"Parisko Guardia Nazionala Armadarantz abiatu da 1792an" lanerako zirriborroa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

“Parisko Guardia Nazionala Armadarantz abiatu da 1792an” lanerako zirriborroa

Cogniet, Léon

Paris, 1794/08/28-Paris, 1880/11/20

Olioa mihisean

80 x 64,2 cm

c. 1835-1836

69/64

Laureano de Jado jaunaren dohaintza 1914an

1837. urtean, Frantziako Historia Museoa inauguratu zuen Luis Felipe Orleanskoa errege frantsesak. Horretarako, Versaillesko jauregia birmoldatzeko eta egokitzeko eskatu zuen Luis Felipek, hantxe ezarri baitzen pinakoteka. Era berean, Frantziako historia erakutsi ahal izateko obrak egiteko agindua eman zien garai hartako artista askori, historia horretako protagonista nagusietako batzuen erretratuak egiteaz gainera. Frantziako loria nazionala goraipatzeko zeregin horrekin loturik, lana amaitu zenean, mila obra baino gehiago zeuden eginak, koadroen eta eskulturen artean, eta museo berriko gelak dekoratzera pasa ziren guztiak.

Proiektu eskerga horrekin loturik, inauguratu baino urtebete lehenago gutxi gorabehera, "Parisko Guardia Nazionala Armadara abiatzen 1792. Urtean" obra egiteko eskaera jaso zuen Cogniet-ek (oihalaren gaineko olioa, 189 x 204 cm. Musée National du Château et des Trianons, Versailles). Frantziako Iraultzako pasarte zehatz eta gutxi ezagun batekin loturik dagoen obra horren zirriborro hau kontserbatu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Horren harira, eszena ondo ulertu ahal izateko, jakin behar da 1792. urtean Brunswickeko duke prusiarrak adierazpen bat idatzi zuela, eta hartan, Parisko herriari mehatxu egiten ziola Koroa frantsesari eraso egiten bazion. Ultimatum hori aurrera eraman zen 1792. urtean Parisera oste etsaiak bidalita, eta data horretan, bertan behera gelditu zen monarkia frantsesa eta haren ordezkariak espetxeratu egin zituzten. Une horretatik aurrera, Parisen izandako gertaera garrantzitsuena Cognit-ek bere obran irudikatu zuena izan zen, hain zuzen ere. Hari buruz, Eudoxe Soulié-ek ondoko adierazpen hauek egin zituen Cogniet-en koadroarekin batera zihoan testuan Versaillesen bildutako obren gida batean: 1792. urte amaieran, Brunswickeko dukearen adierazpen ospetsuak Frantziari jakinarazi zion potentzia armatuek bere aurka zein asmo eta proiektu zituzten eta jakinarazi zion halaber, ekintzarako prest zeuden 120.000 gizonek osaturiko armada iritsiko zela bere mugetara. Une hartan, Biltzar Nazionalaren dekretu batek, erregeak zigortua, adierazi zuen aberria arriskuan zegoela. Dekretu haren aldarrikapena hotsandiz aplikatu zen toki guztietan; denak batera armadara joateko adibide handia eman zuen Parisko Guardia Nazionalak, eta egun gutxitan bere hormetatik 48 batailoi armatu eta ondo hornitu ateratzen ikusi zituen Parisko hiriak; 35.000 gizon izan ziren guztira aberria defendatzera zihoazenak, eta azkenean garaile atera zen hura.

Zirriborro txikiago eta zatikako batekin bat dator Museoko obra. Ezkerreko aldea falta zaio eta horrek desorekatu egiten du Versailleserako margolanaren konposizioa, eta margolariak hura egiteko erabili zuen prozesua antzemateko aukera ematen du aldi berean. Horren harira, obraren eskuineko aldean, Louvreko jauregia ageri da eskematikoki marraztua; Pont Royal zubiaren zirriborroa ere ageri da hondoan, iraultzaren ondoren Pont National bilakatu zena; lehen kolore inprimatzea falta da bietan, jauregiaren kasuan estalkiak bakarrik duena. Eszena nagusiari dagokionean, Guardia Nazionala ageri da bertan Pont Neuf zubian bildua, behar bezala antolatu eta armadan sartzeko Paristik abiatzen, irudiak eta gainerako elementu eszenografikoak erdi marraztuak daude eta azken obran bezala egokituak. Bestalde, Museoko obrak kolore biziak ageri ditu, graduaziorik gabe, eta baita xehetasun batzuetan, orbanen bidez, zirriborroak izan zuen balio kromatikoa erakusten duten alderdi batzuk ere. Hala eta guztiz ere, diferentziak alde batera utzita, kolore multzoa bat dator Cogniet-ek azken obrari eman zion kolore zentzuarekin. Era berean, argia ere, hain dirdaitsua ez izan arren, Versaillesko obrarenaren antzera bideratu zuen, argi eta itzal eremu berdinak sortuz.

Zirriborrora heda daitezke 1836ko Erakusketa Ofizialean erakutsi zenean jaso zituen kritiketako batzuk, koadro argitsua zela, inolako estilorik gabea, baina atsegina koloretako biñeta gisa, esan zuena, esate baterako. Versaillesko Museoan dagoen koadro honek bide berri bat zabaldu zion M. Léon Cogniet margolariari. Bide horrek juste mileu delakoaren aipua egiten du, alderdi neoklasikoak eta jarrera nabarmenduak konbinatzen dituen estiloa, hain zuzen; guardia hitzez adoretzen duen jendetzan ikus daitezkeenak, balioen transmisioari buruz ilustraziotik datorren kontzeptua,... nolabaiteko erromantizismoarekin, beste ezaugarri batzuen artean, gai herrikoien bidez lortzen dena, konposizio berezia, argiaren erabilera berezia eta kolore multzo jakin bat.

Parisko Guardia Nazionala Armadara abiatzen 1792. urtean obrarekin, Versaillesko jauregiko museo berrirako irudikapen historikoen sorta margotzeari ekin zion margolariak. Sei urte inguru eman zituen lan horretan eta margolanak egiteko, bere tailerreko hainbat ikasleren laguntza behar izan zuen batzuetan. Horren harira, honako hauek egin zituen obra honen aurretik: Limburgeko gudua, 1796, Rivoliko gudua, 1797 (Guduen Galeriarako egina), Isonzoko pasabidea, 1797 Georges Guyon-en laguntzarekin egina, Prise de Laibach, 1797, Diersdorfeko gudua, 1797 Karl Girardet-en laguntzarekin (1813-1871), Chebreisseko gudua, 1798, Sedinameko gudua, 1798 Jules de Vignon-en laguntzarekin (1815-1885), Monterosiko gudua, 1798, Gudua Hesney-ren aurrean, 1799, Mont-Thaboreko gudua, 1799 Felix Philippoteaux-en laguntzarekin (1815-1884) eta 1843ko Erakusketan erakutsia, eta Heliopolisko gudua, 1800 Karl Girardet-en laguntzarekin oraingoan ere eta hau ere 1843ko erakusketan erakutsia. Guztiak ere Versaillesko Musée National du Château et des Trianons museoan daude gaur egun. Hantxe daude halaber, Cogniet-ek 1831. urtean egindako bi erretratu, Luis Felipe, gaztea eta Maison mariskalaren gorputz osoko erretratua.

Historia militar frantsesarekin loturik, aipaturikoez eta Napoleon Egipton egindako kanpainan jasotzen duen Louvrerako dekorazioaz gain, beste obra gogoangarri batzuk ere egin zituen Cogniet-ek. Parisko Udalak eskatu zion koadroa, esate baterako, 1822ko Erakusketan aurkeztu zena, Logroñori eraso egin eta hartzea. Logroño hartu zutenean Matrau izeneko danborrari gazteak izan zuen ausardia erakusten du hark. Era berean, aipatzekoak dira Errusiako kanpainako (Armada frantseseko granadari bat Moskun) eta Espainiako gerrako eszena militarrak (Napoleonen tropek Santoña hartzea), biak ere 1827ko Erakusketan aurkeztuak, edo 1831ko Erakusketan erakutsi zuen obra, 1830eko uztaileko eszena, Banderak lanarekin batera (biak Orleansko Musée des Beaux Arts museoan) 1830eko uztailaren 27, 28 eta 29ko hiru iraultza egunak gogora ekartzen dituztenak. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 17, n° cat. 30. (Con el título Escena de la revolución francesa. (Sin terminar), y atribuido a León Cogniet)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 29, n° cat. 64. (Con el título Escena de la Revolución Francesa, y atribuido a León Cogniet)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 130-133, n° cat. 11.