Scena D'Invenzione del Cavalier Bibiena rappresentante Sala Reale - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Scena D'Invenzione del Cavalier Bibiena rappresentante Sala Reale

Galli Bibiena, Giuseppe

Parma (Italia), 1696/01/05-Berlin, 1756

Akuafortea paperean

36,3 x 50 cm (papera) 32,1 x 48,4 cm (orbana)

J. G. Bibiena inven. et delin. (ángulo inferior izquierdo del margen del papel), A. O. Sculp. (ángulo inferior derecho del margen del papel)

94/31

1994an eskuratua

Giuseppe Galli Bibienak asmatu zuen eszena hau (hemen alderantzikatuta ikusten dugu, ispilu batean bezala) Poloniako Erregegaiaren eta Saxoniako Hauteslearen ezkon hitzak omentzeko, jatorrizko irudiaren oinetan irakur daitekeen inskripzio honen arabera: Scena della Festa Teatrale in ocassione delli Sponsali del Principe Reale di Polonia ed Elettore di Sassoni. Johann Andreas Pfeffel (Bischofingen, 1674 - Augsburgo, 1748) izan zen grabatzailea, eta plantxa hau eta egile horrek landutako beste batzuk Augsburgon argitaratu zituzten 1740. urtean Architetture e Prospettive izenburupean. Museoko irudiaren behe eskuineko bazterrean ageri dira egilearen inizialak, A.O., segur asko Ambrogio Orio (Bassano, 1737 - 1825) grabatzaile italiarrari dagozkio; era berean Italiako iparraldeko Bassano hirian sortutako Volpatoren ikaslea izan zen Ambrogio Orio. Pfeffelen jatorrizko grabatua apur bat handiagoa da (34,5 x 51,5 cm). Irudiaren oinetan irakur daitekeen inskripzioa bestelakoa da. Bada lumaz eta pintzelaz egindako marrazki bat grabatu honen berdin-berdina dena, neurri bertsukoa (32 x 49,5 cm), Trentoko Cesarini Sforza bilduman; segur asko tailer berean landua da Giussepe Galliren zuzendaritzapean.

Grabatu honetan agerian geratzen da Giuseppe Galli Bibienaren fantasia eszenografikoa, antzoki handi bateko agertoki handi bat dirudi. Hiru galeria gurutzatzen diren puntuan oturuntza egiten ari da errege familia. Mahaian jarrita bost lagun ageri dira janzkera nabarmenarekin; bi mirabek zerbitzatzen diete, eta beste bi musika talde exotikok girotzen dute ingurua (musikarien irudiak oso txikiak dira, agertoki handian galtzen direla ematen du). Erdiko galerian dago ihes puntua, infinituraino luzatzen dela ematen du, eta horrek sakontasun efektua ematen dio konposizioari. Alboetara irekitzen dira alde banako galeriak. Barrunbe osoa rococo estiloan dago oparo dekoratuta, betiere simetria zehatzaren eta bikainaren arabera antolatuta, egile honen fantasia eszenografikoa agerian utzirik. (Ana Sánchez-Lassa de los Santos, 2005)

Bibliografia hautatuta

  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 58-61.