San espedito ? - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

San espedito ?

Anonimoa. XVIII. mendearen amaiera

Brontzea

6,89 x 2,71 x 1,42 cm

82/912

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizonezko baten irudia, zutik dago, bi zango zuzen eta paraleloen gainean hartzen du atseden. Erromatar jantzi militar klasikoarekin dago jantzita, jantzi horiek ezaugarri orokorretara laburtuak direla. Aztalerainoko botak ditu jantzita, boten goiko atala nabarmen irtena dela. Tunika labur batez dago jantzita, tunikaren toles bertikalak ezkerretarantz inklinatuta. Soina babesteko halakretak oso launa bakunak ditu beheko aldean eta sorbaldetan. Ezkerreko sorbaldaren gainean gurutzatutako paludamentum batez estaltzen da, angelua eratuz erortzen zaio bizkarraldean behera belaunen atzeraino, toles bertikalak ditu eskuinaldean eta toles zeiharrak ezkerraldean. Agerian du eskuineko besoa, gorputzaren alboari luze itsatsita. Ezkerrekoa aurrerantz du tolestuta paludamentumari eskuz eusteko, eskua aurrerantz zabalduta duela itxura batean objekturen bati heltzeko. Gazte bati dagozkion hazpegiak ditu, sudur zabala eta begi obalak. Antza ile kizkurrak ditu, ile xerlo harrotuagoa kopeta gainean.

Modernoa dirudi brontzearen itxurak, eta jantzien konposizioa, laburtuta baititu enperadoreei eta jainkoei berezkoak zaizkien erromatar jantzi militarren elementuak, erromatarren garaiko martiri kristauen irudiak irudikatu ohi diren interpretazio aski berriari dagokio. Beste elementu batzuez gabeturik dagoenez, ez dago zehatz identifikatzerik, ezkerreko eskuan gurutze bat edo martirioaren ereinotza eraman baitzezakeen, pertsonaia horietatik askok eta askok eraman ohi duten bezala.

Egoneko jarrerak eta gazte fisonomiak antz handia dute Prokulo, Maurizio eta Expedito bezalako santuen irudiekin. Expedito santua da hiru horien artean azken mendeetan irudi kopuru handiena sorrarazi dituena. Oso garrantzi txikiko santua izan zen San Expedito XVIII. mende amaieran Parisko moja batzuek uste izan zuten arte santu horri zegozkiola Erromatik "in expedique" adierazpenarekin (hots, igorketa modua baizik ez du adierazten esaldi horrek) jasotako erlikia batzuk. Hala eta guztiz ere, gertaera miragarri batzuekin lotu zuten berehalakoan, zabaldu egin zen harenganako gurtza eta oso santu ezaguna bihurtu da premiazko kontuak gainditzeko. Erromatar ofiziala zen martiri kristaua, eta ezin azkarrago kristautzeko erabakia hartu zuen, "Kras!" (Bihar!) oihu egin zion belea oinpean hartzeko eta "Hodie" (Gaur) dioen gurutzea goratzeko bezain azkar. Gainera, ustez Fulminata legioan agintaria zenez, jarduteko bizkortasunaren ikur bihurtu dira sinbolo horiek, eta martiriaren izenak ere ideia hori sendotzen du. Kontua da ikonografia modernoak erromatar jantzi militarraren elementu topikoenak jaso dituela, esate baterako halakreta eta paludamentum handia, eta horiek errepikatu egiten direla gurutzearen, belearen eta martirioaren ereinotzaren ondoan. San Expeditoren irudiek antz handia dute gure brontzearekin, haren objektuak betikoz galdua den idulkian egon baitzitezkeen (gainean ageri ohi baita belea), eta hautsia duen eskuan (gurutzeari heldu ziezaiokeen). Nolanahi ere den, gure brontzeak San Expeditoren irudietan erabili ohi diren ezaugarriak dituenez, santuaren irudi goiztiarra dela esan genezake, XVIII. mende amaierakoa, edo erromatar militar martiri batena, esate baterako, egungo ikonografia finkatzeko balio izan duten martirietako batena. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 459-462, n° 94.