Berriak
13-05-24
Roberto Sáenz de Gorbea Bildumaren dohaintza
Windsor Kulturgintza arte-galeria
Roberto Sáenz de Gorbea bildumazale eta galeristak artelan-multzo handi bat eman dio dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari, margolanek, eskulturek, argazkiek eta paperezko lanek osatua. Bilboko Windsor Kulturgintza galeria historikoak osatutako bildumatik dator dohaintza. Roberto Sáenz de Gorbearen aitak sortu zuen, 1971n, eta ia mende erdiz Euskal Herriko arte-panoramako protagonista nabarmena izan zen galeria hori. Roberto izan zen galeriako arte-zuzendari 1981etik aurrera eta 2017an itxi zen arte, eta orientabide guztiz garaikidea eman zion, euskal eszena artistikoari estu lotua.
Dohaintza berrehun margolanek eta eskulturak eta paper gaineko obren funts handi batek osatzen dute, ehun eta berrogeita hamar bat artista inguruk sortuak. Horrez gain, galeriak jarduera bizia izan zuen bost hamarkadetan sortutako funts dokumental baliotsua ere dohaintzaren parte da. Balio historiografiko handiko material horiek Museoko Liburutegiaren eta Artxiboaren parte bihurtuko dira, eta, hala, euskal arte garaikidea aztertzeko oinarrizko iturri bat gehituko da.
Jatorrian Bilboko Portuko Markesaren kaleko 10. zenbakian zegoen Windsor. 1971n, ibilbideari ekin zionean, bere izenak duenaren adinako kutsu ingelesa zuen kafetegi dotore bateko beheko solairuan. Miguel Sáenz jabearen arterako zaletasunak euskal artisten margolanen eta eskulturen erakusketarako eta salerosketarako gune izatera bideratu zuen azkenean: Aurelio Arteta, Francisco Iturrino, Ramiro Arrue eta Benito Barrueta izan ziren, besteak beste, han erakusketak egiten lehenak. Bildumagileak eta artezaleak hasi ziren galeria berezi hura bisitatzen, eta ideiak eta kezkak partekatzeko bilgune bihurtu zuten. 1977 eta 1981 bitartean, arte-erakusketekin batera, beste kultura-ekimen batzuk ere hartu zituen, hala nola poesia errezitaldiak, hitzaldiak, tertuliak eta liburu-aurkezpenak.
Lehen erakusketa profesionala 1972an egin zen, ordurako hilak ziren hainbat euskal artistaren –Ignacio Zuloagarengandik Juan de Aranoarenganaino– erakusketa kolektibo batekin. Horren ondoren, jardunean zeuden tokiko sortzaileei buruzko beste bat etorri zen; artisten artean, Arturo Acebal Idígoras, José Barceló, Ciriaco Párraga eta Carmelo García Barrena zeuden.
1977an, Roberto Sáenz de Gorbea galeriaren kudeaketa-lanean hasi zen. Urte batzuk geroago, 1981ean, zuzendaritza hartu zuen eta erakusketa-lerroa arte garaikidera eta Bilboko Arte Ederren Fakultatean sortutako artisten sustapenetara bideratu zuen. Gainera, lokalaren espazioa berritu zuen, euskal arte garaikidean bidea irekitzen ari ziren erakusketa-eskakizun modernoetara eta arte-praktika garaikideetara –bideoa, instalazioak…– egokitzeko. Galeriaren izena ere eguneratu zuen, Windsor Kulturgintza izena emanda.
Sáenz de Gorbeak ordezkatutako artisten katalogoan, Txomin Badiola, Darío Urzay, Jesus Mari Lazkano eta, berriena, Kepa Garraza sartu ziren, besteak beste. Haiekin batera, Joan Miró, Antoni Tàpies, Carmen Calvo, Luis Gordillo, José Manuel Broto eta Guillermo Pérez Villalta sortzaile espainiarrak ere sartu ziren.
Etapa berri horretan, anaia, Xabier Sáenz de Gorbea arte-kritikari, irakasle eta ikertzailea, izan zuen lagun. Haren bizikide Sonia Ruedak Espainiako eta Euskal Herriko arte garaikidearen historiografia artistikoari buruzko artxibo pertsonala eman zion dohaintzan museoari, 2020an.
1989an, Windsor Kulturgintza beste lokal batera aldatu zen, Juan de Ajuriagerra kaleko 14.era, eta bertan egon zen 2017an itxi zen arte.
Ehun eta berrogeita hamar artista ingururen berrehun artelanek baino gehiagok osatua, Sáenz de Gorbearen dohaintza Windsor galeriaren ibilbide profesionalaren irudikapen fidagarria baino gehiago da. Horrez gain, autoreak eta lanak hautatuz, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan batez ere Euskal Herrian gertatu zen artearen ikuspegi adierazgarria ematen du.
Gerraosteko euskal eskulturan duen berezitasunagatik, Ramón Carreraren obra-multzoa nabarmentzen da. Emen taldeko kide izan zen, Windsorren egin zuen lehen erakusketa, 1981ean, eta galeriarako erreferentziazko artista izan zen: harekin sartu zen lehen aldiz euskal abangoardia galeriaren programazioan. Haren belaunaldi berekoa da Pedro Manterola, margolari, irakasle eta Oteiza Fundazioko zuzendari ohia. Lanen artean, laurogeiko hamarkadan euskal eskulturak izandako protagonismoa nabarmentzen duten pieza garrantzitsuak ere badaude, José Ramón Sáinz Morquillas belaunaldien arteko lotura dela. Baina galeriarentzat garrantzi berezia duen pertsona bat Iñaki de la Fuente margolaria da.
Txomin Badiolaren lanak (1982an, 1984an eta 1985ean egin zituen erakusketak galerian), Pello Irazurenak (1985ean egin zuen erakusketa), Ricardo Cataniarenak eta Xabier Elorriagarenak ere badira, baina horrez gain badira urte horietako pinturaren adibide garrantzitsu batzuk ere, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortázar, Daniel Tamayo, Dario Urzay eta Alberto Rementeríaren lanak, besteak beste, gutxi batzuk aipatzearren.
Francisco Ruiz de Infante, Alberto Oyarzabal, Alberto Peral, Paco Polán, Luis Candaudap, Edu López, José Ramón Amondarain, Manu Muniategi, Jon Mikel Euba, Pablo Milicua eta Juan Ugalde ere presente daude bilduman, lan garrantzitsuekin. 1990eko hamarkadaren hasieran euskal eszena artistikoan sartu ziren eta bakarkako erakusketak ere egin zituzten Windsoren.
Roberto Sáenz de Gorbeak eta Windsorrek Estatuko beste galeriekin ezarri zituzten harreman- eta laguntza-sarearen lekukotza dira Alfonso Albacete, Nacho Criado, Antón Lamazares, Curro González, Javier Valdeón eta Concha Jerezen lanak, horiek ere dohaintzaren parte.
Estatuko artearen mundura sartzen joan ziren emakume gero eta ugariagoen lana bikain ordezkatuta dago hainbat artistaren piezen dohaintzarekin, hala nola honako hauenak: Juana Cima, Clara Gangutia, Begoña Goienetxea, Carmen Isasi, María José Lacadena, Menchu Lamas, Iratxe Larrea, Carmen Olabarri, Merche Olabe, Leyre Ormaetxe, Mertxe Périz, Sonia Rueda, Dora Salazar eta Rita Sixto.