Portugaleteko azoka - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Portugaleteko azoka

Luna y Novicio, Juan

Badoc (Filipinak), 1857/10/23-Hong Kong (Txina), 1899

Olioa mihisean

40,5 x 61 cm

LUNA (eskuineko beheko angelua)

c. 1893

69/159

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Irudi honetan ongi asko identifikatu daitezke Portugaleteko Udaletxe berriko arkupeak, El Solar plazan. Lunak margolan hau landu baino hamar urte lehenago eraiki zuten Udaletxea. Era berean, Eiffelen ikasle Alberto de Palaciok diseinatutako zubi eseki ikusgarriaren oinarria ikus daiteke; zubi horrek oraindik lotu egiten ditu Nerbioi ibaiaren bi aldeak, Portugalete eta Bilbo uztartzen ditu. 1893. urtean inauguratu zuten, margolan hau datatu daitekeen urtean hain zuzen. Konposizioaren hondoan azpiegitura modernoak ikus daitezkeen arren, Portugalete bezalako industria eta portu herrietan oso arrunta den egoera bat ekarri du oihal honetara egileak. Gizonak itsasoan eta, batez ere, inguruan egokitutako labe garaietako batean ari ziren bitartean, emakumeak baratzeetatik eta ukuiluetatik eratorritako produktuen salmenta xumeari emanak bizi ziren; horrenbestez, agerian uzten zuten maila apaleko jendeak egunerokoari eusteko zeukan zailtasuna.

Margolan honetan egonarri handiz eta isilik eskaintzen dituzte beren salgaiak euritako handien azpian babestutako bi emakumek: azen eta azenarioen, oiloen eta untxien kolore biziek eta kartsuek --natura hila osatuko balute bezala zehaztasun osoz deskribatzen baitzaizkio ikusleari-- kontraste handia sorrarazten dute plazako giroa irudikatzen duen hondo gris eta urdin monotonoarekin. Iparraldeko argi astunak, euriak arinduak, espazio laua itxuratzen du, Lunaren estetika bereziarekin bat etorririk, estetika horretan ongi asko antzematen baitira ekialdeko eraginak. Bigarren planoan, alde batean, beste bi emakume ikusten ditugu zutik, baina emakume horien presentziak ez du sakontasun falta erabatekoaren sentsazioa arintzen; gainera, sentsazio hori areagotzen du plazako harrizko zoruaren gaineko uraren protagonismoak, harrizko zoru hori, ehunduraren ikuspegitik, margolan osoan nagusitzen den zeruaren antzekoa delarik. Luna behatzaile modernoaren izaera salatzen duten molde honetako ikuspegiak eta hiriko eszena txikiak aurki ditzakegu egile honen produkzioan, baina batez ere helduaroan landu zituen horrelakoak, laurogeita hamargarren hamarraldian, artistak garrantzirik gabeko irudiak, egilearen obra ezagunenak famatuko zuten hizkuntza epikotik urrun, betikotzeko premia sentitu baitzuen sarritan.

Bizkaian izan zenean Portugaleten eta Bilbon bizi izan zen, horixe salatzen dute hiri hartatik lagun eta ministro zuen Víctor Balaguerri (1824-1901) igorri zizkion gutunek. Euskal Herrian izan zituen bi mezenas garrantzitsuenen bidez izan zituen halako loturak Portugaleteko hiriarekin. Víctor Chávarri (1854-1900) eta José María Martínez de las Rivas (1850-1916) mezenas ez ezik politikariak ere baziren, eta horiei zor die Luna artistak hilabete haietan zehar burura eramandako margolan handiak lantzeko ekimena.

[Carlos G. Navarro, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 53, n° cat. 214. (Con el título Mercado, y atribuido aJuan Luna y Novicio)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 71, n° cat. 159. (Con el título Mercado en Portugalete, y atribuido a LUNA Y NOVICIO, Juan).
  • España fin de siglo, 1898 [Cat. exp.]. Barcelona, Fundació la Caixa, 1997. p. 139, n° cat. 130.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 420-421, n° cat. 87.