Berriak
02-09-22
Sota Gordailuaren aurkezpena
32. Aretoa
Museoak Cornelis van der Voort eta Luis de la Cruz y Ríos margolarien garrantzi handiko bi lan aurkeztuko ditu, gordailuan eskuratuak. Obra horiek Ramón de la Sota y Llano (1857-1936) euskal enpresaburuari konfiskatu zizkioten Gerra Zibilean, eta, orain, haren oinordekoei itzuli dizkie Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak.
Bi lanak daude egoera ezin hobean kontserbatuta, eta doitzeko tratamendu batzuk besterik ez zaizkie egin behar izan; bestalde, haiei buruzko zenbait ikerketa egin dira, bide eman dutenak haien egiletza zehazteko.
Cornelis van der Voort (Amberes, 1576-Ámsterdam, 1624)
Gizon gazte baten erretratua, 1623
Olioa oholean. 122,5 x 89,3 cm
Sota Mac-Mahon familiaren komodatua, 2022an
Artistak koadroaren goialdean eskuineko angeluan idatzitakoa –“AEtatis.sua.23. / Anno. 1623”– ez dator bat aurretik koadroaren egiletzat hartutako margolariarekin; hain zuzen ere, Frans Pourbus margolariari egotzi zitzaion obra, baina 1622an hil zen hura. Analisi estilistikoaren bidez berretsi da benetako egilea Holandako Urrezko Aroko erretratugile interesgarrienetako bat izan zela: Cornelis van der Voort, zeinak izan baitzuen berebiziko eragina Rembrandtengan, haren hastapenetan. Gainera, irudi honetakoaren antzeko idazkunak ageri dira artistaren beste erretratu batzuetan, honako hauetan esaterako: Pieter Pietersz Hasselaerrena (Amsterdamgo Museoa) eta Dirk Hasselaerrena (Rijksmuseum), eta Worcester Art Museumen kontserbatutako zaldun batena. Pieter Pietersz Hasselaer Amsterdamgo Museoko talde erretratu batean ere agertzen da, 1613 inguruan margolaria partaide izan zuen Schutterij hiriko miliziako beste kide batzuekin. Garai hartako holandar pinturaren aditu zenbaitek aho batez adierazi dute obraren egilea Van der Voort dela. Margolaria Anberesen jaio zen; espainiarrek hiria okupatu ondoren, Amsterdamen finkatu zen, 1585ean, eta laster egin zen ospetsua, talde erretratuei esker, nagusiki; hain zuzen ere, ekarpen handia egin zion genero hari. Bestalde, arte bildumari handia izan zen, eta San Lukasko Gremioko kidea; hain zuzen, haren presidente izendatu zuten 1619an. Erretratu honetan, 23 urteko gizon bat ikusten da, beltzez jantzia, guztiz, kalbinismoak aldarrikatzen zuen soiltasunaren idealarekin bat. Irudi soila den arren, gazteak estatus jasoa zuela adierazten dute haren janzkerak eta jarrerak. Ukabiletako parpaila aberatsak eta goletaren puntillako litsek eta garaiko beste modelo batzuetan baino nahasiago antolatutako tolesek halako sofistikazio neurritsu batez hornitzen dute irudia. Gaztearen begirada zuzen eta biziak eta erretratuaren argazki-ezaugarriek errealitate efektu ikusgarria sortzen dute.
Luis de la Cruz y Ríos eta haren lantegia (Puerto de la Cruz, Tenerife, 1776-Antequera, Málaga, 1853)
Maria Kristina Borboikoaren erretratua, c. 1833
Olioa mihisean. 66,4 x 52,8 cm
Sota Mac-Mahon familiaren komodatua, 2022an
Vicente Lópezen sinadura apokrifoak ez du eragotzi obra honen benetako egiletza Luis de la Cruz y Ríos margolari kanariarrari egoztea. Juan Ventura de Mirandaren ikaslea izan zen, eta, erretratuaz gainera, beste genero batzuk landu zituen; haien zenbait erakusgarri kontserbatzen dira Las Palmasko katedralean eta Puerto de la Cruzeko Nuestra Señora de la Peña de Francia elizan. López Tenerifeko alkate izendatu zuten 1808an, eta Fernando VII.aren ganbera pintorearen kargua hartu zuen 1815ean. 1837an, Málagan finkatu zen, eta Carlos de Haes paisajista handiaren irakasle izan zen bertan. Gortean, errege-erreginak erretratatu zituen, besteak beste, eta koadro haietako asko hainbat pertsonaiari opari eman zitzaizkien. Horietakoa bide da Maria Kristina Borboikoaren irudi hau. Lan honen zenbait bertsio daude, baina garrantzizkoena pertsonaia gorputz erdiz ageri dena da, Prado Museoan kontserbatua. Honako hau jatorrizkoaren berdina da, baina honek desberdina du formatua, eta aldeak daude, halaber, jantzian eta bitxietan. Bertsio honetan, hain zuzen ere, “itsasontzi eskote” bat du, sorbaldak agerian uzten dituena, eta hiru kizkurreko orrazkera darama (“a las tres potencias” zeritzona, 1830eko hamarkadaren hasieran oso modan egon zena. Perla eta diamantezko koroa du, Pradoko bertsioan ageri den “F7” (Fernando VII.a) motiboaz apaindutako orratzaren ordez. Sinplifikazio formal baina halaber tekniko horrek pentsarazten du artistaren lantegiak esku hartu bide zuela, agian, obra honetan. Bertsio guztietan ageri dira, bestalde, San Esteban eta Maria Luisaren ordenen bandak, baita Arranoaren intsignia eta Austriako Elisabet Teresaren Izarra ere.
Sota eta Gerra Zibila
Espainiako Gerra Zibilean, Bilboko Erantzukizun Politikoen Auzitegi Bereziak diligentziak eman zituen 1937ko urriaren 5ean eta 7an, eta konfiskatu egin zuten Ramón de la Sota y Llanoren arte bilduma ospetsua, Ibaiganeko jauregian bildua. Burgosko Kapitaintza Nagusiak 1938ko martxoan ebatzi zuen enpresaburuaren kontrako erantzukizun politikoen espedientea, eta ehun milioi pezetako isuna ezarri zion, frankismoan ezarritako altuena. Konfiskatutako koadroak Burgosera eraman zituzten, lehenik, eta Madrilera, gero; han, erregimeneko zenbait ministroren bulegoetan jarri zituzten apaingarri. Familiak 40ko eta 50eko hamarkadetan egindako izapideei esker, koadro haietako batzuk jabe zilegiei itzuli zitzaizkien.
Erantzukizun Politikoen ondorioz eratutako gordailuak itzultzeko Magistratu-epaile bereziak 1966ko azaroaren 10eko Indultu Dekretua betez 1969ko martxoaren 10ean emandako auto judizialaren bidez, Estatuko Administrazioari agindu zitzaion itzultzeko bildumako 170 artelan konfiskatu; haien artean ziren Martín Zapaterren erretratua, Goyak 1797an margotua, eta Luis de Morales “Jainkotiarra”ren Pietatea, 1568 ingurukoa, eta Bilboko Arte Ederren Museoari utzi zitzaizkion, handik gutxira. Hala ere, ez zen multzo osoa itzuli, eta ez zegoen koadroetako batzuen kokalekuaren berri; besteak beste, falta ziren Gizon gazte baten erretratua, garai batean Frans Pourbusi egotzia, eta Maria Kristina Borboikoaren erretratua, Vicente Lópezi egotzia.
2018an, Ramón de la Sota y Aburtoren oinordekoetako batek Gizon gazte baten erretratua aurkitu zuen “Colección artística de Paradores de Turismo” bilduman, eta familiari jakinarazi zion, baita hark berehala erreklamatu ere. Testuinguru horretan, orobat aurkitu ahal izan zuten Maria Kristina Borboikoaren erretratua.
Ramón y Cajal Abogados abokatuak izan dira oinordekoen ordezkari Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekiko auzian. Estatuko Turismo Idazkaritzak, aldez aurretik Estatuko Abokatutza Nagusiak aldeko txostena eginda, erabaki du erreklamazioa onartzea, aitortuz oinordekoek dutela koadroen titular gisa lehentasunezko eskubidea, Estatu Administrazioarenaren gainetik, Turespañak ezin izan baitu justifikatu erosketa titulurik eta ez baitzen aplikagarria usukapioa eskuratzeko bide gisa, hainbat hamarkadatan bere esku izan baditu ere.
Bi koadroak itzultzeko aktaren sinadura eta koadroak emateko egintza ekainaren 17an (ostirala) egin zen, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta hantxe gordailututa daude bi obrak, komodatu gisa, haiek ikertzeko eta erakusteko.
Sota familia eta Bilboko Arte Ederren Museoa
Sota familiak 1919tik du Bilboko Arte Ederren Museoarekin lotura estua; orduan eman zion dohaintzan Mathieu de Noailles kondesaren erretratua koadro zoragarria, 1913an Ignacio Zuloagak margotu eta handik sei urtera Ramón de la Sota y Llanok erosia, orduan sortu berria zen museorako. Familiak Museoarekin izan duen eskuzabaltasunak denboran zehar iraun du, eta bilduma aberastuz joan da bilbotar ontzigile ospetsuaren eta haren familiaren galeriako obrekin.
Obra horietako bat da Anselmo Guinea bilbotar margolariak 1899an Ibaigane jauregiko –Ramón de la Sotaren Bilboko egoitza– beirateetarako margotutako Erromeriatik bueltan koadroaren zirriborroa. Museoak 2008an eskuratu zuen, eta hizkuntza modernistako pieza apaingarria da, Sotak arte berritzailearekiko zuen interesaren erakusgarri. Alderdi horretatik, nabarmentzekoa da Bakioko baserritarra, Adolfo Guiardek 1888an margotua eta abangoardiako euskal arteko lehen erreferentzia handitzat hartua. Museoak 2019an erosi zizkien Sotaren oinordekoei, eta, eskuratze horrekin, margolari horren funtsezko hiru obra bildu ahal izan dira, jatorrian Ramón de la Sotaren bildumakoak izandakoak: Bakioko baserritarra, Sega (1892), Bilboko bilduma partikular batek 1999an gordailutua, eta Promesa (1894), 2008an eskuratua.
Getxoko Lertegui txaletaren jabea ere izan zen Sota, eta haren lorategian zegoen Lemazaina brontze ikaragarria, Quintín de Torre eskultoreari enkargatu ziona 1913an. Obra familiaren esku egon zen beti, harik eta 1975ean Vilallonga de la Sota ahizpek museoari dohaintzan eman zioten arte. Familiak abangoardiarekiko zuen interesa Museoko Antonio de Guezalaren bi lanetan ere islatzen da. Alde batetik, Ate birakaria, artistaren obra gailentzat jotzen dena. Museoan 2003an sartu zen mihise zoragarri horretan, Begoña de la Sota y Aburto erretratatu zuen Guezalak, Ramón de la Sota y Llanoren alaba, alegia. Hain zuzen ere, Begoña de la Sotak eman zituen dohaintzan, 1972an, Euskal emakume nekazariak fruta eta barazkiekin, Aurelio Artetak 1913-1915 inguruan margotua. Bigarrenik, Artisten gaua Ibaiganen, non familiaren egoitzan ospatutako festa zalapartatsu bat irudikatu baitzuen Guezalak. Museoak Sotaren oinordekoei erosi zien 2008an Ramónen seme Manuel de la Sota y Aburtorentzat margotua zen obra hori. Hark utzi zion Museoari, halaber, 1979an, José María Ucelayren 1935eko bionbo bikain bat, eta urtebete geroago, hari gehitu zitzaizkion Hubert Denis Etcheverryk 1891n margotutako erretratu bat eta Borjako San Frantzisko irudikatzen duen XVII. mendeko anonimo bat.
Ramón de la Sotak antzinako artearekiko interesa ere izan zuen. Bildu zituen pieza ugarien artean, nabarmentzekoak dira Francisco de Goyaren Martín Zapaterren erretratua eta Luis de Moralesen Pietatea. Gerra Zibila amaitu ondoren familiari itzuli zitzaizkion bi obra horiek Museoko bildumara iritsi ziren 1980an, Ramón de la Sota y Aburto jaunak –Ramón de la Sota y Llanoren semeak– utzitako ondarean. Ildo beretik, Pedro Atanasio Bocanegraren XVII. mendeko Ama Birjina Haurrarekin eta erretratuak mihisea dohaintzan eman zuten Blancak, Begoñak eta Aranzazu Alzola de la Sotak 2002an.
Azkenik, aipatzekoa da Sota familiako kideek Bilboko Arte Ederren Museoko kudeaketa organoetan izandako parte-hartze estua. Hain zuzen ere, Patronatuko batzarkide izan ziren Alejandro de la Sota, Luis eta Juan Olabarri Sota eta José María Sota Poveda; Ramón de la Sota y Aburto, berriz, Museoko presidentea izan zen 1919-1920an, eta liburutegiaren sustatzailea 1918an; eta, azkenik, Patrick de la Sota semea presidente eraginkorra izan zen 1979 eta 1987 artean. Haren agintaldian, berebiziko indarra hartu zuen Museoak, eraikina zabaldu, zerbitzu berriak sortu (estanpa kabinetea, hezkuntza saila, liburu denda, liburutegia eta kafetegia) eta nabarmen handitu baitziren bildumak, eta, horrekin batera, dohaintzan eman baitzizkion Museoari aldizkako argitalpenak eta arte aldizkariak.