Nire emaztearen erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Nire emaztearen erretratua

Oteiza, Jorge

Orio, Gipuzkoa, 21/10/1908 - Donostia, 09/04/2003

Igeltsu

33 x 16 x 23 cm

OTEITZA (atzealdeko, behealdea)

1947

11/1

2011n eskuratua

Jorge Oteizaren ibilbide artistikoa XX. mendearen hogeita hamarreko hamarraldian hasi zen, eta berehala lortu zuen eszena artistikoaren eta akademiaren babesa. 1931n eta 1933an, egile gazteak eskulturako lehen saria eskuratu zuen Gipuzkoako artista berrien lehiaketetan, eta laster hasi zen garai hartako ikuspegi kulturalean artista modura agertzen.

Garai hartan, modu aktiboan parte hartu zuen Oteizak berrikuntzan, beste euskal artista gazte batzuekin batera -Nicolás de Lekuona, Narkis Balenciaga eta José Sarriegui, esaterako-, euskal artea eguneratzeko xedez, mende hasieratik nazioartean pintura eta eskultura eraberritzen ari ziren abangoardia mugimenduei loturik. Oteizak Lekuona eta Balenciagarekin Donostiako Kursaalen egindako erakusketatik -1934- urtebetera, Latinoamerikara abiatu ziren Oteiza eta Balenciaga, eta 1948ra arte jardun zuen bidaiatzen Oteizak. Testuinguru horretan egin zuen Nire emaztearen erretratua, 1947an, Ameriketako egonaldiaren azken urteetan; Kolonbia, Ekuador eta Perun ibili zen garai hartan, Buenos Airesera eta handik Bilbora itzuli arte. Aldi hartan, irakasle lanetan ez ezik, jarduera artistikoan eta idazle lanetan nabarmendu zen; hain zuzen ere, saiakerak argitaratu zituen, horietako batzuk funtsezko testuak bere iruditeria estetikoaren edukia ulertzeko, adibidez, Carta a los artistas de América. Sobre el arte nuevo de postguerra e Interpretación estética de la estatuaria megalítica americana, handik urte batzuetara argitaratua.

Henry Moorek berrogeiko hamarraldian proposatutako espazialtasun organizista berria izan zen Oteizaren garai hartako obren erreferentzia nagusia; une hartan, eskulturaren izaera espaziala anplifikatzeko lanari heldu zion, gorputz edo irudiaren ideiari loturik baitzen artean, baina argi erakutsiz adierazpen figuratiboaren mugak gainditzeko borondatea, hizkuntza konstruktibo, egiturazko eta sintetikoago batean sakontzeari begira. Orduko obren dinamismo gero eta nabarmenagoaren aldean, bere emazte Itziar Carreñoren erretratu honekin erregistro bare eta arkaizatzaileagoa berreskuratu zuen Oteizak, eskultura esentzialistaren ildotik, zeina baita nolabaiteko estatismo atenporal batez hornitua. Egileak eskulturaren gorputzaren forma biribilduaren jariotasunarekin kontrastea egiten duten forma eta lerro geometrikoak erabili zituen hazpegiak adierazteko. Handik urte batzuetara, Oteizak Itziarren erretratua (1953) izeneko beste lan bat egin zuen: gestualtasun adierazkor eta aurpegia zedarritzen duten forma nabarmen eta kontraste handikoek ezaugarritutako erliebearekin.

Erretratuaren gaia iraunkorki landu zuen Oteizak bere ibilbidean, ez garai figuratiboko piezetan soilik, baita garai esperimental eta abstraktuenean ere. Gaia errepresentazio eskultorikoari atxikitzeko auzia funtsezkoa da artelanaren erreferentzialtasun ahamenaz duen ikuspegia ulertzeko. (Juan Pablo Huércanos)

Bibliografia hautatuta

  • Oteiza : propòsit experimental = an experimental proposition [Cat. exp.]. Barcelona, Fundació Caixa de Pensions, 1988. p. 76.
  • Oteiza : creador integral [Cat. exp.]. Pamplona, Universidad Pública de Navarra ; Museo Oteiza, 1999. p. 176. (con el título Retrato de Itziar)
  • Subastas Bilbao XXI. Bilbao, Subastas Bilbao XXI, 2011. pp. 80-81
  • Badiola, Txomin. Oteiza : catálogo razonado de escultura. Alzuza, Navarra ; San Sebastián, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa ; Nerea, 2015. 2 v. pp. 97, 404, n° cat. CRIO 1.6.02.000. (con el título Retrato de mi mujer)
  • Badiola, Txomin. Oteiza : eskultura katalogo arrazoitua. Alzuza, Navarra ; San Sebastián, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa ; Nerea, 2015. 2 v. pp. 97, 404, n° cat. CRIO 1.6.02.000.
  • Badiola, Txomin. Oteiza : catalogue raisonné of sculpture. Alzuza, Navarra ; San Sebastián, Fundación Museo Jorge Oteiza Fundazio Museoa ; Nerea, 2015. 2 v. pp. 97, 404, n° cat. CRIO 1.6.02.000.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 63-64, 66, il.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 264-265, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 264-265, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 264-265, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 264-265, sin n° cat.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 90, 95, 97, 100-101, n° cat. 48.