Berriak
29-04-21
Sofonisba Anguissola
Eskuratu berria
Sofonisba Anguissolaren margolan hau aspaldi ez dela aurkitua da, eta berrikuntza handitzat har daiteke, oso urria baitzen egilearen ekoizpen erlijioso ezaguna. Anguissolak berak sinatuta eta datatuta dago, eta kontserbazio egoera bikaina du; hala, esku-hartze arin bat besterik ez zioten egin behar izan Historia de dos pintoras. Sofonisba Anguissola y Lavinia Fontana erakusketarako. 2019an egin zen erakusketa hori, Prado Museoan, Leticia Ruiz komisarioaren gidaritzapean, eta hartan erakutsi zen koadroa lehen aldiz jendaurrean.
Kristoren eta Alexandriako Santa Katalinaren arteko ezkontza mistikoa irudikatzen du obrak, Jacopo da Varazzek bere Santuen bizitzak obran jasotako pasarte batetik hartua. IV. mendeko printzesa bat izan zen Santa Katalina, eta martiri bihurtu zuten bere fede kristauagatik. Irudian, ezkon eraztuna ematen ari zaio Jesus Haurra, bertan direla Ama Birjina eta emakume heldu bat, santa Ana izan litekeena. Oso gai herrikoia den arren, zalantza ugari daude hari buruz, eta zalantzan jarri izan da goi-mailako printzesa dotore hura –hari estira emateko erabilitako gurpil horztunarekin eta martiritzaren palmondoarekin irudikatua– benetan izan zenik ere.
Obra 1588an datatuta dago, eta, hala, Genovan margotu bide zuen Sofonisba Anguissolak, hiri hartan bizi izan baitzen 1580. eta 1615. urteen bitartean. Urte haietan, estuasunik gabe bizitzeko moduko egoeran zegoenez, osorik pinturari emanik bizitzeko aukera izan zuen. Hortik ondoriozta liteke han bertatik bertara ezagutu bide zuela Genovako eskolako ordezkari nagusietakoa zen Luca Cambiasoren izen bereko obra, eta artista haren lanaren erreprodukzio leiala dela Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman sartu berria den mihise hau. Litekeena da Sofonisba Anguissolak interesa sentitu izana ikonografia berritzaile harekiko; edonola ere, aipatzekoa da Haurra jada kozkortua eta amaren antz handikoa irudikatu zuela, eta horrek humanizatu egiten du haren irudia eta protagonismo handiagoa ematen dio eszenan.
Cambiasoren jatorrizko obrari leial jarraitu zion arren, Anguissolaren lanak baditu ñabardura bereizgarri zenbait. Santuaren janzkera, esaterako, oparoagoa da hemen, eta Cambiasoren irudian ageri ez diren isla batzuk ditu oihalean eta zetazko mahukan. Era berean, xehetasun eta luxu handiagoz irudikatu zuen Anguissolak koroa, eta perlak erantsi zituen burukoan eta mantuaren mahukan.
Margolariaren ekarpena da, era berean, zoruaren konposizioa; maila bat du beheko ertzean, irudia marko batean sartuz bezala, eta lore mordo txikiak ateratzen dira hartatik. Bere koadroetan, Anguissolak ez ditu landareak erabateko zehaztasunez deskribatzen, baina honetan zenbait ale bereiz daitezke: bioleta usainduna (Viola odorata), urrabotoia (Tanacetum parthenium), lore bikoitzeko txiribita (Bellis perennis'Plena') eta Gaztelako arrosa (Rosa gallica'Officinalis'), Ama Birjina eserita dagoen harlanduaren ondoan, beharbada Kristoren Nekaldiaren aipamena eginez.
Kromatismo finak, modelatu leunak eta proportzio apur bat luzatuko irudien arteko intimitate dotoreak halako gozotasun eta baretasun berezi batez hornitzen dute konposizioa: Leticia Ruizen hitzetan: "… Correggioren dolcezza sfumata … sumatzen da Sofonisbaren garai hartako obra erlijioso apurretan". Eta ezaugarri horrexek nabarmentzen du berriki eskuratutako obra eder hau, zeinari esker aurreratu baita Bilboko Arte Ederren Museoan emakumezko artisten kronologia XVI. mendera.
Sofonisba Anguissola (Cremona, c. 1535–Palermo, 1625) Cremonako familia noble batean sortu zen. 1546. eta 1549. urteen bitartean ikasi zuen pintura, Bernardino Campi eta Bernardino Gatti margolarien eskutik. 1559an, Filipe II.aren gortera gonbidatu zuten, Madrilera. Han, Elisabet Valoiskoaren, Elisabet Klara Eugenia infantaren eta Filipe II.aren emazte berri Ana Austriakoaren dama izan zen. Hala, errege familiaren eta gorteko kideen hainbat erretratu margotu zituen. Horietako batzuk, gaur egun Prado Museoan kontserbatuak, Juan Pantoja de la Cruz eta Alonso Sánchez Coello margolariei egotzi izan zitzaizkien, eta 1972ra arte ez zen finkatu Anguissolarenak zirela; hain zuzen ere, garai hartan egiten hasi ziren margolari honi buruzko lehen ikerketak eta hasi zen haren lana aitortzen. Luzaro ezkutuan egon den arren, ordea, Anguissola oso aintzat hartu zuten bere garaiko beste artista handi zenbaitek, hala nola Michelangelok eta Van Dyckek, eta beste emakumezko artista batzuen mailako sona lortu zuen, Lavinia Fontana edo Artemisia Gentileschirenaren mailakoa, besteak beste.
Sofonisba Anguissola (Cremona, Italia, c. 1535 – Palermo, Italia, 1625)
Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak, 1588
Olioa mihisean. 94 x 70 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa
“Sofonisba Anguissolaren Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak obraren analisi botanikoa
Eduardo Barba Gómez
Disponible aquí
Hitzaldia
"Sofonisba Anguissola, dama y pintora"
Leticia Ruiz. Patrimonio Nacional erakundeko, Errege Bildumen zuzendarianal
Maiatzaren 26a, asteazkena, 18:00etan, auditoriumean | Sarrera dohainik. Leku-kopuru mugatua
Dagoeneko eskuragarri dago gure Youtubeko kanalean