria, Joséphine Baker dantzari eta abeslari afro-amerikarra), baita ezezagunak ere. Hamaika bustoak Pausa pulsar ekoizpen berriarekin batera daude espazioan. Ekoizpen hori Ainara LeGardon artistak sortu du; konposizio bokal bat da, eta hainbat garai, tamaina eta ezaugarritako bozgorailuen bidez entzun ahal izango da. Horiek, era berean, busto hiztun gisa hartzen dira.
C ahotsa, zahartzarokoa
Lehenengo aretoan (C ahotsa, zahartzarokoa) Vicente Ameztoy, Ibon Aranberri, Bonifacio, Marta Cárdenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero edo Cy Twomblyren lanek iraganeko aro zaharkitua (baina ez amaitua) irudikatzen dute, zeinetan «izan zen hura» oraindik ez den guztiz igaro. Iraganeko presentzia materiala oraineko forma artistikoetan nabari daiteke (Joan Piéren Idoloa; Albertoren Otiaren emakumea; Elena Asinsen Zortzi menhir bidimentsional; Remigio Mendibururen Sustraiak). Eta sekularizatutako orainaren enigmak (Óscar Domínguezen Ehiztaria; Francis Baconen Irudia etzanda ispiluan), berriz, Erdi Aroko eskulturaren erritualaren eta mitoaren bidez irudikatzen dira (San Joan gurutzearen oinaldean, XIV. mendeko anonimo espainiarra), baita aldareetako margolanaren bidez ere (Grecoren San Frantzisko otoitzean), hau da, bizitza jainkotiarraren eta gizakiaren patuaren irudikapenen bidez.
A ahotsa, helduarokoa
Denbora heztea, unitate homogeneoetan banatzea eta modu arrazionalean antolatzea (zortzi orduz lan egiteko, zortzi orduz atseden hartzeko eta zortzi orduz aisialdia) XIX. mendeko iraultza industrialaren helburua izan zen, eta, gaur egun, oraindik ere, horren ondorioak bizi ditugu. Erakusketaren bigarren aretoa (A ahotsa, helduarokoa) orainaldiari dagokio. Areto horretan, gizarte teknologiko eta industrialaren aginduak artista askoren lanean irudikatzen dira (Vicente Cutanda, Celso Lagar, Daniel Vázquez Díaz, Aurelio Arteta, Agustín Ibarrola, June Crespo). Teknologia eta energia industriala sorkuntzarako indar ahaltsuak dira; gerra eta horren ondorioak albo-kalte garrantzitsuak (Goya, Anthony Caro, Mari Puri Herrero, Idoia Montón, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea).
B ahotsa, gaztarokoa
Azkeneko aretoan ikusleek etorkizunaren ziurgabetasunari aurre egin beharko diote B ahotsaren bidez. Becketten antzezlanean gaztaroari dagokio, hain zuzen ere. Txomin Badiola, Fernand Léger, Markus Lüpertz, Nemesio Mogrobejo, Miren Arenzana edo Maria Helena Vieira da Silvaren artelanek erakusten digute artista garaikideek nola egiten dioten aurre artearen historiari (iragana eta horren mamuak) arte berri bat sortzeko. Zurbaránen Aurpegi Santuan, ordea, espektro itxura duen eta ez dagoen gorputz baten irudia betibiziko presentzia bihurtzen du artistak.
Dagoeneko aipatutako Ainara LeGardonen Pausa pulsar-ekin batera, bi artista garaikideri enkargatutako beste bi lan ere aurkezten dira «That Time»n: Ilke Gersen The Same Ground eta Jorge Moneoren Exergo. Lan horiek eten egiten dute museoko bildumako obren jarraitutasuna. Film-saiakera gisa, Exergok Arte Ederren Bilboko Museoko pintura batzuen eta artistek beren lan profesionala garatzen duten inguruabar materialen arteko harreman hipotetiko batzuk planteatzen ditu, iraganekoak zein garaikideak. Gersen The Same Ground-ek, berriz, erakusketa-aretoaren kanpoaldeko zoruan eginak eta hizkiz, letra-zatiz, sinboloz eta zeinuz osatuak, hizkuntzaren eta keinuaren artean mugitzen den denbora-partitura gisa funtzionatzen du.
Charles Garrad zinema-zuzendari eta artista multimediaren That Time filmak (zeinak Samuel Becketten antzezlana egokitzen duen) ixten du erakusketa honen ibilbide zirkularra.
Katalogoa
«That Time» erakusketak katalogo bat du, erakusketako bi komisarioen testu kuratorialak biltzen dituena, Jimena Canales Harvardeko Unibertsitateko Zientzien Historiako doktorearen El arte como brújula y reloj saiakerarekin batera. Katalogoan, gainera, Becketten 1976ko jatorrizko testua dago, 1987ko gaztelaniazko itzulpenarekin eta, orain, lehen aldiz, euskarazkoarekin batera. Argitalpenak Petronorren babesa izan du eta 20 euroren truke eskuratu ahal izango da Tabakalerako Info Puntuan eta museoaren dendan.