Sardina-saltzaileak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Sardina-saltzaileak

Ortiz de Urbina, Lucio

Bilbao, 1892/02/18 - Bilbao, 1986/06/19

Ikatz-ziria eta gouache

48,8 x 59,3 cm

L.O. Urbina (eskuineko beheko angelua)

82/1875

Jatorri ezezaguna

Lau obra hauek erakusten digute Lucio Ortiz de Urbinak behin betiko alde batera utzi zituela Parisen egon zen bitartean izan zituen aire moderno haiek. Parisen eman zuen ikasketa aldiak bat batean amaitu behar izan zuen Lehen Mundu Gerra hasi zenean. Itzuli zenean Euskal Artisten Elkarteko aretoan antolatutako erakusketan nagusi izan ziren gaien ondoren -Montmartreko bohemio haiek, neskatila hetiko haiek, zurbilak, katu begiradarekin, burugaineko itxuragabeekin, beren sentsualitate morfinaikoarekin-, hurrengo hamarkadetako sorkuntza lanean alde batera utzi zituen gai eta mintzaira pertsonalagoak.

Euskal estanpez elikatzen zen merkatu baterako obrak dira lauak, gaiari eta estetikari dagokienean batere zorrotza ez zen publikoaren gustukoak, jada bereganatuak baitzituen generoaren koordenada errazak, José Arrúe, Ángel Cabannas Oteiza, Carlos Landi, David Álvarez edo Luis Boada bezalako artistek ilustratutako postal sailetan ezagutzera emanak izateagatik, neurri handi batean. Izan ere, Erromeriara izenekoak antza handia du Carlos Landik 1920ko hamarkadan Tolosako Gráficas Laborde enpresak argitaratutako sail batzuetarako egin zuen izen bereko postalarekin. Bi obra horietako pertsonaia nagusiak, fisonomian eta jantzietan izan ditzaketen aldeak bazter utzita, oso antzera kokatuak ageri dira: gazte baserritarren bikotea ezkerraldean, eskuak gurutzatuta, eta danbolin jotzailea eskuinean. Antzekotasunek jarraitzen dute hondoan ere; han dagoen ermita ia berdina izateaz gain, erromesak ikus ditzakegu urruti, eskuak goratuta dantzan aurrera doazenak.

Merkatura izeneko obran beren produktuak daramatzaten emakume baserritarrak, friso moduan garatutako eszenan, guztiz topikoak dira, Sardina saltzaileak obrakoak bezalaxe. Mota eta jarrera galeria gisa aurkezten dira haiek eta murriztapen alegorikotik hurbil ibiltzen dira batzuetan. Ikus modeloa nola errepikatu den lehen planoko bi emakumeen kasuan, ia estatua gisa egokituak daude eta ia ez dago alderik bataren eta bestearen artean. Segur aski patroi hori sarritan erabiliko zuen era honetako obretan. Izan ere, saskia buru gainean duen sardina saltzaileak arrantzaleak izeneko obrako eszena batean sartutako beste baten irudia ematen du, azken hori olioz egina, eta Museoan kontserbatu dena halaber (Inb. Zk. 84/70)

Bilbo erromantikoa obran, aldiz, Ortiz de Urbinak hiri ikuspegia eskaintzen du, baina inolako originaltasunik gabe oraingoan ere, Manuel Losadak behin eta berriz hedatutako proposamenekin loturik baitago argi eta garbi. Guztiz ohikoa da erreproduzitutako eskema: neska gazte bat ala batzuk buruko oihalarekin paseatzen hirigintza hedapenaren aurreko Bilborekin loturiko paisaien aurrean. Kasu honetan San Anton eliza eta 1882. urtean eraitsitako zubi zaharra izango lirateke.

Akuareletan, itxitura lerro markatua eta kolore distiratsuak, tonu aldaketa txikiekin, erabiltzeko arrazoia izan liteke Bilboko Vidrieras de Arte etxerako egin ohi zituen proiektuen eragina, edo beiratera eramateko proposamenak izango ziren agian. Sardina saltzaileak obran, aldiz, marrazkiak protagonismoari eutsi arren, ñabardura asko sartzen ditu. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 254-257, 262-263, n° cat. 107.
  • Itsasoa artean, itsaroaren artea : Bilboko Arte Ederren Museoko Bilduma = El mar en el arte, el arte del mar : colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa-Museo Marítimo Ría de Bilbao, 2010. pp. 31, 88.