Berriak
19-07-24
Obra Gonbidatua Itsasmuseumen
Valentín de Zubiaurreren "Itsasoaren biktimen alde"
Gaur goizean, Leixuri Arrizabalaga Itsasmuseum Bilbaoren presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Miriam Alzuri Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak Valentín de Zubiaurre margolariaren (Madril, 1879ko abuztuaren 22a – Madril, 1963ko urtarrilaren 24a) Itsasoaren biktimen alde margolanaren lagapena aurkeztu dute, Itsasmuseum Bilbaoren Obra Gonbidatua programaren zazpigarren edizioan.
Obra Gonbidatua programak lankidetza-esparru bat ezartzen du Arte Ederren Bilboko Museoaren eta Itsasmuseum Bilbaoren artean. Esparru hori 2018an hasi zen, helburu bikoitzarekin: Itsasmuseum Bilbaoren erakusketa-proposamenari dinamismoa ematea eta bere aretoetan ehun urtetik gorako Bilboko pinakotekako obra bereziak berriro testuinguruan jartzea, itsasoari eta Bizkaiko itsas historiari lotutako beste ikuspegi bat eskainiz. Ekimen horri esker, elkarrizketa berritzaile eta koherentea sor daiteke aldi baterako lagatako obren eta lurraldeko itsas kulturaren eta ondarearen pieza adierazgarrien artean.
Zubiaurreren lana Itsasmuseum Bilbaon egongo da ikusgai hurrengo hilabeteetan, itsas salbamendurako, sinesmenetarako eta teknikaren aurrerapenetarako gunean. Leku oso koherentea da, hain zuzen ere, itsasoan hil diren eta oraindik ere hiltzen diren pertsona guztiei omenaldia egin nahi dien obra batentzat.
Valentín de Zubiaurreren Itsasoaren biktimen alde programaren zazpigarren lana da, honako hauen ondoren: Quintín de Torreren Lemazaina eskultura (1913) eta Julián de Tellaecheren Txo Zuria (1922-1924), Jesus Mari Lazkanoren Bilbo MMX (2010), Mari Puri Herreroren Itsasontzi urdina (1985-1986), Álvaro Alcalá Galianoren Eguraldi txarra. Holanda eta berriki kendutako Aurelio Artetaren Burtzeñako zubia pinturak.
Valentín de Zubiaurre (Madrid, 1879 – Madrid, 1963)
Valentín Zubiaurre 1879an jaio zen Madrilen, eta gorra izan zen jaiotzatik. Ramón anaiarekin batera, San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, eta, bertan, besteak beste, Carlos de Haes, Moreno Carbonero, Antonio Muñoz Degrain eta Alejandro Ferrant izan ziren bere maisuak. Euren eskutik, hain zuzen ere, akademizismoa eta historiako pintura ezagutu zituen. Ikasketa horiek amaitutakoan, Herbehereetatik, Frantziatik eta Italiatik bidaiatu zuen. 1905-1906an, Parisen, Napolin eta Vienan egon zen, eta modernismoaren eragina jaso zuen. Erakusketa Nazionaletan egin zen ezagun, 1917. urteko edizioan lehen domina irabazi zuen-eta. Nazioarteko arrakasta 1918tik 1936ra iritsi zitzaion, euskal kostunbrismoa gustuko gai bihurtu zuenean. Dena dela, Gaztelako eta Segoviako paisaiak ere hartu zituen erreferentziatzat, Ignacio Zuloagaren antzera. Pintzelada xeheen estilo pertsonalaren bitartez, errealismo biziko irudiak marrazten zituen. Konposizioko lehen planoan, zeramikazko gauzak, pitxerrak edo frutak jartzen zituen, natura hilak sortzean trebetasun handia zuela egiaztatzeko. 1945ean, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako akademiko egin zuten, eta, 1957an, ohorezko domina eman zioten Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, bere lan-ibilbidearen omenez. Valentín Zubiaurre Madrilen hil zen 1963ko urtarrilean.
Laguntzailea: