Tauromakia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Tauromakia

Goya y Lucientes, Francisco de

Fuendetodos (Zaragoza), 1746/03/30 - Bordele (Frantzia), 1828/04/16

Urtinta, akuafortea, xixela eta punta lehorra

1815-1816

82/834

1931n eskuratua

Goyak Gerraren hondamenak izenburuko seriea amaitu zuen urte berean, 1815ean, eman zion hasiera bere hirugarren grabatu sorta handiari, Tauromakia izenburukoari. 1816. urtean argitaratu zuen lehen edizioa, hogeita hamahiru plantxak osatua, eta Parisen 1876an plazaratutako hirugarren argitaraldian beste zazpi estanpa gehitu zizkion serieari; hortaz, berrogei grabatu bilduko zituzten harrez gero argitaratutako bildumek. Eta hain zuzen ere berrogei grabatu biltzen ditu gure Museoko serieak, laugarren argitaraldikoa baita, lehenengoaren ostean kalitate handienekoa omen dena. Markoarena egiten duten marra lodiez inguraturiko berrogei irudi hauetan bere zaletasunetako bat islatu zuen Goyak indar handiz, zezenketa alegia.

Aurreneko laminek tauromakiaren jatorria eta historia irudikatzen dituzte, Cid Campeador, Karlos V.a eta mamelukoen modura jantzitako mairuak bezalako pertsonaiak ari dira zezena jokatzen edo beren trebetasunak agerian uzten. Lagun eta olerkari Leandroren aita Nicolás Fernández de Moratínek idatzitako Carta Histórica sobre el origen y progresos de las Fiestas de Toros en España testuan (1777an argitaratua) oinarritu zen Goya aurreneko irudi horiek lantzeko.

Beste irudietan zezenketaren beste zatiak daude irudikatuta, pikaldiak, ezpata ukaldiak eta gisakoak, XVII. mende amaieran eta XVIII. mende hasieran zezenketak jada araututa egiten ziren moduan irudikatuta. Beste irudi batzuetan garaiko toreatzaile ospetsuenak ageri dira, esate baterako, Martintxo eta Pedro Romero, baita dramatikotasun handiko eszenak ere, esate baterako Pepe-Illo zezen plazan hiltzen.

Serie honetan Goyak ongi asko islatu ditu zezenketarien balentriak eta zezenaren izaera basa mugimendu betean, agerian utzi du guztiz menderatzen duela teknika hau, izan ere, ordura arte gubilaren edo zizel txikiaren bidezko marrekin lortu ez zituen ñabardura ezin aberatsagoak erdietsi zituen teknika honen bidez. (Ana Sánchez-Lassa)

Bibliografia hautatuta

  • Lafuente Ferrari, Enrique. Goya : gravures et lithographies : oeuvre complet. París, Arts et métiers graphiques, 1961. pp. 169-213.
  • Harris, Tomas. Goya : engravings and lithographs. Oxford, Bruno Cassirer, 1964. 305-364.
  • Paas-Zeidler, Sigrun. Goya : caprichos, desastres, tauromaquia, disparates : reproducción completa de las cuatro series . Barcelona, Gustavo Gili, 1980.
  • Lafuente Ferrari, Enrique. La Tauromaquia. Barcelona, Gustavo Gili, 1981.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 30-33.
  • Francis Bacon : de Picasso a Velázquez [Cat. exp.]. Madrid, Turner ; FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016. pp. 164-166, 204, n° cat. 67. (Participó la serie completa)