Berriak
19-12-13
Sorollaren margolan baten dohaintza
Museoak Joaquín Sorollaren margolan baten dohaintza jaso du
Blanca Pons-Sorolla, Joaquín Sorollaren birbiloba eta margolariaren katalogo arrazoituaren egilea, asko pozten da margolan hau aurkitu izanaz; izan ere, Sorollaren testamentuan Elena Sorolla García alabari esleitu zitzaion. Orain arte ez zen ezagutzen non zegoen, eta kalitate txarreko eta zuri-beltzeko argazki baten bitartez baino ez zegoen dokumentatuta; aipatutako argazkia New Yorkeko Hispanic Society of Americaren artxiboan zegoen.
Museoaren bildumako Sorollaren funtsari gehituko zaio aipatutako lana, hiru margolan nagusi hauekin batera: Erlikiari musu ematen (1893) (18. aretoa), Mañanós pintorearen erretratua (1903) (19. aretoa) eta Unamunoren erretratua (c. 1912) (29. aretoa). Horiez gainera, hainbat bilduma partikularren beste zazpi margolan ere erakutsi ohi dira, aldi baterako gordailu gisa utzitakoak (25. aretoa).
Joaquín Sorolla XIX. mendetik XX. menderako espainiar pinturaren artista adierazgarrienetakoa da. Sorollak, bere lanaren bereizgarri den estilo luminista behin betikoa osatu aurretik, kostunbrismo erlijiosoko hainbat lan margotu zituen 1890eko hamarkadan, eta, bertan, Valentziako eliza barrokoen barruan gertatzen ziren jainkozaletasun herrikoiaren hainbat pasarte utzi zituen jasota. Ezagunenen artean dago Erlikiari musu ematen (1893), Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren maisulanetako bat, margolariari behin betiko ospea ekarri ziona, hain zuzen ere.
Alabaina, aldi horretan bertan, Sorollak hainbat lan utzi zituen bukatu gabe, antzeko gaiei buruzkoak eta izaera narratibo berekoak. Azterketak edo prestaketa-zirriborroak dira; horietako batzuk behin betiko lan bihurtu ziren, baina beste batzuk, besteak beste museoaren bilduma osatzeko dohaintzan jasotako lan hau, ez zituen amaitu.
Amaitu gabe badago ere, Eskari-mahaia lanak oso ondo erakusten du zer interes zituen Sorollak garai horretan, eta margolariaren lan prozesua ulertzeko dokumentu berezia da. Halaber, lan honek oso ondo erakusten du Sorolla gazteak eszenaren giroa deskribatzeko eta herritarrak irudikatzeko zuen maisutasuna; herritar horien artean kapa jantzita daraman gizonezko bat eta estalki koloretsua daraman emakumezko bat nabarmentzen dira, eta horiek ezin hobeto erakusten dute unean unekoa adierazteko zuen trebetasuna.
Kaperako zurezko eserlekuen antolaera horizontalaren bitartez eratzen da espazioa, eta, seguru asko, baita zoruaren perspektiba-lerroen bitartez ere, hain zuzen ere, lanaren ezkerraldeko beheko angeluan ikusten den marra beltzek iradokitzen dituztenen bitartez. Sorollak askotan erabili zuen oinarri akademizistako baliabide hori era honetako margolanetan.
Espazioaren garapenean garrantzizkoa da, halaber, argiaren modulazioa, amaierako planotik hasi, kandelen argipean agertzen den egur landuko aldare landuarekin, eta ezkerreko eremuraino, azuleju zeramikoz landutako frisoaren kontra dagoen eskari-mahaiarekin. Horixe da margolanari izena ematen dion osagai kostunbrista: aldarearen alboko mahaia, zeinetan emakumeek antolatzen zituzten karitatezko kanpainak, limosnak jasotzeko eta deboziozko liburuak, dominak eta eskapularioak saltzeko, gurtzara joaten direnek eramaten dituztenen antzera.
Gris ertaineko inprimazio bat aplikatu zuen oihal baten gainean margotu zuen Sorollak margolan hau, eta horregatik ikus daiteke kolore hori hainbat puntutan; horrez gainera, batasun kromatikoa ematen dio horrek multzo osoari. Arreak, berdeak, lur koloreak, grisak eta beltzak dira nagusi, kandelen argitan eta zenbait pertsonaiaren azalean aplikatutako hori eta laranja koloreko ukitu ausartekin.
Margolan hau Sorollak landutako teknikaren erakusgarri nabarmena da: kolore oso diluitu eta gardenen orbanetatik abiatzen zen, garbiketen antzera, eta horien bitartez definitzen zituen bolumenak. Oso nabarmena da lehenengo planoan, zoruan eta lanaren eskuinaldean. Ondoren, pintzelkada zabal eta solteen bitartez osatzen zituen osagaiak.
Esan liteke marrazkia zirriborratua izan zela, eta Sorollak kolorea aplikatuz osatu zuela. Margolanaren ezkerraldean, oihal granate batez eta zapi zuri batez estalitako mahaiaren gainean, pintura beltzeko arrastoak antzematen dira, marrazki sintetizatu baten zirriborroak. Ezkerraldean igartzen den aldareko margolan handian, Sorollak argimutil formako lanpara bat inprobisatu zuen, aurreko marrazkirik gabe eta naturaltasun handiz.
Objektuak eta pertsonaiak pintzelkada bizkorrez definitzen joan ziren; pintzelkada horiek sigi-saga egiten dute eremu batzuetan, baina beti dira axolagabeak, pintatzeko prozesuaren azken fasera iritsi gabe baitzegoen oraindik. Aurpegiak igarri baino ez dira egiten (xehetasun gehienekoa ezkerraldean eserita dagoen emakumearena da). Zenbait xehetasuni esker, esaterako eskapularioei esker, kolore masak identifika daitezke, eserita dauden pertsonaiak, esaterako. Osagai bakar batzuk baino ez daude erabat amaituta: aldarearen behealdea, sagrarioa gordetzen duen tenpletearekin, kandelen argi dardaratiaren aberastasunarekin, margolanaren erdialdean dagoen emakumearen xal estanpatua eta argi ukituak haragi koloreetan, Sorollaren hain berezkoak. Horiek guztiek handik gutxira margotu zituen itsas pinturetako Levanteko hondartzen argitasunera eramaten gaituzte.
Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863–Cercedilla, Madril, 1923)
Eskari-mahaia, c. 1892
Olioa mihisean. 86 x 106,8 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa
2013an egindako dohaintza partikularra
18. aretoa